Lurraren defentsarena aldeko hamaika ahots ozendu dira gaur Gasteizen Euskal Herria Bizirik taldeak deitutako manifestazioan. Euskal Herrian abian jarri diren eta jarriko diren hainbat proiektuk lurra «suntsituko» dutela salatzeko, protesta jendetsua egin dute Euskal Herriko txoko ugaritatik iritsitako ehunka lagunek. Planta fotovoltaikoen, parke eolikoen eta eraikuntza proiektuen aurkako aldarriak entzun dira manifestazioan, besteak beste. Egitasmo horien «inposizioaren» aurka, herritarren indarra aldarrikatu eta «kaleak hartzera» deitu dute.
Euskal Herrian lurraren eta ingurumenaren defentsan ari diren taldeak daude Euskal Herria Bizirik sarean, eta, gaurko manifestazioan, tokian tokiko plataformen aldarriak batu egin dira Euskal Herria ez dago salgai! pankarta nagusiaren babesean. Denera, 149 eragilek babestu dute Euskal Herria Bizirik taldearen deialdia, eta haien ahotsa ere ozen entzun da manifestazioan. «Ez, ez, ez, horrela ez», «Ama lurra defenda dezagun» eta «Euskal Herria ez dago salgai» leloak behin eta berriz oihukatu dituzte. Nekazarien traktoreak izan dira mobilizazioaren buruan, eta heriotza irudikatzeko gurutzeak eta haize errotak eraman dituzte hainbat parte hartzailek.
Herritarrak, «babesgabe»
«Hau da bidea». Lurraren aurkako «basakeria» gelditzeko, indarrak batzera deitu dute manifestazioren deitzaileek manifestazioaren amaieran: «Behar den guztietan hartuko ditugu kaleak; inposizioen aurrean indarrak batu, eta argi esango diegu: 'Ez dizuegu utziko nahi duzuena egiten. Aurrean izango gaituzue'».
Enpresa eta instituzioak seinalatu dituzte, «haiek energia eta ondasun naturalak pribatizatu eta negozioa egiteko» baliatzen dituztelako. Bestalde, erakunde nagusien erantzukizuna kritikatu dute, «herritarron ongizatearen aurretik enpresen irabaziak lehenesten dituztelako».
«Behar den guztietan hartuko ditugu kaleak; inposizioen aurrean indarrak batu, eta argi esango diegu: 'Ez dizuegu utziko nahi duzuena egiten. Aurrean izango gaituzue'»
EUSKAL HERRIA BIZIRIK
Horren adibide jarri dute EAEko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala (LPS), udalei eskumenak kenduta eta «enpresei mesede» eginez aterako baitute aurrera. Gogorarazi dute 4.000 alegaziotik gora aurkeztu zaizkiola LPSari, baina gehienei ez zaiela erantzun. Eusko Jaurlaritza eta EH Bildu erantzule egin dituzte, eta «Oteroren eta Tapiaren besarkada lotsagarria» kritikatu.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lurraldeetan energia berriztagarrien azpiegiturak non eta zer baldintzatan kokatu ahalko diren erregulatuko du plan horrek, baina herritarren iritzia eta parte hartzea ez dela aintzat hartu salatu dute manifestazioan. EH Bizirik taldekoentzat, lurraldea antolatzeko orduan herritarrak «babesik gabe» utzi dituzte; Oion eta Arratzua-Ubarrundiko (Araba) udaletan geratutakoa jarri zuten adibide gisa. Azken udalerri horretan gertatutakoa gogoan hartuta, berriz ere kritikatu dute EH Bildu: «Zinegotzi batzuek beren printzipioei eutsi diete; alderdiek, ordea, ez».
Lurraren defentsaren arloko «kriminalizazioa» ere hizpide izan dute, eta gogora ekarri dituzte Aroztegiko proiektuaren aurkako auzia eta Euskal Herria Bizirik-eko kide baten aurkako isuna.
Palestinarekin Elkartasuna kolektiboak ere hartu du hitza manifestazioaren amaieran. Adierazi dute elkarri lotuta daudela Palestinako eta Euskal Herriko lurraren aldeko borrokak, eta bietarako irtenbidea «antolakuntza» dela.
Azkenik, EH Bizirik-ek hiru mobilizazioren berri eman du: martxoaren 29an AHTaren aurkako mendi martxa egingo dute Altsasun (Nafarroa), apirilaren 2an manifestazioa Oionen (Araba), eta maiatzaren 17an eta 18an kanpaldia Uribarri Jauregin (Araba).