Nekazaritzarako lurrak

Lursailaren salmenta oztopatzea lortu dute Arbonako laborariek

79 eguneko okupazioaren ondoren, lursailaren jabeak ez du onartu lurrak Safer egiturari saltzea, eta bertan behera geratu da salmenta.

Gaur, 20:00etan eman dute prentsaurrekoa. BERRIA
Oihana Teyseyre Koskarat.
2021eko irailaren 9a
20:31
Entzun

79 eguneko okupazioaren ondotik, erantzuna eman dio Arbonako lurren jabeak Safer laborantza lurrak kudeatzen dituen egiturari. ELB laborarien sindikatuak eta Lurzaindia elkarteak gaur arratsean eman dute jakitera. Salmenta geldiaraztea lortu dute: erosle gaia erretiratu egin da prozesutik. Hala eta guztiz ere, jabeak ez du onartu Safer egituraren lehentasunez erosteko galdea. Oraingoz, beraz, Lurzaindiak eta ELBk Saferrekin eta jabearekin negoziatzen segituko dute. Izan ere, jabeak proposatu dio Safer egiturari ondasun guziak hark ezarritako prezioan erosteko. Negoziazioak iraunen duen bitartean, okupazioarekin segituko dute, «indar harremanarekin segitzeko».

Berria pozez hartu dute arratsean bertaratu diren ehunka lagunek. Dominique Ameztoi ELBko kideak nabarmendu du «herri proiektua» dela Arbonakoa. Hala, herritarrei dei egin die segidari buruzko proposamenak egiteko.

Gainera, Euskal Hirigune Elkargoa negoziazio prozesura batzea «lorpentzat» jo dute ELBk eta Lurzaindiak, eta hautetsiekin batera lurraren kudeaketari buruzko hausnarketak eginen dituztela erran dute.

Duela zenbait hilabete, Lurzaindia elkarteak jakin zuen Arbonako (Lapurdi) laborantza lur batzuk salmentan ezarri zituela jabeak; hamabost bat hektarea lur eta hiru etxebizitza: nagusi bat eta ondoko bi bazter bastiza. Ondasuna hiru milioi eurotan erostekotan zen andre bat, eta, hain zuzen, «prezio espekulatiboa» salatzeko hasi zuten okupazioa ELBk eta Lurzaindiak. Laborantza lurrak okupatu zituzten duela 79 egun. Uztailaren 15etik goiti, etxe nagusian sartzea deliberatu zuten, eta bertan segitu dute orain arte. Anartean, Safer laborantza lurrak kudeatzen dituen egiturak lurrok erosteko lehentasunezko galdea egina zuen, 100.000 eurotan. Negoziazio luze eta katramilatsu baten ondotik, erantzuna jaso zuen, beraz, Safer egiturak, jabeak irailaren 16a zuelarik erantzuteko azken epea.

Abuztu bukaeran, gainera, BOST Berroetako Okupazioko Sostengu Taldea sortu zuen herritar talde batek okupazioa biziarazteko helburuarekin. Erantzuna ukan berritan, deliberatu dute aitzina segitzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.