Osasun krisiaren aitzakiarekin estatuek autoritarismorantz jo dezaketela ohartarazi du zuzenbide pribatuko katedradunak (Zumaia, Gipuzkoa, 1964), eta azpimarratu du gizarteak aktibatu egin behar lukeela horri aurre egiteko. Uste du «beldurra erabiltzeko» interes politikoa egongo dela.
Kezka agertu duzu beldurra politikoki erabiliko dela uste duzulako, zergatik?
Beldurrak —horregatik hitz egiten dute gerraz, nire ustez akatsa den arren— eragiten du arazo hori besterik ez existitzea. Politikari estadistak esaten du: ni naiz soluzioa, Argentinan 1982an bezala. Hori egin zuen Galtieriren gobernu militarrak, Malvinetako gerra eraginda. Herritarrek errepresioa eta arazo sozialak ahaztea zen helburua, eta lortu zuten. Gizarteak, aurreneko olatu patriotikoan, babesa erakutsi zion gobernuari. Beste arazo guztiak ez dira existitzen. Beraz, politikoki, badago arriskua soluzio gisa demokrazia organikoz mozorrotutako autoritarismoa agertu edo sendotzekoa.
Arrisku hori ikusten duzu?
Espainian gehiegikeria nabarmena egiten ari dira alarma egoera interpretatzerakoan. Gauza bat da zer osasun exijentzia dauden neurriak hartzeko, baina demokratikoki eta legeak baimentzen duen baino askoz urrunago ari da joaten.
Horren adibiderik?
Adibidez, alarma egoerak ez du esaten parlamentuak ez duenik kontrolatu behar gobernua. Elkartasuna eta elkar babestea ez dago kontrajarrita gobernuarenganako arrazoizko kritika eta kontrolarekin. Garrantzitsua da.
Zergatik?
Ezin ditugu ustezko segurtasunaren aldarean sakrifikatu oinarrizko printzipio eta eskubide batzuk, aztertu gabe horren proportzionaltasuna. Ikuspegi kritiko hori ez da solidario ez izatea.
Herrialde gehiagotan ere jarri behar genuke arreta?
Uste dut arazoa dela ea nolako arrastoa geldituko den gero. Autoritarismo inposatzailearena? Pentsatu nahi dut Europan badaudela bitartekoak hori horrela gerta ez dadin. Baina gizarte zibilak aktibatu egin behar du. Gizarte zibilaz eta haren erantzunaz gehiago fidatzen naiz politikaz eta sistema politikoaz baino.
Berriro Espainiaz galdetuko dizut.
Kaudillismo postmodernoa ikusten dut Pedro Sanchez presidentearen diskurtsoan. Biktimismoaren eta aldebakarrekotasunaren artean dabil, zer egin behar den aginduz. Eta gero esaten du akordioak nahi dituela.Txinan eta Errusian, esaterako, oso garbi dago boterea indartuta aterako dela egoera honetatik, eta gizarte zibila ahulduta. Gurearen moduko demokrazia batean, horixe gertatuko da? Nik nahi nuke kontrakoa gertatzea, eta gizarte zibila defentsa eta babes mekanismoetan indartuta ateratzea, baita balioetan ere.
Baina ez duzu ikusten oso argi hori gertatuko denik.
Ez. Juridikoki, nire ustez, alarma egoeraren dekretua eta haren exekuzioa urrunago doaz, oso modu agerikoan, 116. artikuluak eta lege organikoak berak uzten dutena baino. Baina inor ez da ausartzen oso ozen esatera.
Zein litzateke irtenbidea?
Alarma egoeraren lege organikoa moldatzea. Gobernuak argi eta garbi esan dezala zer egingo duen, aurki dezala gehiengo parlamentarioa, azal diezaiela herritarrei horrek zer esan nahi duen, eta alda dezatela legea. Zeren ari dira gauzei era batera deitzen, eta beste era batera exekutatzen. Diskurtso juridiko-teknikoa dirudi, baina niretzat horren atzean argumentazio askoz sakonagoa dago demokratikoki hitz eginda.
Eta zein da?
Ez gaitzatela tratatu adin txikikoak bagina bezala. Nik ez dut estatuaren gain uzten ardura guztia, erantzukide izan nahi dut, eta horrek esan nahi du jakitea zehazki, informatuta egotea eta baloratzea.
Uste duzu gizarteak baduela indarra eta badituela tresnak eskubideak borrokatzeko?
Galdera ona da. Uste dut momentu honetan denok gaudela konfiantza gutxirekin. Konfiantza faltak beldurra eragiten du, eta beldurrak geldiarazi egiten du. Une honetan ez dut uste badagoenik erantzuteko gaitasun kolektiboa, bakoitza bere egoera pertsonal, familiar, emozionalean ari garelako bizitzen hau. Nola transformatu hau guztia? Balkoietako ekimenarekin imajinario kolektiboan marrazten saiatzen ari gara jarraitzen dugula gizarte baten parte izaten. Hori da modu emozionala. Orain bertan, indar sozial hori nola kanalizatu modu positiboan, esateko guztiak ez duela balio? Baliabideak falta zaizkigu, shock emozional horretan baikaude preso orain.
Beraz...
Gustatuko litzaidake gutako bakoitza bizitzen ari garena, hori transformatzeko gai izatea. Esateko, bai, politikak zeregin garrantzitsua dauka sare publikoan, baina politika ez da ezer gu gabe, gizarte zibilik gabe. Uste dut beharrezkoa dela matxinada zibiko bat. Zibikoa, baina matxinada, horrek guztiak esan nahi duenaren mailan legokeena.
Zer autokritika egin behar dio gizarte zibilak bere buruari?
Orain arte, alderdi soziala oso zentratuta zegoen aisialdian, ludikotasunean, kontsumo neurrigabekoan... Ez zegoen sozializazio bat kolektibotasunarena, salbuespen batzuk kenduta. Edo zalantzan jartzen genuen ez dakit zenbat diru gastatzea ikerketan. Uste dut orain ari garela konturatzen bazeudela aintzat hartzen ari ez ginen errealitate batzuk, jolas parke batean bezala bizi ginelako.
Zer pauso eman behar genituzke?
Hasi behar genuke hemen fama askorik ez duten ideiak erabiltzen: enpresen artean kooperatzen, esaterako. Gai izan behar dugu benetako auzolana egiteko. Zertarako? Bada, ondo joan dadin gure dependentzia energetikoa, teknologikoa, industria gakoetako sektoreetan. Guk abantaila handia dugu: txikiak garela.Eta dugun indar guztiarekin, aukera dugu berriz hartzeko bide interesgarri bat. Baina, horretarako, aurrena, tribuak izateari utzi behar genioke, alor askotan halakoak baikara oraindik.
Eragile ekonomikoen arteko kooperazioa aipatu duzu. Pausorik eman da arlo horretan?
Nik dakidala, ez, baina badut esperantza. Krisi honek ez du 2008koaren antzik. Gai bagara lokalki modu inteligentean ekiteko, globalki merkatuak berriz martxan jartzean aukera aprobetxatuko dugu. Gehiago kohesionatu behar dugu: Gipuzkoan enpresa familiarra kudeatzeko modua oso formula estrapolagarria da; Nafarroako energia kudeaketa goraipatzekoa da, dependentzia gutxiago duelako; eta Araban eta Iparraldean nekazaritzaren inguruan duten ikuspegia oso interesgarria da. Zergatik ez batu aniztasun hori? Politikak antzera segituko duela uste dut; horregatik, ekin diezaiogun beste maila batzuetan.