Konfinamenduak beste bi aste iraungo du Hego Euskal Herrian, eta hortik aurrera ere normaltasuna ez da berehalakoan itzuliko, koronabirusari aurre egiteko neurriak apurka kenduko baitituzte, ez denak batera. Atzo, 15:00etan, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri zuen Ministroen Kontseiluaren etziko bilkurak alarma egoera beste bi aste luzatzea onartuko duela, hilaren 26ra arte. Gero, Espainiako Kongresuak onetsi beharko du. Orain arte, onetsi izan du. «Hori da osasun sistemak behar duen denbora onbideratzeko, hori da gizarteak behar duen denborabirusari aurre egiteko», esan zuen Sanchezek atzo. Hitzaldiak ordubete iraun zuen, eta apirilaren 26tik aurrerako faserako prestatu nahi zituen herritarrak; azaldu zuen «erne» jarraitu beharko dela, alarma egoeraren gogorrena ordurako pasatua izango den arren. Hainbat aldiz errepikatu zuen trantsizio epe hori «korridore baten modukoa» izango dela: COVID 19aren bilakaeraren arabera joango dira neurriaren gogortasuna zehazten. Martxoaren 16tik dago Espainiako Estatua alarma egoeran.
Duela astebete eskas, Espainiako Gobernuak pauso bat aurrera eman eta funtsezkoak ez diren jarduera ekonomikoak Aste Santua arte eteteko erabakia hartu zuen. Atzo Sanchezek iragarri zuen salbuespen neurri hori altxatuko dutela apirilaren 9aren ondotik, eta «martxoaren 29 aurreko egoeran» izango direla enpresak. «Aste Santuko Rubikon ibaia zeharkatuta, alarma egoerak lehen bezala jarraituko du, salbuespen neurririk hartu behar izan gabe». Hala ere, berriz ere zuhurtziaz mintzatu zen, eta ohartarazi zuen giltzarri izango dela bilakaera: «Adi egongo gara, berriro kasu kopurua nabarmen igoz gero, erreakzionatzeko».
Martxoaren 14an, lehen aldiz, bi astez iragarri zuen alarma egoera; iragan astean bi aste luzatzea onetsi zuen Kongresuak; oraingo neurriarekin, gutxienez 45 egun izango dira guztira. Sanchez: «Logikoki, neurriek denbora gehiago iraungo dute, eta, orduan, zergatik ez dut egun gehiagorako eskatzen? Aurrekari bat ezarriko genukeelako». Alarma egoera salbuespen garaietarako izaki, Espainiako Konstituzioaren 116. artikuluak bi aste luzatzeko aukera ematen du soilik, eta Sanchezek beharrezkotzat jo du hori errespetatzea eta aldi bakoitzean baimena eskatzea Kongresuari.
Hurrengo eztabaida datorren ostegunean egitea espero da. PPk aurreko egunetan zioen orain arteko neurrien inguruko dekretuen aurka egingo duela, baina atzo iragarri zuen alarma apirilaren 26ra atzeratzeari baiezkoa emango diola, Ciudadanosek bezala. EH Bilduk gaur emango du iritzia, eta EAJk, astelehenean, zuzendaritzaren bileraren ondoren.
Aurrera begira, Sanchezek azaldu zuen gobernu barruan diziplina askotako teknikari talde zabal bat ari dela lanean. Kutsatu kasuen kopuruak goia jotzen duenean, normaltasunerako trantsizio epe bat irekiko da, eta ordurako zer egin lantzen ari dira. Planak osasun eta garbitasun neurriak jasoko ditu, eta Sanchezek adierazi du teknologia berriak erabiltzeko prest direla gaitzaren hedapena kontrolatzeko.
Bigarren olatuaren beldur
Garai hori gogorra izango dela ohartarazi zuen: «Ez gaitezen engaina. Goia jo ondoren, jaitsiera ez da leuna izango. Ezin dugu arreta galdu istant bakar batez. Orain lasaitzen baldin bagara, abiapuntura itzultzea baino okerragoa izango da, bigarren olatu batek joko baikintuzke gure indarrak nekatuago dauden honetan».
Alarma egoerak gizartean eta ekonomian egingo dituen kalteen aurrean, «berreraikitzeko beharra» aldarrikatu zuen: «Alderdi guztiekin eta gizarte eragileekin hitz egin nahi dut aurrera egiteko, Moncloako Itunen moduko zerbait lortzeko asmoz». 1977an, diktadura amaitu berri eta krisi ekonomiko handiaren erdian, alderdiek neurri sorta bat hitzartu zuten arlo politikoan, sozialean zein ekonomikoan. Ondorioz, mezu horrekin, kontsentsu orokorraren beharra azpimarratu zuen Espainiako presidenteak.
COVID-19ak Europako herrialde guztiak aldi berean jo dituenez, Sanchezek nabarmendu zuen Europako Batasunak erantzun bateratua eta irmoa eman behar duela. EBko gobernuburuek egingo duten hurrengo bilerari begira, ez dio uko egin nahi EBk babestutako bonuak jaulkitzeari, herrialdeen berreraikuntza finantzatzeko asmoz. Eztabaida horretan, iparraldeko hainbat herrialde aurka daude, batik bat Herbehereak eta Alemania. Alta, Sanchezek uste du iritzia aldatu dezaketela: «Konbentzituta nago jabetuko direla EBren proiektu bateratua sendotzeko irakaspenak atera behar ditugula».
Espainiako Estatuan atzo 7.026 kasu gehiago eta 904 hildako gehiago izan ziren. Iragan asteko datuekin alderatuta, egunero ospitaleratzen diren gaixo kopurua erdira murriztu da. Euskal Herrian, orain arte 11.184 herritar gaixotu dira, eta 650 hil.
Frantziak hala ezarrita, Ipar Euskal Herrian oraingoz hilaren 15era arte iraungo du konfinamenduak.
Koronabirusa
Madrilek beste bi aste luzatuko du alarma egoera, hilaren 26ra arte
Sanchez gobernuburuak esan du apirilaren 27tik aurrera apurka joango direla konfinamendua leunduz. Funtsezkoak ez diren jarduerak martxoaren 29 aurreko egoerara itzuliko dira Aste Santuaren ondoren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu