Rodolfo Ares

«Madrilen berme» mahaian

PSE-EEn bide luzea eginikoa da Ares: sozialisten ordezkari 2005etik 2007ra bitarteko bake elkarrizketetan eta Jaurlaritzako Barne sailburu, besteak beste. Karguan zela hil zuen Ertzaintzak Cabacas. 68 urte zituela hil da.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Jon Ordoñez Garmendia - Xabier Martin
2023ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Rodolfo Ares PSE-EEko buruzagi ohia hil da, 68 urte zituela. Patxi Lopez lehendakari izan zen garaian, Eusko Jaurlaritzako Barne sailburu izan zen, 2009 eta 2012 artean. Aurretik, 1994tik 2009ra, Eusko Legebiltzarreko kide zen, eta Fernando Buesaren lekukoa hartu zuen parlamentuan PSEko bozeramaile gisara, ETAk 2000. urtean hura hil ostean. Sailburu kargua utzita ere, 2016ra arte legebiltzarkide aritu zen Ares. PSEren Koordinazio eta Antolakuntza idazkari izan zen 1995etik 2009ra, Ramon Jauregiren, Nicolas Redondoren eta Patxi Lopezen garaietan.

Galizian jaio zen Ares, eta haurra zela etorri zen Euskal Herrira, Bilboko Otxarkoaga auzora. Ibilbide politikoa 1983an hasi zuen, Bilboko Udalean Alderdi Sozialistako zinegotzi izateko hautatu zutenean. 1991ko udal hauteskundeetan, PSE-EEren Bilboko alkategai izan zen. Alderdiak berak eman zuen atzo heriotzaren berri, eta kide izandakoek haren izaera politikoa eta pertsonala goraipatu zuten.

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiaren esanetan, «pertsona oso garrantzitsua» izan da alderdiko militanteentzat. Baina haren lana ez daPSE-EEra mugatu: «Gaur Euskadi bakean bizi bada, neurri handi batean Rodolfo Aresen dedikazioagatik da, buru-belarri ibili zelako eta konpromiso politikoa eduki zuelako». Idoia Mendia Jaurlaritzako lehendakariordeak ere goretsi zuen haren lana: «Bere bizitzako minutu erdi batean ere ez dio utzi sozialismoaren zerbitzura egoteari». Sozialismoaren zerbitzura bai, baina nabarmendu du «gizartearen zerbitzura» egon zela eta «askatasuna» erdiestea izan zuela helburu. Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakari zela izan zen Ares Barne sailburu, eta hura «atsekabetuta» agertu da, «erresistente ordezkaezin bat» hil delako: «Euskadi eta Espainia beti zorretan egongo dira zurekin».

Negoziazio mahaian

PSE-EEko buruzagi izanda, azken bi hamarkadetan rol garrantzitsua izan zuen Euskal Herriko politikan. Hura zen alderdiaren buruetako bat Jesus Egigurenek eta Arnaldo Otegik Txillarreko elkarrizketak hasi zituztenean. Loiolako negoziazio prozesuanPSEren negoziatzaileetako bat izan zen Egigurenekin batera. Esana da hura zela Loiolako elkarrizketetan Madrilekin mezuak trukatzen zituena. Genevako negoziazioetan ere, Batasuneko eta ETAko ordezkariekin bildu zen. Aresek, baina, gogor jokatu zuen beti euskal gatazkan. «Ezkutuko» buruzagia. Madrilgo zuzendaritzaren «mezularia». Horiek eta beste esan izan dira Aresi buruz.

Esan horiek bazuten funtsa. 2018ko uztailean, BERRIAk Txillarren elkartu zituen Paco Egea PSE-EEko kidea zena eta Pernando Barrena Batasuneko zuzendaritzako kide izandakoa, Elgoibarko baserriko bake elkarrizketez aritzeko. 2018ko solasaldi hartan, Batasunak 2004ko azaroan aurkeztutako Anoetako proposamenari buruz, Egeak zioen PSOEn «jakin-mina» zegoela: «Anoetakoaren aurretik PSEko agintari batek idatzia eskatu zigun geuri, berak informatu nahi zuelako Moncloa. Rodolfo Ares zen PSEko hori».

Imanol Murua Uria EHUko irakasleak gertutik erreparatu zion prozesu horri BERRIAko kazetari gisa, eta xehetasunez jaso zuen ondoren Loiolako hegiak liburuan (Elkar, 2010). Ares negoziazio mahaian egoteak mahaiari «sendotasuna» eman ziola esan du Murua Uriak.

Baieztapen hori ulertzeko, testuingurua azaldu behar da. «Bake prozesuaren hastapena Txillarre izan zen, eta, hor, Jesus Egiguren zegoen Alderdi Sozialistako ordezkari gisa», dio idazleak. Genevan eta Oslon, ETAko ordezkariekin, hura ibili zen bakarrik; hori gertatu bitartean, baina, Ares PSE-EEeko antolakuntza idazkaria zen, «Ramon Jauregi eta Nicolas Redondo Terrerosen garaietatik ere hura baitzegoen alderdiaren tripetan», gogoratu du. «Alderdiaren aparatua kontrolatzen zuen, eta zerbaiten berri izango zuen, noski, baina Aresek ez zuen inolako protagonismorik eduki su etenera bitarteko fase horretan». Egiguren zen bideratzailea, kito.

2006ko martxoan, ETAk su etena iragarri ondoren, negoziazioen sekretua zena jakinarazi zuten, eta Loiolako Mahaia eratu zen. «EAJk bi ordezkari eraman zituen negoziazio mahaira, Batasunak beste bi, eta PSOEk Rodolfo Ares eserarazi zuen han, Egigurenekin batera». Bake prozesua krisian zegoen, eta hura aurrera ateratzeko helburua zuen gune hark. Zergatik agertu zen han Ares? Erantzuna: «Egigurenek berak esplikatu zidan Ares alboan jarri ziotela Madrilek Loiolako negoziazio horien berri hurbilagotik jasotzeko, berme batez edo. Hau da, Rodriguez Zapaterok bake prozesua kudeatzen Perez Rubalcaba jarri zuen, eta hark Ares jarri zuen Egigurenen ondoan, Madrilek berme bat izateko negoziazio horietan».

EHUko irakasleak gogoan dauka Otegik, Urkulluk eta Egigurenek kontatu zutela «negoziazioen etenetan Ares beti telefonoz hitz egiten» ibiltzen zela, «Rubalcabarekin solasean, itxura batean», negoziazioan aurreratzen ari zenari oniritzia emateko. «Alde horretatik, Aresek Loiolan jokatutako rola PSOEren aparatuko ordezkari bati lotutakoa izan zen. Jarrera zurrunagoa zuen Egigurenen aldean, negoziatzaile gogorraren rola jokatzen zuen. Otegik esaten zuen Ares zela gogorren jartzen zena. Baina Otegik berak aitortzen zuen Ares mahaian egoteak sendotasuna ematen ziola negoziazio gune horri». Hau da, Aresek baiezkoa ematen bazuen, ulertzen zuten Espainiako Gobernuak ere ematen zuela. «Egiguren PSE-EEren presidentea zen, baina ez zuen Madrilekin hari zuzena, Aresen moduan. Beraz, esan daiteke, jarrera gogorragoarekin bada ere, Aresek parte hartu zuela negoziazio ausart horretan, eta haren presentziak sendotasuna eman ziola mahaiari».

2007an, «dena pikutara joan zenean», dio Muruak, Rubalcabak eta Aresek «beste estrategia bat» hartu zuten euskal gatazkaren arloan, eta ezker abertzalea «politikoki itotzeko bidea» abiatu zuten. «Dena den, Loiolak porrot egin ondoren, azken ahalegin bat egin zuten Genevan, eta Egigurenekin batera Ares bera egon zen saio hartan; han, negoziazioa behin betiko joan zen pikutara». Ordutik, Aresen joera gogorragoa nagusitu zen, eta Aieteko Konferentzia iritsi zenean, 2011n, ez zen joan. «Lopez lehendakariaren Jaurlaritzatik, izan ere, ez zen ordezkaririk egon».

2009an PSE-EE Jaurlaritzara iritsita, ETAren aurkako borrokan tematu zen Ares. Espainiako segurtasun indarrekin elkarlana estutu zuen legealdiaren hasieratik, eta erabateko sintonia izan zuen Perez Rubalcabarekin. Barne sailburu zela, Ertzaintzaren Terrorismoaren Aurkako Unitatea sortu zuen, eta kalean zeuden euskal presoen argazkien eta haien eskubideen aldeko ikurren kontrako borroka abiatu zuen.

ETAk jardun armatua utzi ostean ere, atxiloketekin jarraitzeko asmoari eutsi zion. Tortura salaketei ere aurre egin behar izan zien. 2010eko urtarrileko operazio batean atxilotutakoei dagokienez, esaterako, Barne Sailak tratu txarrak ikertu ez, eta Aresek kereila jarri zuen haien abokatuen aurka; Alfontso Zenon abokatuak esan zuen Urtza Alkortak Ertzaintzaren atxiloaldian salatu zituen torturen erantzule zela. 2014an, Zenonen aurkako epaiketa irabazi zuen.

Ertzaintza eta Cabacas

Ares sailburu zela hil zuen Ertzaintzak Iñigo Cabacas Athleticen zalea, 2012ko apirilean, futbol partida baten ostean, gomazko pilota batekin. «Nik nire betebeharra bete dut», esan zuen urtebetera. Aresek ertzainen jokabideari buruzko azalpen ugari eman behar izan zituen legebiltzarrean, Cabacasen heriotzagatik ez ezik, Xuban Nafarrateri Gasteizen egindako zauri larriengatik, Bilbon Kukutza gaztetxea hustean erabilitako bortxagatik... Ertzaintzaren defentsa sutsua egin zuen Aresek; esan zuen jasotako kritikek Ertzaintzaren irudia zikintzeko xedea baino ez zutela, eta ezker abertzalea egin zuen «horren guztiaren» erantzule.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.