Gaur goizean abiatu du aurtengo urte politikoa Euskal Hirigune Elkargoak Baionan. Hasi aurretik, Jacqueline Elixondoborde berriki zenduari omenaldia egin nahi izan dio Jean Rene Etxegarai lehendakariak. Pirinio Atlantikoetako Departamenduko zuzendaria izan zen, Euskal Herriaren ardura zuena. Gaur eginen dituzte haren omenezko elizkizunak, eta hara joatekoa da Etxegarai. Haatik, ez du hitzik izan Mixel Oronoz euskaltzaleari buruz, nahiz eta hura joan den astean zendu zen. Euskal Konfederazioko lehendakari izan zenak lehengo ostiralean eman zuen azken hatsa.
2022ko jarduera txostenaren bozka izan da aztertu duten lehen puntua. Abagune hori baliatu du Xabi Thikoipe Bil Gaiten talde politikoko hautetsiak hitza hartu eta euskararen eta gaskoiaren normalizazioaren beharra azpimarratzeko. Esplikatu du azkenaldian hainbat gertakari izan direla, hizkuntzen gaia mahai gainean jarri dutenak, izan Martinikan, Korsikan edo Katalunian. Berriki Espainiako Kongresuan euskara erabiltzeko emandako baimena eta Espainiako Gobernuak Europari katalana, euskara eta galegoa Europako hizkuntza ofizialak izan daitezen egindako eskaera ere izan ditu hizpide. «Madrilen euskaraz mintza daiteke, eta Baionan ez», deitoratu du.
«Uste dugu urrunago joan behar garela, eta momentua baliatu behar dugula elkargoaren izenean Frantziako Estatuari hainbat gauza galdegiteko», adierazi du. Espainiak Europari galdegina baieztatzea, Europako Hizkuntza Gutxituen Ituna berrestea eta Frantziako Konstituzioaren ondoko erreforma baliatzea 2. artikulua aldatzeko eskatu du hizkuntzen ofizialtasuna mahai gainean jartzeko. «Zenbait inkesta soziolinguistikok eta azken eskola sartzeko datuek erakusten dute: gure herriko etxeetan, elkargoan edo EEPn egiten diren ahaleginak goresgarriak dira, beharrezkoak, baina ez dira aski. Euskaldunak edo gaskoiak izan ala ez, gure hautetsi ardura da lurraldeko hizkuntzen erabileraren normalizazioan parte hartzea. Errepublikako hizkuntzaren errespetu bera merezi dute».
Euskara hutsean egin du hitzaldia, eta, ondoren, frantsesez ekin dio, legeak hala eskatzen baitu, errandakoa «fite» errepikatuko zuela azpimarratuta. Berehala eten dio hitza lehendakariak, zorrotz. «Frantsesez hitzez hitz errepikatu behar duzu euskaraz errandakoa». «Lasai, horretara noa», erantzun dio Thikoipek. «Bat bateko itzulpena izanen bagenu, denbora anitz irabaziko genuke».
«Pertsonalki, alde»
Etxegaraik hartu du hitza ondoren, eta baieztatu du bat egiten duela «oro har» errandako guziarekin. «Europako itunaren berrestea behin eta berriz eskatu dugu», adierazi du. «Koofizialtasuna ez da aho batezko desmartxa; pertsonalki, horren alde militatzen dut, 90eko hamarkadatik Batera plataformarekin».
Elkarrekin Herriarentzat taldeko politikoko hautetsi Peio Etxelekuk haren «sostengu osoa» adierazi zion Thikoipek esandakoari: «Anitz urrats eta nahikari politiko falta zaizkigu, zoritxarrez, euskara normaltasun osoz erabiltzeko gure egituretan».
Hitz hutsetan gelditu da elkarrizketa, eta ez da bozkarik izan.
Euskal Elkargoaren lehen urteko bilana egiteko orduan, euskararen gaia hizpide izan du Nicole Etxamendi Bil Gaiten taldeko eledunak: «Eskolatuak direnen %68k ez dute euskararik. Behar dira zinezko finantzaketak egunerokoan lan konkretua egiten dutenak babesteko». Haren iritziz, borondate politikoa da eskas. «Ez da gehiago zatiketa arrazoi bat, ez da gehiago modaren kontra dela erratea; baina ados izatea desberdina da. Ados ematen ahal ginateke lehendakariari agindua emateko Parisen ofizialtasuna eska dezan». Gaur ez da halakorik gertatu.