Madrilek 122 urteko espetxe zigorra ezarri dio Marixol Iparragirreri

Cortizo komandantearen hilketarekin lotu du Auzitegi Nazionalak. Presoak akusazioa ukatu zuen

Hainbat herritar, uztailaren 3an, Donostian, Marixol Iparragirre aske uztearen aldeko agerraldian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Erredakzioa
Donostia
2020ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Marixol Iparragirre (Eskoriatza, Gipuzkoa, 1961) 122 urteko espetxe zigorrera kondenatu du Espainiako Auzitegi Nazionalak, fiskaltzaren eskaerari men eginez. Iparragirreren aurka Espainiako Estatuan eginiko lehen epaiketan, ebazpenean epaileak leporatu dio ETAren komando bati «agindua ematea» Luciano Cortizo Espainiako armadako komandantea hiltzeko, eta horretarako «lehergailuz hornitzea». Iparragirrek, epaiketan, ukatu egin zuen hilketarekin zerikusia eduki izana, eta, era berean, salatu zuen EPPKren ordezkaria izateagatik abiatu dituztela bere aurkako prozesuak. Ibon Etxezarreta eta Agustin Almaraz euskal presoek lekuko gisa deklaratu zuten saioan, eta azaldu ez zutela harremanik izan Iparragirrerekin.

Cortizo 1995eko abenduaren 22an bonba-autoz egindako atentatu batean hil zuen ETAk, Leonen (Espainia). Hori dela eta, Iparragirreri 122 urteko kartzela zigorra jartzeko eskatu zuen fiskaltzak: 30 urte hilketa delituagatik; beste 80 urte hilketa saiakeraren delitua leporatuta —erasoan izandako lau zauritu larri bakoitzeko, 20 urte—, eta hamabi urte lehergailuak edukitzea egotzita.

Euskal presoa Frantzian izan zuten preso 2004tik iazko irailera arte, ETAko kidetzat jota. Zigorra beteta, Espainiaratu egin zuten, eta, kondenarik ez izan arren, Brievako kartzelan pasatu ditu azken hamar hilabeteak, bakartze moduluan. Haren aurka hamabi kausa dauzkate irekita. Urrian du datorren epaiketa.

ETAren amaieraren ahotsa

EPPKren ahotsetako bat izan da Iparragirre azken urteetan, eta, Frantzian preso zela, besteak beste Parisko diputatu eta senatarien bisitak jaso zituen. ETAk bere desegitearen berri eman zueneko adierazpenari ahotsa jarri zion Iparragirrek 2018ko maiatzean, Josu Urrutikoetxearekin batera.

Debagoienean (Gipuzkoa) sortu den plataformak Iparragirre aske uzteko eskatu izan du, «ezinbesteko ekarpena egin duelako Euskal Herria bake bidean jartzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.