«Euskal Autonomia Erkidegoak gauza asko egin ditu ondo etxebizitza arloan, baina egungo egoerak pauso berriak ematera behartzen gaitu, eta azkar aritu behar dugu». Denis Itxasok, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak, gaur iragarri du lurzoruaren, etxebizitzaren, turismoaren eta ingurumen administrazioaren zenbait lege erreformatuko dituela, etxeak azkarrago eraikitzeko eta alokairuaren merkatua «orekatzeko». Nola? Hirigintza irizpideak «malgututa», besteak beste. Hau da, lurzoru urbanizagarrietako etxe babestuen proportzioa %75etik %60ra jaisteko aukera eman nahi die Jaurlaritzak udalei.
Gaur egun indarrean dagoen Lurzoruaren Legearen arabera —2006koa da—, lurzoru urbanizagarrietan egin beharreko etxeen %75ek babestuak izan behar dute, eta %25ek libreak. «Eragiketa bakoitzaren bideragarritasuna bermatzeko» eman nahi diete udalei ehunekoak «doitzeko» aukera. «Hala eskatzen duten udalek babes ofizialeko etxebizitzen kopurua gutxienez %60an finkatu ahal izango dute, osoko bilkurak hala erabakitzen badu», zehaztu du Etxebizitza eta Hiri Agendako Sailak, ohar baten bidez.
Neurri jakin hori gaitzetsi du EH Bilduk. «Babes ofizialeko etxebizitzen defizita dugu, eta legeak eskatzen dituen gutxieneko ehunekoak jaisteak are gehiago zailduko du etxebizitza parke publikoa handitu ahal izatea; etxebizitza babestuen eskaintza publikoa automatikoki murriztuko da horrela», azaldu du Xabier Astigarraga legebiltzarkideak. Etxebizitzaren arloan esku hartzeari uko egiten ari dela leporatu dio Jaurlaritzari, eta, horrela, interes pribatuek «nahi bezala jarduteari» bide ematea.
Lege proposamen bat
Neurri horrez gain, ordea, beste hainbat ere proposatu ditu Itxasok gaur. Erreforma horiek guztiak lege proposamen batean bildu ditu —etxebizitzaren eta hirigintzaren arloko premiazko neurriei buruzko legea deitu dio—, eta aurki aurkeztuko du Eusko Legebiltzarrean. EAJ eta PSE-EE bat etorri dira lege proposamen horretan, eta «premiaz» indarrean sartzeko asmoa du Itxasok. Horregatik, Jaurlaritzak ez du lege proiektu gisa aurkeztuko Eusko Legebiltzarrean; talde parlamentarioek eramango dute parlamentura, lege proposamen gisa, zenbait kontsulta organotatik igaro beharra saihestuta.
Ikusteko dago etxebizitza foroa ere saihestu ote duen. Erakunde publikoetako, gizarte elkarteetako eta etxebizitzaren esparru profesionalen antolakundeetako ordezkariak biltzen ditu foro horrek, «etxebizitza politika berritzaileak» aztertu, adostu eta proposatzeko. Bilera bakarra egin dute orain arte, eta ez dago argi gaur Jaurlaritzak aurkeztu duen lege proposamena osatzen duten neurriak foro horretan adostu dituzten edo ez. «Horrelako ekimen legegileak topagune horretatik kanpo planteatzeak agerian uzten du Jaurlaritzak makillaje parte hartzaile bat baino ez duela egin nahi izan foro horrekin», salatu du EH Bilduk.
Hirigintza irizpideak «malgutu» ez ezik, etxe babestuetarako lurzoru erreserba estrategiko bat sortzea ere erraztuko du legeak, eta, horrekin batera, babes ofizialeko etxeak sustatzeko Jaurlaritzak beharko dituen lurzoruak eskuratzeko prozedura «sinplifikatu eta arindu» egingo dute. Horretarako, Eudelekin lankidetzan arituko dira, Jaurlaritzak nabarmendu duenez.
Burokrazia arintzea
Burokrazia arintzea da, azken finean, lege proposamenaren helburu nagusietako bat. Horretarako, epeak murriztea dute xede, eta horri neurria jarri dio Jaurlaritzak: «hirigintza izapideetan administrazio epeak %50eraino murrizten lagunduko duten mekanismoak bilatzea» da legearen asmoetako bat. Zertarako azkartu nahi dituzte, ordea, prozedurak? «Etxebizitza babestuaren garapena errazteko», besteak beste. Administrazio isiltasun positiboa ezartzeko legezko bide posibleak aztertuko dituzte. Administrazio isiltasun positiboak zera esan nahi du: administrazio publikoak eskari bati erantzuten ez badio, ontzat jo duela ulertu behar da. Espedienteen jarraipena ahalbidetzeko egon litezken beste bide juridiko batzuk ere ireki nahi dituzte.
Prozedurak azkartze aldera, beste neurri hau ere jasoko dute legean: «[Espainiako] Estatuaren Kontratuen Legean aurreikusitako presazko kontratazio formulak erabiltzea, bizitegi larrialdiko egoera baten aurrean epeak murriztu ahal izateko». Lege horrek dioenez, bi arrazoiren arabera baliatu liteke presazko kontratazio formula: behar atzeraezin bati erantzuten badio, edo interes publikoagatik adjudikazioa azkartzea komeni bada. Ohiko prozeduretarako behar izaten den denboraren erdia behar izaten da presazko kontratuak egiteko, legearen arabera.
«Etxe eskasiak eta daudenak garesti izateak arazo larriak eragiten ditu gizartean eta lurraldean, baita lehiakortasun ekonomikoan ere»
DENIS ITXASOEusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua
Beste berritasun bat hau da: etxe babestuen eraikinetan solairu gehiago altxatu ahalko dira. Horrela, etxe publikoen parkea «trinkotuko» dute lurzoru gehiago behar izanik gabe. Jaurlaritzaren kalkuluen arabera, 2.000 etxe berri sortzeko aukera ematen du neurri horrek.
Tentsio handiko eremuei ere erreparatuko diete, eta zenbait arau zorroztuko dituzte haietan. Batetik, tentsio handiko eremuetan arauak betetzen ez dituzten jabeak zigortuko dituzte, «espekulazioa mugatzeko eta bidezko prezioak bermatzeko». Ez dute xehetasun handirik eman «zehapen espezifiko» horiei buruz, baina zehaztu dute alokairuaren erregulazioa indartu asmo dutela horretarako. Bestalde, debekatu egingo dute tentsio handiko eremuetan pisu turistiko berriak irekitzea. Eraikuntzaren industrializazio estrategia propioa lantzeko beharra ere nabarmendu du Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak.
«Eskaintza krisia»
Bilboko Hercilla hotelean egindako Forum Europa. Tribuna Euskadi topaketan eman du Itxasok neurri horien guztien berri. Nabarmendu du etxebizitzaren krisia «eskaintza krisia» dela: «Etxe eskasiak eta daudenak garesti izateak arazo larriak eragiten ditu gizartean eta lurraldean, baita lehiakortasun ekonomikoan ere, errenta erabilgarria oztopatzen baitu eta talentua erakartzea baldintzatzen baitu ezagutzan trinkoak diren sektoreetan, edo eskulan handia eskatzen duten sektore ekonomiko eta lan merkatu nagusietan, hala nola zaintzan eta turismoan».
Auziari neurria hartzeko, Itxasok ohartarazi du «klase ahulena» ez ezik jada erdiko klasearen arazoa ere badela: «Emantzipatzeko batez besteko adina kolokan ikusten dute, eta etxebizitza babestuaren eskatzaileen erregistroa handitzen ari dira. Garai batean, arazo horiek zentzuzko merkatu libre batean konpontzen zituzten, baina orain etxebizitzaren kostuei aurre egiteko diru sarreren %40, 50 edo 60 enbargatuta ikusten dute».
Hala ere, nabarmendu du arazoak «irtenbidea» duela. Horretarako erakundeen arteko lankidetza behar dela azaldu du, baita «baliabideak, akordioak eta premiazko erreformak» ere. Ildo horretan txertatu du etxebizitzaren eta hirigintzaren arloko premiazko neurriei buruzko legea.