Kataluniako hauteskunde aurrerapenaren eragin nabarmenetako bat izan da Espainiako Gobernuak hartutako erabakia: uko egin dio 2024rako aurrekontuak onartzeari, eta 2025ekoetan jarri dute begirada, nahiz eta negoziazioak jada aurreratuak izan zenbait alderdirekin; besteak beste, EH Bildurekin eta EAJrekin. Biek ere eutsi egin nahi diete esku artean dituzten aferen inguruko elkarrizketei.
EH Bilduk Espainiako Kongresuan duen eledun Mertxe Aizpuruaren esanetan, baina, koalizio subiranistak ez dio uko egingo mahai gainean jarritako gaiei heltzeari, eta «beste bide batzuk» topatu nahi ditu proposamen horiek onartu daitezen 2025eko aurrekontuen inguruko negoziazioa hasi arte itxaron gabe.
Izan ere, EH Bilduko kideak azaldu du iazko aurrekontuak luzatzeak eragin dezakeen «stand by» egoera ez dela onuragarria: «Aurrekontu prozesua martxan zen EAEko hauteskundeen deialdiarekin ere; beraz, euskal gizartearentzat akordio on bat lortzeko negoziatzen jarraitzearen alde genuen, Katalunian aurrerapena emanda ere».
Halere, gehitu du ez dela hartatik «dramarik» ere egin behar. Aitortu du Espainiako estatuan «egonkortasun desegonkor bat» bizi dela, baina Eusko Legebiltzarrerako, Kataluniako Parlamenturako eta Europako Parlamenturako bozen ostean jokaleku politikoa beste bat izan daitekeela, «argiagoa».
EAJren eledun Aitor Estebanek, berriz, ulertzen du Espainiako Gobernuak hartutako erabakia, eta gehitu du aurreikus zitekeen zerbait dela. Batetik, «Kataluniako dinamika konplikatuagatik»; bestetik, jada «berandu» delako aurrekontuez aritzeko. Hala, uste du Katalunian hauteskundeak aurreratu gabe ere posible zela halako zerbait gertatzea.
Estebanek jada jarria du begia 2025erako aurrekontuetan, uste baitu horiek legealdia amaitu bitarte iraun dezaketela: «Badakigu zer abilezia duen Sanchez presidenteak egoera oso zailetan eusteko, baina aurrekontu batekin posible da aurrera egiteko tartea ematea». Horien inguruko negoziazioak azken hauen inguruko elkarrizketen segida izatea nahi du jeltzaleak.
Era berean, Euskal Herriko eta Kataluniako egoerak bereizi nahi izan ditu, Madrilek batean eta bestean izan dezakeen eraginari erreferentzia eginda: «Euskadiko kanpaina eta Kataluniakoa guztiz ezberdinak dira, azken honetan Madrilek eragina izango duelako». Kontrara, uste du EAJk «Euskadira begirako» kanpaina bat nahi duela Eusko Legebiltzarrerako bozen begira.