Lurraren %30 babestu behar litzateke naturaren onurei eusteko

Babestu beharreko «aktibo natural kritikoak» identifikatu dituzte Unai Pascualek parte hartu duen ikerketa batean. Ongizatean eragiten duten ekosistemak dira

Mexikoko koral arrezifeak kaltetuta daude turismoarengatik (artxiboko irudia). OCEANUS.
Isabel Jaurena.
2022ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Lokalak globalean eragiten du. Giza ongizatean laguntzen duten tokiko ekosistemak kontserbatuko balira, errazagoa izanen litzateke biodibertsitate, klima eta garapen helburu globalak lortzea. Hori ondorioztatu dute Nature aldizkarian argitaratu berri den ikerketa batean, non, bertzeak bertze, Unai Pascual Ikerbasqueko ikertzaileak parte hartu duen.

Basque Centre for Climate Change (BC3), Ikerbasque eta Minnesotako Unibertsitateko Natural Capital Proiektuko adituek egin dute ikerketa, eta mundu osoko «aktibo natural kritikoak» identifikatu dituzte. Ongizatean eragiten duten ekosistema natural eta erdi naturalak dira aktibo horiek. Ikerketarenarabera, eremu horiek desagertzeak ondorio nabarmenak izanen lituzke gizakiaren ongizatean. Beraz, ikerketak erakusten du natura kontserbatzea lagungarria litzatekeela giza ongizateari eusteko, bai tokian-tokian, bai mundu osoan. Ikerketan azaldu dute lurraren %30 eta kostaldeko uraren %24 kontserbatuz gero naturak gaur egun gizakiari egiten dizkion ekarpenen %90i eutsi ahal izanen litzaiekeela. Hortaz, ikerlari taldearen proposamena da lurraren eremu naturalen %30 babestea.

Ikerlariek eremu horiek kontserbatu behar direla diotenean, ez diote erreferentzia egiten eremu horiek babesteari bakarrik. Eremu babestuak tokiko aktibo natural kritikoen %15 soilik baitira. Hortaz, adituek diote gainerako eremuak ez direla zertan zaindu giza erabilera eta sarbidea mugatzen duten neurriekin, badirela bertze alternatiba batzuk, hala nola tokiko komunitateen eta komunitate indigenen gobernantza sistemak eta itsasoaren eta lurraren erabilera jasangarria.

Agintarien lana

Nazio Batuen Aniztasun Biologikoari buruzko Hitzarmena (CBD) Montrealen (Quebec) elkartuko da hemendik aste batzuetara, alor horietan helburu berriak finkatzeko: biodibertsitatearen kontserbazioa, leheneratzea eta kudeaketa. Orain arte ekosistema eta biodibertsitatea babesteko finkatu diren helburuek, ordea, kritikak piztu dituzte, komunitate indigenen eta tokiko bertze komunitateen beharrak ez direlako kontuan hartu, bertzeak bertze.

Gabezia horri aurre egiteko garatutako txostena da Nature aldizkarian argitaratutakoa. Izan ere, giza ongizatean eragiten duten aktibo natural kritikoak identifikatzeak nabarmen errazten du natura babesteko erabakiak egokiago hartzea.

Becky Chaplin-Kramer Minnesotako Unibertsitateko ikerketagile nagusia: «Deigarria da zenbat jendek ateratzen dion onura mundu osoko lurrazalaren zati txiki samar bati. Eremu horiei egungo egoeran eutsi ahal izanen bagenie, gai izanen ginateke jendearentzako onura horiek urteetan bermatzeko, bai tokian-tokian eta bai mundu osoan».

Aktibo natural kritikoak

Pascualek parte hartutako ikerketan hamalau aktibo natural kritiko identifikatu dituzte, eta mundu osoko mapa batean kokatu. Gainera, eremu horietan zenbat pertsona bizi diren eta horietaz zenbat pertsona baliatzen diren ere neurtu dute. Aktiboetako hamabik tokian tokiko eragina dute, eta haietako bik, eragin globala.

Horien artean daude, bertzeak bertze, nitrogenoaren edo sedimentuen atxikipena, uraren kalitatea erregulatzeko; ganaduarentzako bazka; etxean eta merkataritza arloan erabiltzeko egurra; aisialdirako lurreko naturarako sarbidea; itsasoko aisia koral arrezifeen turismoa; eta ekosistemen karbono erreserbak.

Ekosistema horiek munduan barrena banatuta daude, eta, ikerketaren arabera, herrialde guztietan aurkitu daitezke mundu zabaleko biodibertsitateari eusteko ezinbertzekoak diren eremuak. Horietako batzuen balioa jakina da Kongo ibaiko arroetako basoena, adibidez. Bertze zenbait, ordea, ez dira hain ezagunak, baina ezinbertzekoak dira tokiko komunitateendako.

Pascualen erranetan, ikerketak egindako identifikazio lanak ziurtatzen du «aurrerantzean ere ur garbiaren hornidura, elikagaien segurtasuna, ekaitzen aurkako babesa eta naturaren gainerako onurak tokiko komunitateetara eta gizateria osora iritsiko» direla. Gainera, identifikazio horrek agintariei informazioa emanen die martxan jartzen diren kontserbazio politikek tokiko komunitateetan izan ditzaketen ondorioak kontuan hartzeko.

«Mota honetako ikerketei esker, zubi lana egitea espero dugu kontserbazioari eta garapenari dagozkien ahaleginak optimizatzeko interesa duten mundu osoko profesionalen eta arduradun politikoen natur balioen artean», azaldu du Pascualek.

Naturak gizakiari egiten dizkion ekarpenen inguruan orain arte mundu osoan egin den maparik osatuena sortu dute ikerketan. Landu den ikuspuntua hainbat erabaki eremutan erabil daiteke, eta tokian tokiko adituen ekarpenekin osa daiteke. «Mapa globalek ikuspegi globala eman dezakete, eskala handiko patroiak agerian utzi, baina tokiko testuingurua behar dute erabakiak hartu ahal izateko», dio Chaplin-Kramerrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.