Ahateak eta antzarak itzuli dira Tafalla gurutzatzen duen Zidakos ibaira. Mokoka dabiltza berriz, ohikoa den hamar zentimetro eskaseko ur emari geldoan. Uztailaren 8an, ordea, hainbat herritako kaleak bereganatu zituen. Kalterik handienak Tafallan izan ziren. Hilabete geroago, badirudi hiria bizimodu normalera itzultzeko lanek luze joko dutela, kalteak nabarmenak baitira oraindik ere.
Udalak hondeatzeko makinak kontratatu ditu, ibaiko hondakinak kentzeko. Goitik behera, errekaren magalak garbitu dituzte, ahalik eta azkarrena. Sega erraldoi bat pasatu dutela dirudi. Baina oraindik ere ikus daitezke ibaiertzetan hondoratu edo irauli ziren paretak, baita autoren bat ere.
Kaleek berezko itxura hartzen dihardute. Bizilagunen lanari esker lortu du Tafalla bizimodu normalera itzultzea. Ezinbesteko beharrei erantzun diete lehenik, nahiz eta lan asko falta den. Hirira sartzean, errepide eta espaloiek kolore ezohikoa dutela ikus daiteke. Duela lau aste, lohiak estali zuen guztia. Orain, bada hauts fin bat, garbitu eta berriz itzultzen dena. Lurrak berezko kolorea galdu du; marroixka dago dena.
Etxeetan ere ikus daiteke hondamendiaren arrastoa. Lehenengo begiradan ez da nabari: tabernak hasi dira martxan, atariak garbi daude, eta ordena da nagusi. Hala ere, garajeetako ate guztiak irekita daude; ezin dira erabili, egunero ateratzen baitute ura horietatik. Hezetasunak ez du garajeen paretetatik alde egiten. Detaileak. Zidakos errekaren parean dagoen txalet batek ondo dagoela dirudi. Hesiak zutik ditu, lorategia apain... Txirrinak, baina, ohar bat du itsatsia: «Ez du funtzionatzen». Detaileak.
Halako txalet batean bizi da Ana Armendariz. Etxera ez zen urik sartu, lehen pisua kaleko mailatik metro bat gorago baitu. Sotoan, ordea, sabairaino iritsi zen ura: «Dena botatzeko zegoen, lohiz betea». Uztailaren 8an, Armendarizek bigarren pisuko balkoitik ikusi zuen ibaia igotzen. Aurrean aparkaleku bat du. «Begira, azken autoa ateratzera dator auto garabia», dio, pozik. Aparkatuta dagoen 4x4 auto bat da; erabilgarri dagoela dirudi, baina ihes hodia estalia omen du. Hilabete bat pasatu da. Detaileak.
Erretiratzeko zailak diren hondakinak ikus daitezke: eroritako paretak, kasurako. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Gune kolpatuenak isilik
Uholdearen okerrena Martinez de Espronceda kalearen inguruan izan zen; Zidakosen meandro batean eraikitako etxebizitzak dira. Urak alderik alde gurutzatu zuen kalea, ibaiaren bide naturalari jarraituz. Denda guztiak itxiak daude, taberna bat izan ezik: zortea izan zuten, urak ez baitzuen topatu sartzeko lekurik. Lokal askotan ez da mugimendurik ageri. Martinez de Espronceda kalean dago erortzeko arriskuan dagoen eraikin bakarra ere. Guardia Zibilaren auto bat dago ondoan, atari zigilatua behatzen.
Kalteak kalte, galdutakoa lehengoratzean datza buruhaustea orain. Jesus Arrizubieta Tafallako alkatea bereziki kezkatua dago horrekin: «Jakin badakigu Tafallako bizilagunek orokorrean dirua galduko dutela, baina ez dakigu zenbat». Asegurua duten jabe askok ia bere osotasunean berreskuratu ahalko dute galdutakoa. Arazoa, ordea, asegurua ez dutenek izango dute, Arrizubietaren ustez. Diru laguntza bereziak lortu nahi ditu horretarako, gainerako administrazioekin hitz eginez.
23 udalerritan eragin zituen kalteak Zidakosek, baina Tafallan izan ziren handienak. Hirian soilik, 22 milioi eurotik gorako galerak kalkulatu ditu Tafallako Udalak. Horregatik izan zuen udal gobernuak zonaldea hondamendi eremu izendatzeko presa. Laguntza gehiago ekar ditzake horrek, bai udal administrazioarentzako eta baita norbanakoentzako ere. Nafarroako Gobernuak egina zuen jada tramitea; Espainiako Gobernutik, ordea, ez da deklaraziorik iritsi, eta horrek Madrilek eskain ditzakeen laguntzak oztopatzen ditu. «Gobernu berrien eraketak tramite guztiak atzeratu ditu, bai Nafarroan eta bai Espainian», dio Tafallako alkateak.
Jesus Arrizubietak ere auto galduen afera du buruan: «Aseguruek matrikulak balio duena ordaintzen dute bakarrik; hau da, norbaitek autoa lanerako behar badu, baina hamar urteko autoa baldin bazuen, orain ez diote itzuliko ibilgailu berria erosteko adina diru». 430 auto baino gehiago eraman zituen uholdeak ibaian behera, edo erabat matxuratu.
Puiun ireki dute jada N-121a; beraz, AP-15ak doakoa izateari utziko dio. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Etorkizunera begirada orain
Udalak protokolo berriak nahi ditu etorkizunean antzeko egoera bati aurre egiteko. Lehenik, ingeniari zibil bat kontratatu du txosten bat idatz dezan, galdera honi erantzun bat emateko asmoz: nondik iritsi zen ura uztailaren 8an, eta zergatik atera zen ibilbidetik? Bigarrenik, udalak, Nafarroako Gobernuarekin batera, alerta sistema bat abiarazi nahi du, ibaian gora kontrol estazioak eraikiz. «Ezustean harrapatu gintuen euriak», azaldu du Arrizubietak. «Pare bat ordu lehenago halako uholdea zetorrela jakin izan bagenu, kalte asko saihestuko ziratekeen».
Oraindik goiz da kopuru ekonomikoez gain uholdeek zer-nolako eragina izan duten jakiteko, baina pixkanaka bizimodu normalera itzultzen ari da. Puiun, adibidez, amaitu dituzte urak desegin zuen N-121 errepideko galtzadaren berreraikitze lanak; herenegun ireki zuten trafikoa. Eta AP-15 autobideko Imarkoaingo bidesaria ordainpekoa izango da berriz.
Abuztuaren 14an Tafallako jaiak hasiko dira. Jesus Arrizubietaren ustez, uholdeek izan dute onura bat:«Hiri osoak lagundu du; batu egin gaitu». Txupinazoa zortzi eskuk botako dute: udaleko zazpi alderdietako bakoitzak, eta konpartsako kide batek, taldearen 100. urtemugaren omenez. Elkartasunak batu egin ditu Tafallarrak; txupinazoa izango da horren isla.