Lurra mugitzen zela sentitu zuten atzo gauean Muskizko, Abantoko eta Gallartako (Bizkaia) herritar ugarik. Richter eskalako 1,7 graduko lurrikara txiki bat izan zen 23:53an. Asaldura eragin zuen, baina zauriturik eta kalterik ez, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera.
Espainiako Institutu Geografikoak jakinarazi duenez, Muskizko hego-mendebaldean izan zen lurrikara, hamar kilometroko sakoneran. Laburra eta arina izan zen, baina herritar ugarik SOS Deiak zerbitzura jo zuten, kezkaz. Izan ere, lurrikarak ez dira ohikoak inguru horretan. 2015. urtean izan ziren lurrikara batzuk Enkarterrin; handiena 2,5 gradukoa izan zen, Trutzioz inguruan.