Emmanuel Macron Frantziako presidenteak ahalik eta azkarrena egin nahi ditu biharko herriko bozak, ezer ez baita gertatuko hark espero zuen bezala. Ez zuen aurreikusi bere agintaldiko krisirik handiena —Jaka Horiak—, bere alderdiak ez zuelako sustrairik maila lokalean, baina bozek ez diote erabat konponduko arazo hori. Ez hori bakarrik: izaera lokala eman nahi izan dion arren, ez dago zalantzarik emaitzak ikuspegi nazionalarekin aztertu beharko dituela, bere agintaldiari buruzko galdeketa itxura izango dutelako.
Kanpainan, Frantziako presidenteak ez du parte hartu bere hautagaien ekitaldietan, emaitzek bere figuran eta agintaldian eraginik ez izateko, eta, aldi berean, bere parte hartzeak alkategaien kanpainan eta irabazteko aukeretan eraginik ez izateko. Panorama lazgarria da Macronen Errepublika Martxan-entzat, inkestek ez baitiote aurreikusten ia alkatetzarik hiririk handienetan.
Besteak beste, gobernuko hamar ministro dira alkate bilakatzeko hautagai, Frantziako presidenteak bozei eman dien garrantziaren erakusle; baina horiek dira, hain justu, Macronen agintaldiak sortu duen haserrearen ondorioak jasan ditzaketenak. Tartean dago Edouard Philippe lehen ministroa, iparraldekoLe Havre hiriko lehian; alkatetza berriz lortzen ez badu, baliteke dimisioa eman behar izatea, eta horrek beste krisi bat sortuko luke gobernuan.
Berez, Macronen apustu handia Paris hiriburua zen, baina arazoak besterik ez ditu izan igandeko data hurbildu ahala. Hautagaien arteko desadostasunez gain, kanpainan izandako eskandaluek erabat astindu dute alderdiaren hautagaitza, eta, inkestek diotenez, ez du lortuko 2017ko oinarri elektoralari eustea.
Abstentzioaren eragina
Gainera, ikusteko dago koronabirusaren mehatxuak zer-nolako eragina izango duen abstentzioan. 2014ko hauteskundeetan, abstentzio tasa inoizko handiena izan zen: %37,8 bigarren itzulian.
Herriko bozak Frantzian
Macronek arrakastarako aukerarik gabe egingo die aurre herriko bozei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu