Madrilek memoria toki izendatuko ditu Gasteiz, Eibar, Saturraran eta Ezkaba mendia

Franco diktadorea hil zeneko 50. urtemugaren harira, Espainiako Gobernuak hainbat jardunbide egin nahi ditu, eta, besteak beste, «memoria demokratikoarentzat» esanguratsuak diren tokiak bereziki goretsiko ditu.

Martxoaren 3ko biktimak omentzeko ekitaldi bat, Gasteizen, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO /FOKU
Martxoaren 3ko biktimak omentzeko ekitaldi bat, Gasteizen, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO /FOKU
arantxa iraola
2025eko urtarrilaren 11
16:00
Entzun

Aparteko esanahia izango du aurten azaroaren 20ak, urteurren biribil bat gogoratuko baita: Francisco Franco diktadorea hil zeneko 50. urtemuga. Horren harira, «memoria demokratikoa» sustatzeko asmoa adierazia du Espainiako Gobernuak, askotariko ekinbideak iragarri ditu, eta, besteak beste, «demokraziaren» garapenean esangura berezia izan duten memoria tokiak goratzea izango da asmoa, aparteko garrantzia izan duten leku eta gertaerak gogora ekartzeko. Horiek hala, jakinarazi du du zein toki eta gertaera gehituko dituzten orain zerrenda horretara, eta Euskal Herrian daude gune horietako hainbat: Gasteiz, Mutrikuko Saturraran hondartza (Gipuzkoa), Eibar (Gipuzkoa) eta Iruñerriko Ezkaba mendia «memoria tokiak» izango dira.

Saturraran gogora ekarri nahi dute frankistek kartzela bat izan zutelako han; emakume presoentzat prestatu zuten propio. 1938 eta 1944 bitartean izan zuten martxan presondegi hori. Bertatik 4.000 emakume inguru pasatu zirela adierazi izan dute ikertzaileek, eta horietatik 177 hil zirela. Urteotan ahaleginak egin dira han egondako emakume presoen eta haien umeen lekukotasunak jasotzeko, eta «oroimena sortuz joateko». Kartzelako bizi baldintza gogorrak ondo dokumentatuta daude. Horra plazaratu izan dituzten datuetako bat: tokia berrehun bat pertsonarentzat prestatuta zegoen, baina 1940an ia 1.600 pertsona zeuden kartzelan.

Eibar gogora ekarriko dute 1931ko apirilean hantxe aldarrikatu zutelako Espainiako II. Errepublika. Frankismoaren aurrekoa da gertaera hori, baina berebiziko esanahia izan zuen «demokraziaren» garapenean. Gasteiz, berriz, zerrendara eraman dute 1976ko martxoaren 3ko sarraskiaren harira. Espainiako Poliziak Pedro Maria Martinez Ocio, Francisco Aznar, Jose Castillo, Romualdo Barroso eta Bienvenido Perea langileak hil eta beste hainbat zauritu zituen Gasteizko San Frantzisko elizan. Tenpluaren barruan biltzar bat egiten ari ziren milaka langile, greba orokor baten harira, eta eraso egin zien Poliziak. Gertaera hori ikertzeko eta argitzeko eskari ugari izan dira urteotan, eta usu deitoratu dute egondako zigorgabetasuna. Gaur ere, Martxoak 3 elkarteko kide Andoni Txaskok berritu egin du eskaera: «Kontraesanezkoa da sarraskiaren lekua aitortzea eta, aldi berean, gertakarien gaineko zigorgabetasunak bere hartan irautea». Bestalde, Ezkaba mendia zerrendan erantsi dute gogora ekartzeko 1938ko maiatzaren 22an 795 presok ihes egin zutela han zegoen kartzelatik.

Aurrez Euskal Herrian badira izendatuta tankerako memoria toki gehiago: Gernikako herrigunea zerrendan sartuta dago frankistek 1937ko apirilaren 26an egin zuten bonbardatzea gogora ekartzeko, eta Irungo Etorbidearen zubiari ere aparteko izendapena emateko asmoa azaldua zuen lehendik ere Espainiako Gobernuak. Keinu horren bidez, gogora ekarri nahi dituzte gerratik eta diktaduraren errepresiotik ihesi alde egin behar izan zuten errefuxiatuak.

Espainiako Gobernuak plazaratu duen zerrendan sartuta daude, besteak beste, Atochako abokatuen hilketa gertatu zen tokia, Madrilen; 1992an Bartzelonan egin ziren Olinpiar Jokoak; eta atzerrira ihesi ari zela Antonio Machado poeta hil zen herria, Ipar Katalunian: Cotlliure.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.