Eusko Jaurlaritzak mahai baten bueltan jarri ditu erakunde publikoetako, gizarte elkarteetako eta etxebizitzaren esparru profesionalen antolakundeetako ordezkariak, «etxebizitza politika berritzaileak» aztertu, adostu eta proposatzeko. Izan ere, gaur izan dute Hirigintza eta Etxebizitza Foroaren lehen bilera, Bilbon. Euskalduna jauregian egindako batzarrean izan da Imanol Pradales lehendakaria, eta mahai horren helburu nagusi baten berri eman du: 2006ko Lurzoruaren Legea «sakon eta etengabe» aztertzea.
Lege horren arabera, lurzoru urbanizagarrian egin beharreko etxeen %75 babestuak izango dira, eta %25, libreak. Eusko Jaurlaritzaren kalkuluen arabera, etxe publikoak eraiki ahalko liratekeen lurzoru publiko eta pribatuak mobilizatuz gero, 75.000 etxebizitza egin ahalko lirateke Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. «Herritarrek galdetzen dute zergatik ez diren lurzoru horiek mobilizatzen edo zergatik egiten den hori hain mantso», adierazi du Denis Itxasok, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak.
Ez du erantzun argirik eman, nahiz eta iradoki duen Lurzoruaren Legea erreformatzea dela horretarako bidea: «denentzako erantzun bideragarriak» behar ditu auziak, Itxasoren iritziz. «Pribatuek ez dute etxebizitzarik egingo horrekin dirua galtzekoak badira. Hori noizbait onartu beharko dugu», adierazi zion Etxebizitza sailburuak BERRIAri, iazko azaroan egindako elkarrizketa batean.
Eskubidea eta ondasuna
Antzera mintzatu da gaur ere: «Etxebizitza gure legedian finkatutako eskubide bat da, baina baita merkatuko ondasun bat ere. Foro honek bi alderdiak orekatu nahi ditu, herritarren eskaerei erantzun eraginkorra emateko».
Erantsi duenez, burokratizazioa murriztea da prozesuak azkartzeko bide bat, eta udalekin elkarlanean aritzea da beste bat. Ildo horretatik, zera iragarri du Pradalesek: «Datozen asteetan Eudelekin akordio bat sinatuko dugu, hainbat lan ildorekin: Euskadin lurzoru publikoaren erreserba handi bat sortzea; dagoeneko kalifikatuta dagoen lurzoru publikoa mobilizatzea, etxebizitza babestua eraikitzeko; eta azalera handiko etxebizitza zaharren zatiketak bultzatzea, besteak beste».
EH Bilduren ustez, ordea, «sinesgarritasun arazo bat» dute Jaurlaritzak gaur aurkeztutako neurriek. «Udalak ikaragarrizko esfortzua egiten ari dira tentsio handiko eremuak izendatzeko, izendapen horiek egiteak esfortzu handia eskatzen duelako eta udalak baliabide oso gutxirekin egin behar dutelako hori. Nafarroan, EH Bilduren ekimenez, gobernuak berak hartu zuen lan hori egiteko ardura, baina hemen, aldiz, udalen gain uzten da ardura osoa», esan du Nerea Kortajarenak, EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak.
Gazteentzako abalak
Gaur lehendakariak aditzera eman duen beste neurri bat gazteekin dago lotuta. Iragarri duenez, alokairuaren fidantza estaltzeko eta hipotekaren finantzaketa osatzeko abalak martxan jarriko dituzte ekainetik aurrera. EAJren eta PSE-EEren gobernu programan jaso zuten jada neurri hori.
Dena dela, Etxebizitza Foroan ez dute abalez hainbeste eztabaidatuko. Hiru lan ildo izango dituzte; lehena Lurzoruaren Legeari buruzkoa izango da. Bigarrenik, eraikuntza prozesuetan berrikuntza teknologikoa nola txertatu aztertuko dute, eta, hirugarrenik, lankidetza publiko-pribatua nola garatu eztabaidatuko dute.
«Pertsona guztiek etxebizitza duina eta egokia eskuratzeko aukera gehiago sortzea lehentasun politikoa da Eusko Jaurlaritzarentzat. Oso erronka handia dugu. Ekiteko oso zaila da, eta horretarako denbora beharko da. Etxebizitzaren erronka ez da soluzio magikoekin konpontzen, baina Eusko Jaurlaritza gisa beharrezko urrats guztiak egingo ditugu Euskadin etxebizitza eskuratzeko aukera berriak sortzeko», nabarmendu du lehendakariak.