«Madrilen euskaraz egin daiteke, eta Baionan ez», salatu dute elkargoan

Frantziako Estatuari gehiago eskatzeko agindu du Xabi Thikoipe Bil Gaiten taldeko hautetsiak, Euskal Hirigune Elkargoaren bileran

Euskal Hirigune Elkargoak atzo bilera egin zuen Baionan. PATXI BELTZAIZ.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2023ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Euskal Hirigune Elkargoak atzo abiatu zuen aurtengo urte politikoa, Baionan. 2022ko jarduera txostena bozkatzea izan zen lehen puntua. Abagune hori baliatuta, Bil Gaiten talde politikoko hautetsi Xabi Thikoipek hitza hartu zuen bozkatu aitzin, euskararen eta gaskoiaren normalizazioaren beharra azpimarratzeko. Esplikatu zuen azkenaldian hainbat gertakari izan direla hizkuntzen gaia mahai gainean jarri dutenak, izan Martinikan, Korsikan edo Katalunian. Hizpide izan zituen, orobat, berriki Espainiako Diputatuen Kongresuan katalana, euskara eta galiziera erabiltzeko emandako baimena eta Espainiako Gobernuak Europako Batasunari hiru hizkuntza horiek Europako hizkuntza ofizial izan daitezen eginiko eskaerak. «Madrilen euskaraz mintza daiteke, eta Baionan ez», deitoratu zuen.

«Uste dugu urrunago joan behar garela, eta momentua baliatu behar dugula elkargoaren izenean Frantziako Estatuari hainbat gauza galdegiteko», adierazi zuen. Hizkuntzen ofizialtasuna mahai gainean jartzeko, zenbait eskari egin zituen: Espainiak Europari galdegina baieztatzea, Europako Hizkuntza Gutxituen Ituna berrestea, eta Frantziako Konstituzioaren ondoko erreforma baliatzea 2. artikulua aldatzeko. «Zenbait inkesta soziolinguistikok eta azken eskola sartzeko datuek erakusten dute: gure herriko etxeetan, elkargoan eta EEPn egiten diren ahaleginak goresgarriak dira, beharrezkoak, baina ez dira aski. Euskaldunak edo gaskoiak izan ala ez, gure hautetsi ardura da lurraldeko hizkuntzen erabileraren normalizazioan parte hartzea. Errepublikako hizkuntzaren errespetu bera merezi dute».

Etxegaraik hartu zuen hitza ondoren, eta baieztatu zuen bat egiten duela «oro har» errandako guziarekin. «Europako itunaren berrestea behin eta berriz eskatu dugu», adierazi zuen. «Koofizialtasuna ez da aho batezko desmartxa; pertsonalki, horren alde militatzen dut, 90eko hamarkadatik Batera plataformarekin».

Elkarrekin Herriarentzat talde politikoko hautetsi Peio Etxelekuk «sostengu osoa» adierazi zion Thikoipek esandakoari: «Anitz urrats eta nahikari politiko falta zaizkigu, zoritxarrez, euskara normaltasun osoz erabiltzeko gure egituretan».

Hitz hutsetan gelditu zen elkarrizketa, eta ez zen bozkarik izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.