Anaiz Funosas. Bake Bideko presidentea eta euskal ordezkaritzako kidea

«Macronen hitzen araberako ekintzak behar ditugu orain»

Frantzian diren euskal presoen gerturatzeak, emakumeen egoera, DPSak, eriak, baldintzapeko askatasunak... Funosasek arlo asko ditu hizpide, bestelako espetxe politika bat xede. Geroa ere bai.

BOB EDME.
enekoitz esnaola
Hazparne
2019ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herriko eragileek eta Frantziako Justizia Ministerioakbi urte daramatzate euskal presoen auziaz hizketan, gorabeherekin. Euskal ordezkaritzako kideetako bat da Anaiz Funosas, Bake Bideko presidentea (Baiona, 1979). Bake prozesu globala du buruan.

Iazko urte bukaeran zergatik eten zenuten Parisekiko elkarrizketa?

Gure ordezkaritzak agenda bat zeukan jarria mahai gainean, baina ez ziren baldintzak manera eraikitzailen aitzinatzeko.

Zer zen eragozpena?

Eskubideetan oinarritu behar da, biktimak mindu gabe, baina horrek ez du erran nahi ETAren biktimen elkarteen oniritzia behar denik politika bat aitzina eramateko. Ezin da onartu mendekurik. Ezgenituen ikuspegi berak, desadostasuna sakona zen, eta elkarrizketa etetea erabaki genuen guk.

Noiz bildu zineten azkeneko aldiz Justizia Ministerioarekin?

Iazko azaroaren erditsutan.

Eta noiz berriro ondoren?

Urte honen hastapenean.

Tartean —abenduaren 14an—, zuek prentsaurreko bat eman zenuten, Baionan, gauzak nola ziren azaltzeko. Ondotik, Justizia ministroa jendaurrera agertu zen.

Ipar Euskal Herriak behartu zuen azalpenak ematera. Gainera, France Bleun mintzatu zen, Iparraldean gehien entzuten den irrati katean. Bere arrazoiak emanzituen, baina balioa eman zien elkarrizketa guneari eta lanari, eta biziki esanguratsua izan zen hori.

Zuek nabarmendu zenuten prozesuari bultzada emateko indar bat egin behar zela Iparraldean.

Lanean segitu genuen. Manifestazio garrantzitsua egin genuen urtarril hasieran. Ikusi zen ETA desegin denetik lehen baino gehiago garela. Gure eskeman indar handia dute Ipar Euskal Herriko aktibazio sozialak eta transbertsalitateak, eta Parisi horrela ez erran genion. Eraginkorra izan zen.

Euskal ordezkaritza beti kohesionatua egon al da?

Beti.

Baita aizkoraren eskulturarekin ere, iaz, ETAren armagabetzearen aurreneko urtemugan?

Bai. Guk bide bat adostua dugu. Egia da eskultura horrek sortu zuela tentsiorik, baina horrek ez du kolokan jarri egin beharreko ariketa. Normala da tentsioak izatea, baina guk beti jakin izan dugu eztabaidatzen eta aitzina egiten.

Desblokeorako garrantzitsua izan al da Mikel Karrera euskal presoaren aldeko ebazpena ere?

Bai, erabat. Parisko epaileak osagai objektibo guztiak aztertu, eta arrazoi eman zion Karreraren gerturatze helegiteari. Ministerioak onartu egin behar izan du. ETAren armagabetzea eta desegitea izan ziren, eta ezin da pertsona bat arriskutsutzat hartzen segitu.

Bestela, oso zaila al zegoen Justizia Ministerioak Karrera eta beste preso batzuk hurbiltzea?

Beharbada bai, baina zaila da fizkioan ibiltzea. Horrelako erabaki batek ikaragarri erraztu du.

Gizonezko presoen urruntzea amaitzeko baldintzak al daude?

Bai. Bukatu daiteke urruntzea.

Emakumeena nola dago? Bederatzi euskal preso andre daude.

Jakina denez, Lannemezanen eta Mont-de-Marsanen ez dago emakumeentzako modulorik. Haiek guztiak presondegi batean batzearen aldeko parioa egin dugu.

Euskal preso denei DPS estatutua kentzeko exijitzen duzue. Gaur egun, 40tik zenbatek dute?

Hamarrek. Egunerokorako arazo bat dute hori. Baina ez nuke erranen erabaki politiko bat denik batzuek oraindik DPS izatea; gertatzen dena da administrazioko esparru batzuek eta fiskaltza antiterroristak lehengo estigmatizazioekin jarraitzen dutela. Ez da zilegi.

Bi euskal preso daude gaixotasun larriekin: Gurutz Maiza eta Ibon Fernandez Iradi.

Bide juridikoari heldu zaio. Oraingoz, aterabidea hortik etorri ahal da. Ministerioak bide propioa egiteko hautua hartu du, baina ez gara inuxenteak: Madrilek etaParisek harremanak dituzte. Beraz, afera ere bada Espainian gauzak aldarazteko zer egiten den.

Zer aukera dago Frederic Haranburu, Jakes Esnal eta Ion Kepa Paroten zigorrak komutatzeko?

Hirurek 30. urtea hasi dute preso, eta euskal ordezkaritzak eskatzen duena da biziarteko kondena 30. urtean bukatzea. Ikusiko.

Eta aukerarik ba al dago baldintzapeko askatasunetarako?

Oso gai potoloa dugu. Frantzian 2016tik emandako aldaketa juridikoetan salbuespen egoerak ahalbidetu dituzte, eta euskal presoei konplikatzen diete baldintzapeko askatasuna lortzea. Haientzat prozedura ikaragarri luzatzen da, eta aurrebaldintzak ezartzen dira, gero, horiek betez gero, hiru urtetik aitzina baldintzapeko askatasunean sartu ahal izateko. Delitu terrorista egozten dieten presoei ezarritako legedia da, salbuespenekoa.

Parisko azkeneko epaiketetan, epaileek aitortu dute testuinguru politikoa aldatu dela.

Haranburu eta Paroten kasuan, epaileek eman izan dute baldintzapeko askatasuna, baina fiskaltza antiterroristak helegiteak aurkeztu zituen eta erabakiak ez ziren gauzatu. Fiskaltza hori dugu egun oztoporik handiena. Konponbidea zapuztu nahian ari da, eta jendartea iraganari lotu nahian. Gatazkaren apustua egiten du. Fiskaltzan eragin egin behar da, erranik ezin dituela oztopatu erabakiak eta kontzientzia hartzeak.

Organikoki, Justizia Ministerioan dago fiskaltza antiterrorista.

Baina Frantzian badute printzipio bat garbi, Espainian betetzen ez dena: Justizia Ministerioko egituren arteko independentzia.

Euskal presoei legedi arrunta ezartzeko exijitzen al duzue?

Egun, auzi horretan guztia Parisen zentralizatzen da, atxilotzetik askatzeraino, eta epaileak antiterrorismoaren eremukoak dira. Eskubide edo legedi arruntean sartuko bagina, tokiko auzitegietan ebatziko lirateke auziak, eta, printzipioz, ez leudeke kutsatuak iraganaz. Alde handia da baldintzapeko askatasunaren eskaera araudi arruntaren ala antiterroristaren barruan tratatzea. Gure eskaera nagusia legedi arrunta ezartzea da, baina ezin gara horretan gelditu.

Zer esan nahi duzu?

Gatazka bat egon delako beharko dira sortu beste mekanismo batzuk, eta helburua litzateke iraganean gertatutakoa aztertzea —gatazka armatua, bi estatuen neurriak…, ondorio guztiei aterabide onenak ematea, eta sufrimendu eta biktima guztiak aitortzea eta erreparatzea. Sakoneko ariketa bat egitea planteatzen dugu, jokoan dagoelako geroa, ez daitezen arazoak sor belaunaldi batera. Gertatukoaren muinera jo behar dugu guztiok, nahiz eta eremu askotakoak izan, eta lurralde ikuspegi desberdinak izan. Ausardiaz jokatzea eskatzen du horrek.

Non egin behar da ariketa hori?

Euskal Herri osoan. Gero eta manera partekatuagoan egin, are emankorragoa izanen da ariketa.

Eta nola ikusten dituzu Hegoaldean azkenaldian elkarbizitzarako emandako aurrerapausoak?

Nik uste dut baldintzak badirela Hegoaldean aitzina egiteko, eta ikusiko da emandako pausoak dinamika iraunkor bat bilakatzen diren: Etxerat-en adierazpena, ETAren 40 biktima pasak plazaratutako artikulu bat, Foro Sozialaren askotariko topaketak… Gauzak manera integralean hartu behar ditugu, eta urrats batek bestea laguntzen du; gu beti horretan aritu izan gara Ipar Euskal Herrian. Hegoaldean ere enpatia keinuak egin dira; txalotzekoak guztiak. Baldintzak hor dira, eta ea orain hori nola artikulatzen den. Bakoitzak dauka ardura artikulazio hori kualitibatibo bilakatzeko.

Nola hartu da Iparraldean Josu Urrutikoetxearen atxiloketa?

Batzuek interesa dute gatazka elikatzeko eta denboran atxikitzeko. Begira zenbat aurrerapauso eman diren azken urteetan; ETA desegin da, ari gara esparru batzuk desblokeatzen gizarte zibilaren eta instituzioen bultzadarekin, eta orain atxiloketa hau dator. Ez da posible!

Jean Rene Etxegarai lehendakariak ere aske uzteko eskatu du.

Aietez geroztik bide honetan dauden guztiek oso argi dute bake prozesu honek arriskatze bat eskatzen duela. Hautetsiak mugituko dira, jendarte zibila aktibo bada, eta Paris mugituko da, hemengo hautetsiak ari badira pausoak eskatzen. Logika baten barruan da dena. Etxegaraik ere sinatu du eskaera hori orain, arduraz jokatzen duelako. Horrek ez du erran nahi Urrutikoetxearen ibilbidearekin bat egiten dutenik, baina erran nahi du ez dela posible bake prozesuaren ikuspegi batetik atxiloketa hori egitea; egina den guztiaren ondotik, elkarrizketa gizon bat atxilotzea ez da posible. Txipa aldatzeko mekanismoak aldatu behar dira.

Urrutikoetxea atxilotu ondoren, Emmanuel Macronek Miarritzen esan zuen «bakea eta bizikidetza» lagundu nahi dituela.

Macronen hitzak sorpresaz hartu genituen, are gehiago atxiloketa haren biharamuna izanik. Gure sorpresa handiena izan da Frantziako presidenteak bake prozesuaren ikuspegi eta terminologia baten barruan kokatu izana bere esku hartzea. Baina Macronen hitz horien araberako ekintzak edo keinuak behar ditugu orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.