PSOEren buruzagitzan Alfredo Rubalcaba ordezka dezaketen hautagaien zerrendan egon da beti Eduardo Madina. Baina alderdiko idazkari nagusi izateko aurkeztu edo ez erabaki aurretik, PSEko kideak argitu nahi du nola antolatuko den uztailaren 19 eta 20rako deituta dagoen ezohiko batzarra. Orduan erabakiko dute zuzendaritza berria nola hautatu. Bi aukera daude mahai gainean: orain arte bezala, alderdiko federazioetako delegatuen botoen bidez aukeratzea, edo militanteen botoekin. Bigarren hautaketa moduarekin bada, orduan bai, hautagaitza aurkeztuko duela esan du Madinak.
Astelehenean jakinarazi zuen Rubalcabak kargua utzi etaPSOEren zuzendaritza berria hautatzeko prozesua abiatuko zuela. Madinak esan du «errespetatu» egiten duela Rubalcabaren erabakia, eta hark erabaki bezala, buruzagitza berria hautatzeko modua erabakitzeko ezohiko batzarrera deitzea. Hala ere, PSEkoak uste du erabaki horretan ere militanteek parte hartu behar dutela. «Uztartu behar dira militanteen parte hartzea eta erabakiak». «Herritarrek igandean bidali ziguten mezua ulertu dugula erakutsi behar dugu, eta herri honi aurrera egiteko balioko dioten txostenak eta erabakiak jasoko dituen proiektu bat egin behar dugu», azpimarratu du. Espainiako Diputatuen Kongresuko korridoreetan eginiko adierazpenetan, Madinak esan du «oso ondo» ulertzen duela zein den uneotanPSOEren militanteen aldartea. «Horregatik esan nahi diet neure burua aurkeztuko dudala soilik boto zuzenaren bidez aukeratzen bada idazkari nagusia».
«Sozialista handi bat»
Madinak ez du hautagai izan litezkeen gainerakoekin hitz egin. Horien artean dago Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusia. Herenegun jakinarazi zuen kargu hori utziko duela, baina ez zuen argitu Rubalcaba ordezkatzeko aurkeztuko den edo ez. Madinaz, berriz, Lopezek esan du «sozialista handi bat» dela. Nolanahi ere, ez du bere burua baztertu lehia horretan, eta Madinak proposatutako formularekin ados dagoela azaldu du.
Madinak dio militanteek erabaki behar dutela PSOEren buru berria
PSE-EEko kideak esan du soilik boto zuzenaren bidez egiten bada aurkeztuko dela idazkari nagusia izateko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu