Koronabirusa

Madrilek dio ikasgelak irekitzea ez dagoela lehen faseko aukeren artean

Denis Itxasok azaldu duenez, lehen fasean eskolei buruz esaten den gauza bakarra da posible dela ireki, desinfektatu, garbitu eta prestatzea

Sindikatuen protestan adierazpenak egiten, atzo, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO /FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2020ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Argi mintzatu da Denis Itxaso, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria, ETBri egin dizkion adierazpenetan: «Lehenengo fasean, eskolez esaten den gauza bakarra da irekitzea, desinfektatzea, garbitzea eta prestatzea dela posible, baina ez eskoletako gelak ireki eta bertan haurrak sartzea». Hori «azkarregi joatea» zela-eta, printzipioz ez dago lehenengo fasearen aukeren artean. Azaldu duenez, arintze prozesuan baldintza zorrotzagoak jarri nahi badira, ez dago arazorik; bai, ordea, arintze prozesua «gehiegi azeleratu» nahi duten neurriei buruz hitz egitean. «Ikusiko dugu, bigarren fasera begira, zein diren aukerak». Hala ere, gogorarazi du «oso gutxi» falta dela ikasturtea amaitzeko.

Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak joan den ostegunean adierazi zuen maiatzaren 18tik aurrera ikastetxeetara itzultzen hasiko zirela zenbait mailatako ikasleak. Uriarteren hitzek, ordea, hautsak harrotu zituzten, eta sindikatuek hurrengo egunean jakinarazi zuten ez direla itzuliko eskolara baldintzak negoziatu ezean. Asteartean, berriz, Eusko Jaurlaritzak esan zuen ikastetxeek «autonomia» izango dutela itzuleraz erabakitzeko. Horren harira, institutu batzuek BERRIAri jakinarazi diote ez dutela asmorik astelehenean ateak irekitzeko. Ikastolen elkarteak, esaterako, ikasgelak aurrerago irekitzea du asmoa, segurtasun baldintza guztiak betez eta «benetan» behar duten ikasleentzat. Errefortzua behar duten ikasleak, hirugarren ebaluazioan klaseei behar bezala jarraitu ezin dieten ikasleak eta unibertsitatera sartzeko proba egin behar dutenak bakarrik itzuliko dira ikasgelara. Kristau Eskolak ere ohar bat kaleratu zuen astelehenean, eta eskatu maiatzean ez zabaltzeko ikasgelak.

Ikasturtea nola amaitu eta unibertsitatera sartzeko probak nola egin zehazteko, Isabel Zelaa Espainiako Hezkuntza ministroa gaur bilduko da autonomia erkidegoetako ordezkariekin. Erabakia ikastetxeen esku uzteari dagokionez, Itxasok uste du zentzuzkoena dela ahalik eta gehien adostutako eta zehaztutako irizpide batzuk ezartzea eta beti erabakiak herritarren osasuna lehenesteko hartzea.

Sindikatuen protestak

Asteartean, ohar bateratu bat kaleratu zuten ELAk, LABek, Steilasek, CCOOk eta UGTk, aurrez aurreko eskoletara itzultzeko aukera ikastetxe bakoitzaren esku uzteko erabakia «are arduragabeagoa» dela iritzita. «Hezkuntza Sailari eskatzen diogu bere ardurak bere gain hartzeko, osasuna bermatuko duten baldintzak ahalbidetzeko eta itzulera neurriak eragileokin negoziatzeko». Egoera ikusita, protestara deitu zuten atzoko, Bilboko Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, Hezkuntza komunitatearen osasuna bermatu, neurriak negoziatu lelopean.

Salatu zuten Hezkuntza Sailak aurrez aurreko irakaskuntzara itzultzeko planteatutako planak ez duela ziurtatzen maiatzaren 18an segurtasunez irekitzea, eta, horregatik, uste dute ezin direla astelehenean itzuli ikasgeletara. Sindikatuek Hezkuntza Sailari eskatu diote hezkuntza eragileekin «esertzeko», beharrezkoak diren neurriak aztertzeko eta «ondo diseinautakoa eta serioa» izango den plan bat egiteko, adostutako erabakiekin.

Hezkuntza Sailak, berriz, segurtasun eta higiene neurriak jakinarazi dizkie sindikatuei, ikasgeletarako itzuleraren ingurukoak. Arratsaldean egin zuen bilera haiekin. Aurretik, ohar batean azaldu zutenez, Jaurlaritzak ikastetxe publikoen esku jarriko ditu Osasun Sailak eta Prebentzio Zerbitzuak «funtsezkotzat» jotzen dituzten materialak: ikastetxe guztiek maskarak izango dituzte irakasleentzat eta ikastetxeko langileentzat; eskatzen duten ikastetxeko hezitzaileei babes pantaila bat emango zaie; eskolek gel hidroalkoholikoak izango dituzte; ikastetxe bakoitzak infragorri bidezko termometro bat izango du; garbiketa zerbitzua indartu egingo da; eta prebentzio neurriak jasotzen dituen azalpen kartel bat atondu dute.

Material horiek emateaz gain, beste neurri orokor batzuk ere hartuko dituztela iragarri dute: «eskola postuen» artean metro eta erdiko segurtasun tartea izango da distantzia bi metrokoa izango da gainerako eskola espazioetan, maskarak erabili beharko dira, eta geletako edukiera murriztuko da; ikastetxeek itxi egingo dituzte erabiltzea aurreikusten ez dituzten espazioak; arreta berezia jarriko diote eskuak garbitzeko maiztasunari; ikastetxeko sarrerak eta irteerak «ordenatuta eta mailakatuta» egingo dira; mailakatu egingo dituzte taldeen atsedenaldiak ere; ordutegi trinkoa egingo dute, eta gehienez bost ordu igaroko dituzte eskolan; eta ez da jangela zerbitzurik egongo.

Sindikatuek ere ohar baten bidez eman dute arratsaldeko bilera horren berri. Bilera «protokolo hutsa» baino ez dela izan nabarmendu dute, ez dela oraingoan ere «negoziaziorik» egon, eta ez dela «informazio berririk zehazten duen» dokumenturik aurkeztu: «Oraindik ere, gehiago dira galderak erantzunak baino eta onartezina deritzogu astelehenera begirako aurreikuspenaren inguruan galdetuta inolako erantzunik ez izatea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.