Euskal Herriko mugimendu feministak agerraldia egin du gaur Iruñean, Emakumeen Nazioarteko Eguneko mobilizazio nagusiak iragartzeko. Urtero bezala, Euskal Herriko bost hiriburutan eginen dituzte Martxoaren 8ko manifestaziorik handienak: Baionan, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean. Feministek gogorarazi dute, halaber, protestak eginen dituztela Euskal Herriko hainbat auzo eta herritan ere, eta haietara batzeko deia berretsi dute. Faxismoaren kontra, ausardia eta aliantza feministak! izanen da aurtengo mobilizazioetako leloa.
Gaurko agerraldian, Iraitz Andiarenak eta Ekhiñe Petriatik irakurri dute deialdia euskaraz, eta Amaia Zubietak eta Kenia Corderok gaztelaniaz. Azaldu dutenez, egoera ez da askorik aldatu iazko M-8az geroztik: «Desberdinkeriek bere horretan diraute, eta sistema zisheteropatriarkal kapitalista, kolonial eta arrazistak segitzen du birfundatzen». Orduko hartan, zaintza sistema izan zuten jomugan; aurten, berriz, «emakume, trans eta bollerek» jasaten duten zapalkuntzan. Izan ere, «zapalkuntza mekanismo berriak» eta «botere erlazio forma konplexuak» antzeman dituzte azkenaldian: «Eskuin muturraren, faxismoaren eta jarrera erreakzionarioen gorakada ikusten dugu hainbat esparru eta sektoretan; sare sozialetan, prentsan, kalean, diskurtsoetan, proposamen politikoetan...», azaldu dute.
Nabarmendu dute, hala ere, oldarraldi erreakzionario hori ez dela «urrutiko zerbait»; aitzitik, inoiz baino gertuago ikusten dute: «Ezkerreko sektore batzuetan ere ari gara ikusten feminismoarekiko kontrakotasuna eta diskurtso arrazisten gorakada. Horrek guztiak emakume, trans eta bolleron zapalkuntza eragiten du batez ere». Halako mezu eta ideiekin batera, «jarrera eta posizio belizistek» ere indarra hartu dutela azaldu du mugimendu feministak: «Gure gorputz eta lurraldeen aurkako zapalkuntza areagotzen du horrek». Bortxaren askotariko aurpegiak ikusita, «indarkeriarik gabe bizitzeko eskubidea» aldarrikatu dute.
Mugimendu feministaren lorpenak mehatxu gisa ikusten dituzten sektoreak ere aipatu dituzte diskurtso matxisten gogortzearen aldeko faktoreen artean: «Mugimendu feministak urrats bat egiten duen bakoitzean, oldarraldi erreakzionario bat jasotzen dugu bueltan, beren pribilegioak kolokan ikusten dituztenen aldetik. Gizonen aldetik, alegia». Horren harira, gogora ekarri dute azaroaren 25eko manifestazioan erabilitako leloa: Ez bazara konponbidea, arazoa zara. «Zoritxarrez, [gizonak] arazo zarete oraindik ere. Emakume, trans eta bolleron zapalkuntza betikotzen duen sistemaren sostengua zarete».
Zapalkuntzaren hiru ardatz
Feminismoa «ezkerreko borroken erdigunera» eraman beharra aipatu dute mugimendu feministako ordezkariek gaurko agerraldian: «Feminismoa ezinbesteko mugimendua baita eraldaketarako proposamen integralak egiteko: feminismo antirrazista, antikolonialista, antikapitalista eta antiklasista». Horregatik, askotariko esplotazio eta zapalkuntza egoerak salatuko dituzte Martxoaren 8an. Deialdian, zehazki, hiru ardatz nagusi nabarmendu dituzte: indarkeria matxista, krisi ekosoziala eta migrazio politikak.
Indarkeria matxistari dagokionez, aipagai izan dituzte «menderakuntza egoera» guztiak: «Erasoak, soldata arrakalak, ordaindu gabeko lana, kristalezko sabaiak... Horiek denak indarkeria dira eta sistema betikotzeko ezinbesteko tresnak».
Krisi ekosozialaz esan dute «kapitalismoak, patriarkatuak eta kolonialismoak» eragindakoa dela, eta bizitzak «akabatzen» dituela, bai pertsonenak, bai naturarena berarena: «Erabat pribatizatuta daude baliabide naturalak eta lurra bera, eta hazkunde amaigabearen logikak ez ditu kontuan hartzen planetaren mugak. Hemen ere negozioa eta merkantilizazioa dago beste ezeren gainetik».
Azkenik, jomugan jarri dituzte migrazio politikak, «egungo sistema arrazista eta koloniala betikotzen dutelako». Euskal Herriko mugimendu feministaren irudiko, lehentasuna da Espainiako Atzerritarren Legea baliogabetzea. «Baina ez hori bakarrik: luze gabe borrokatu behar ditugu migrazioaren kontra azaleratzen ari diren jarrera arrazistak eta polizia gehiago behar direla diotenen diskurtsoak, arrazakeria areagotzen baitute segurtasunaren izenean».
Azkenik, feministek gogoan izan dituzte mundu osoko gatazketan murgilduta dauden herriak eta «erresistentzian dabiltzan kideak» ere. Zehazki, babesa eta elkartasuna adierazi diete Palestinako, Saharako eta Kurdistango herritarrei. Izan ere, indarkeria nagusi den garaiotan, ezinbestekotzat jo dute «aliantzak eraikitzea», hala talde eta norbanakoen artean, nola herrien artean: «Elkartu gaitezen, saretu gaitezen herriz herri eta asanbladaz asanblada. Batu ditzagun indarrak herri eta jendarte feminista bat eraikitzeko bidean».
M-8KO MOBILIZAZIOAK EUSKAL HERRIKO HIRIBURUETAN
- IRUÑEA. 13:00etan, Antoniutti parketik.
- BILBO. 18:00etan, Jesusen Bihotzetik.
- GASTEIZ. 12:30ean, San Antonetik.
- BAIONA. 17:00etan, geltokitik.
- DONOSTIA. 12:30ean, Antiguako tuneletik.