PPren eredu ekonomikoari erasotzeko erabili dute sozialistek hauteskunde kanpainako azken eguna. Lan arloan alderdi popularrak egindako proposamenen «zentzugabekeria» salatu du Eduardo Madinak, Espainiako Kongresurako sozialisten Bizkaiko zerrendaburuak. PSE-EEk, berriz, «etorkizunera begiratzen duen» eredu ekonomikoa babesten duela ziurtatu du. Odon Elorza Gipuzkoako zerrendaburuarekin, Ramon Jauregi Arabakoarekin eta Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin batera amaitu du hauteskunde kanpaina
Madinaren irudiko, alderdi sozialista da eskubide sozialen arloan aurrerapauso gehien eman duen alderdia. PPk, baina, eskubide horiek «ezeztatu» egingo dituela ziurtatu du. Horregatik, botoa PSE-EEri emateko eskatu du; «guztiek batera» eskubide horiek defendatzeko.
Europa osoan gaur egun dagoen egoera ekonomikoaren larritasuna nabarmendu du, eskuina eta Espainiako Gobernura iritsiz gero egoera «oraindik ere okerragoa» izango litzatekeela ohartarazi. Diputatugaiaren aburuz, PPk gizartearen babeserako sistemak «deuseztatzeko» asmoa dauka. Haren ustez, «eskubideak herritar bakoitzarenak dira», eta, horregatik, «igandean guztiek elkarrekin defendatzeko eskatzen dizuet, gure herrialdearen aurrerapenak ezeztatzea erabaki duen eskuinaren aurka». Halaber, Jauregik eskatu du etorkizuna merkatuek erabaki beharrean politika ezkertiarrek egin dezatela .
Herriaren etorkizuna eskuinaren esku uztea «iraganera itzultzea» dela adierazi du Lopezek, «aurrerapauso guztiak» ezkerraren bidez egingo baitira. PPri «programa ezkutatu izana» egotzi dio, ez dutela azaldu nahi zer kudeaketa egingo duten. Popularrek hauteskundeen ondoren «murrizketa handiak» egingo dituztela ziurtatu du lehendakariak. Horregatik, bozkatzeko deia egin du, gero, PP gobernuan dagoela ikusita, inori «damutu» ez dakion bozkatu ez izana.
Elorzak, berriz, Hego Euskal Herrira begira egin ditu bere adierazpenak; eta, hala, PPren aurka egin beharrean, Amaiurren kontra egin du. Haren irudiko, boza koalizio abertzaleari ematea, «kudeaketaren eraginkortasun faltari» ematea da. Amaiurrek «bake prozesuaren kudeaketaren erritmoa» jarri nahi duela salatu du, halaber. Donostiako alkate ohiak onartu du PSOEk azken urteotan «huts handiak» egin dituela. Nolanahi ere, sozialisten alde bozkatzea «garrantzitsua» dela adierazi du, «une zailen ondoren konfiantza» itzultzeko modua baita.
EspainiakoGorteetarako hauteskundeak. Alderdien kanpaina
Madinak «etorkizunera begiratzen duen» eredu ekonomikoa babestu du
PPk gizartearen babeserako sistemak «deuseztatu» nahi dituela salatu dute sozialistek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu