Ostegunean hasiko da 23. Korrika, eta Euskal Herriaren luze-zabala igaroko du. Alabaina, Euskal Herrian ez ezik, munduko beste 50 lekutan baino gehiagotan ere antolatu dituzte Korrikak.
Parisen, Bruselan, Bartzelonan... egin dituzte edo egingo dituzte euskararen aldeko egitasmoak, baina horietako batean, Madrilen, Korrika egiteko eskatuta zeukaten baimena ukatu die udalak. «Berriro ere, Madrilgo politikariak euskararen kontra», salatu dute antolatzaileek. Halere, ez dute etsiko, eta Korrika egingo dutela ziurtatu dute. Baditu eguna eta ordua: martxoaren 16an izango da, 10:00etan.
Ez da baimena ukatzen dieten lehen aldia: 2022an ere baimenik gabe egin zuten Korrika.