Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua

Denis Itxaso: «Lurzoruak mobilizatzeko, denok irabazle sentiaraziko gaituen formula bat bilatu behar dugu»

EAEko Lurzoruaren Legea eta Etxebizitza Legea berrikustearen alde egin du Denis Itxasok, lurzoruak mobilizatuz etxe babestu eta libre gehiago egiteko: «Pribatuek ez dute etxebizitzarik egingo dirua galtzekoak badira. Hori noizbait onartu beharko dugu».

Denis Itxaso, aurreko ostegunean, Gasteizen duen bulegoan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Denis Itxaso, aurreko ostegunean, Gasteizen duen bulegoan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Gasteiz
2024ko azaroaren 7a
05:00
Entzun

«Espainiako Gobernuaren ordezkari gisa apenas nuen kudeaketarik. Alegia, ordezkaritza kargu bat da, eta ez dago aurrekonturik, lantaldea kudeatu beharrik, hitzarmenik, kontraturik... Hemen hori guztia eta gehiago dago: diru laguntzak, aurrekontu gizenak...». Udaberrira arte Espainiako Gobernuaren ordezkari izan zen Denis Itxaso (Donostia, 1975) Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen ostean, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu izendatu zuen Imanol Pradales lehendakariak.

Nabarmendu duenez, Etxebizitza Sailaren aurrekontua da «berezko ahaleginekin» —Europako funtsak alde batera utzita, alegia— gehien igo dena, «pertsona orori etxebizitza duin bat helarazteko eskubidea betetzeko». Izan ere, etxebizitza larrialdia ez da nolanahikoa: 2015etik %26 garestitu dira etxeak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; eta azken urtean ia %6 gehiago balio dute alokairuek.

Zer dago garestitze horren atzean?

Batik bat, merkatuaren tentsio izugarria: eskaintza txikia da dagoen eskarirako. Eskaria asko handitu da, eta ez gure biztanleria handitu delako; gero eta jende gutxiago bizi da etxe bakoitzean, eta horrek esan nahi du etxe gehiago behar ditugula biztanleria bera mantentzeko. Eskaria handitzeak eta eskaintza izozteak berekin dakar prezioak gero eta garestiagoak izatea. Dena dela, datuen aurrean gure ekintza jarrera azpimarratu nahiko nuke, eta ozenki esan egoera honek baduela irtenbidea.

Euskal Herriko etxebizitza sindikatuen arabera, politikari guztien ideia zera da, etxebizitzaren arazoa konpontzeko negozioa sustatu behar dela. Bat zatoz adierazpen horrekin?

Ez, baina ezin da ahaztu etxebizitza gure gizartean, gizarte kapitalista batean, nahitaez aktibo finantzario bat dela —eta ez nuke horrela izatea nahi—. Horregatik, jende gehienak nahiago du etxebizitza jabetzan izan, alokairuan bizi baino. Hori horrela da, eta nik egin ditzakedan politika guztien artean akatsik handiena izango litzateke errealitatea ukatzea. Errealitatea ezin da ukatu, baina eraldatu daiteke, eta ni horren aldekoa naiz. Horregatik uste dut alokairuko etxebizitzak egin behar direla, eta, Etxebizitzaren Euskal Legeak dioen moduan, alokairuko etxebizitza babestuak besterik ez ditugu egingo. Hori inbertsio sozial bat da, eta gure helburua legealdi honetan ere, nahiz eta desoreka inoiz baino handiagoa izan.

Desoreka horri aurre egiteko eta etxebizitzarako eskubidea bermatzeko, erakunde publikoek esku hartu behar dute etxebizitzaren merkatuan?

Bai.

Eta hori nola egiten da?

Euskal alderdi politiko gehienek —ez denek— Diputatuen Kongresuan babestu genuen [Espainiako] estatu mailako etxebizitza lege berri bat 2023an. Lege horrek eskumena eman digu autonomia erkidegoei eta udalerriei tentsio handiko eremuak izendatzeko. Epe batez prezioen igoera mugatuta, denbora irabazteko aukera ematen digu. Denbora hori erabili behar dugu udalerriek etxebizitza babestu gehiago egiteko.

Horrekin lotuta daude hiru urteko ekintza planak?

Bai. Merkatuan izango dugun esku hartzea baliatu nahi dugu eskaintza areagotzeko. Eskaintza areagotu behar da, besteak beste, tentsioa ez delako beste modu batean arinduko. Bat baldin bagatoz tentsioa eskaintza txikiaren eta eskari handiaren ondorio bat dela, eskaintza areagotu beharko dugu. Horretarako, hiru urte horiek beharko ditugu gutxienez.

«Merkatuan izango dugun esku hartzea baliatu nahi dugu eskaintza areagotzeko. Tentsioa ez da beste modu batean arinduko»

Azaldu izan duzu Jaurlaritzak konpromisoa duela Espainiako Etxebizitza Legeari ahalik eta etekin handiena ateratzeko. Jaurlaritza osoak du konpromiso hori?

Bai. Badakit zergatik galdetzen didazun hori, eta normala da, aurreko legealdian EAJk helegite bat jarri ziolako lege horri. Idatzita eta PSE-EEren eta EAJren zigiluekin adostuta dago gobernu programa bat, non esaten den tentsio handiko eremuak izendatuko ditugula eta horren aldekoak garela. Gainera, guk, noski, Auzitegi Konstituzionalak esango duena onartuko dugu, eta horretan datza bi alderdien arteko akordioa.

«Foro sozial iraunkor bat» sortuko duzuela iragarri zenuen uztailean, etxebizitza politika berriak sustatzeko. Sortua da foro hori?

Prozedurak, tramiteak eta burokrazia. Horiek izango lirateke hiru hitzak. Espero dut urtea amaitu baino lehenago gobernu kontseilura eraman ahal izatea foroaren eraketa. Garrantzitsua izango da, besteak beste, hemendik gutxira mahaiaren gainean jarri nahi ditugun eztabaida gordin batzuei aurre egiteko. Eztabaida horiei aurre egiteko, foro horrek zer esan handia izango du.

Horrela esan eta gero, zeintzuk izango dira eztabaida gordin horiek?

Lurzoruaren Legea, adibidez. Indarrean dagoen Lurzoruaren Legea 2006koa da; gaur egungo egoerarekin konparatuta erabateko aldea duen garai batekoa da. Kezkatuta gaude Jaurlaritzan. Lege hura oso anbiziotsua eta aurrerakoia zen. Zera esaten zuen, adibidez: lurzoru urbanizagarrian egin beharreko etxeen %75 babestuak izango zirela, eta %25 libreak. Hori denok onartu genuen, baina 2015ean beste lege bat etorri zen: Etxebizitzaren Euskal Legea. Horretan ere oso anbiziotsuak izan gara, eta esan dugu botere publikoak egin beharreko etxebizitza publiko guztiek alokairukoak izan beharko dutela.

Zein izan dira lege horiek konbinatzearen ondorioak?

Guk dauzkagun datuen arabera, bat: botere publikoek diru berarekin etxebizitza babestu gutxiago egiten ditugula, alokairukoak egitea garestiagoa delako. Eta bi: promotore pribatuek askotan lurzoruak geldirik dauzkatela, hainbat operazio ez direlako errentagarriak. Zuk pribatu bati esaten badiozu urbanizazio kostuen portzentaje handi bat bere gain hartu beharko duela eta %75 babestuak izango direla —eta, beraz, prezio horiek mugatuta egongo direla—, askotan lurzoru hori ez da mobilizatzen. Pribatuek ez dute pizgarri ekonomikorik aurkitzen, eta inor ez da ausartzen dirua galtzen.

Orduan?

Hori birpentsatu beharko dugu, jakinda nola eboluzionatu duen merkatuak, nola eboluzionatu duten kostuek, nola eragiten duen gure orografia konplexuak hainbat lurzoru mobilizatu ahal izateko, nola eragiten digun hain lege ausart horiek izateak, eta, agian ausardia pixka bat apalduz, zenbat lurzoru mobilizatuko genituzkeen etxebizitza gehiago egiteko. Mezu nagusi bat dago: botere publikook bakarrik ezin diogu larrialdi honi aurre egin. Honetan, noski, botere publikoen elkarlana ezinbestekoa da, baina pribatuek ere badute zer esana.

«Gaur egun, gure datuen arabera, 75.000 etxebizitza egin daitezke geldirik dauden lur eremu pribatu eta publikoetan»

Birpentsatze horrek zer forma hartuko du?

Lurzoruak mobilizatzeko, denok irabazle sentiaraziko gaituen formula bat bilatu behar dugu. Pribatuek ez dute etxebizitzarik egingo horrekin dirua galtzekoak badira. Hori noizbait onartu beharko dugu. Udaletara joaten naizenean, EH Bildutik hasi eta EAJraino, denek ulertzen dute. Dinamika horretan, errealitatearen printzipio hori ezin dugu galdu. Nik nahi dudana da pribatuek ulertzea ez dutela egundoko negozioa egin behar. Onartuko dut zerbait irabaztea; bestela, badakit ez direla sartuko. Gaur egun geldirik dauden hainbat lurzoru egingarriak izan daitezen nahi dut.

Gaur egun, gure datuen arabera, 75.000 etxebizitza egin daitezke geldirik dauden lur eremu pribatu eta publikoetan. Nik ez dut esan nahi denak mobilizatuko ditugunik, baina horien %10 mobilizatzea lortzen badugu, 7.500 etxebizitza berri izango lirateke; hain zuzen ere, legealdi honetarako gure gain hartu dugun kopuruaren antzekoa.

Denak irabazle sentitzeko modua da etxe babestuen kopurua edo portzentajea txikiagoa izatea enpresek etekin handiagoa ateratzeko?

Ez nioke foro horri eztabaida kendu nahi. Ikusi beharko dugu, baina gaur egun dauden parametroek kasu askotan ez dute baimentzen etxebizitza babestuak egitea. Nik etxebizitza babestu gehiago egin nahi ditut. Agian portzentaje horiek aldatuta, bigunduta, malgututa, etxebizitza babestu eta libre gehiago egitea lortuko genuke.

2015eko EAEko Etxebizitza Legearen arabera, erakunde publikoek egindako etxebizitza promozioen %40k babestuak izan behar dute lurzoru urbanoan. Ez da maiz gainditzen gutxienekoa.

Legeak oso politak geratu daitezke buletinean argitaratuta, eta oso anbiziotsuak eta ausartak izan gaitezke gure helburuetan, baina lurzoru horiek askotan enpresa pribatuen eskuetan daude. Horiei esaten badiegu: «Nik onartuko dizut hemen operazio bat egitea, baina %40k babestua izan behar du». Haien kalkuluak egiten dituzte, eta, egin ondoren, esaten dizute: «Etorriko gara beste hamarkada batean. Ez zaizkigu kontuak behar bezala ateratzen, eta, beraz, dirua galdu behar baldin badut, enpleguak arriskuan jarri behar baldin baditut eta enpresa ixteko arriskua baldin badaukat, ez dut egingo».

Hala ere, beti ez dira enpresa pribatuak. Donostiako Udalak Loiolako kuartelen lursailean eraikiko dituen etxeen %40 izango dira soilik babestuak.

Nik ulertzen dut udalak, egindako esfortzu ekonomikoarekin, kontuak atera behar dituela zorpetzea kontrolatua izateko; egingarria izan behar du, alegia.

Orokorrean, %40 horren barruan denak ez dira babes ofizialekoak izaten; asko tasatuak izaten dira. Merkatuko prezioaren azpitik daude, baina ez dira oso merkeak izaten.

Gaur egun, euskal gizartean, eredu guztiak dira beharrezkoak, eskaria izugarrizkoa da-eta segmentu guztietan.

«Agian, [etxe babestuen gutxieneko] portzentajeak aldatuta, etxebizitza babestu eta libre gehiago egitea lortuko genuke»

Lehenago eztabaida gordinak izango direla aipatu duzu, pluralean. Lurzoruaren Legearenaz gain, besteak zeintzuk izango dira?

Euskadi da Espainia mailan hutsik dauden etxebizitza gutxien duen erkidegoa.

9.000 inguru daude.

Eskaria dagoen lekuetan eta gaur egun, merkatura iritsi daitezkeen etxebizitzak 9.000 inguru dira, baina gehiago daude: 47.000 inguru dira oro har hutsik dauden etxebizitzak. Hutsik dauden etxebizitza horiek lehentasuna dira, nahiz eta ez diren hainbeste. Horretarako, pizgarri handiagoak egon behar direla uste dut; hori da foroan martxan jarri nahi dugun eztabaida. Tentsio handiko eremuetan pizgarriak areagotuko ditugu modu koherente batean; tentsio handia baldin badago, pizgarriek are erakargarriagoak izan behar dute. Baina pizgarri guztiak jabeen eskuetan jarri ondoren, jabeek ez baldin badute beren etxebizitza alokairuaren merkatuan jarri nahi, zigorrak etorri beharko lirateke; besteak beste, etxebizitza hutsaren kanona.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.