Proiektu kooperatiboei ikusgarritasuna emango diete gaur Arantzazun (Oñati, Gipuzkoa), eta, aldi berean, horiek indartzeko eta saretzeko garatu beharreko politika publikoez gogoetatuko dute, Katalunia eredutzat hartuta. Goiz osoko jardunaldia antolatu du, helburu horrekin, KoopFabrikak, Olatukoop sarearekin, Mondragon Unibertsitateko Lanki Kooperatibismoaren Ikertegiarekin eta GEZKI institutuarekin elkarlanean: Lurraldeak eta kooperatibak: Katalunia eta Euskal Herriko esperientziak.
«Azken urteetan Euskal Herriko lurraldeetan kooperatibak eta horiek batzen dituzten sare zein talde ugari sortzen ari dira, eta bakoitza bere lurraldeko errealitatearen arabera gorpuzten ari da», antolatzaileen arabera. Horien «sustapenerako eredu propioez» hausnartzeko xedez jo dute Kataluniara, han abian jarritako «politika publiko berritzaileak emaitza interesgarriak» izaten ari direla iritzita.
Zazpi urte atzera ezarri zuten mugarria Katalunian, Arianne Kareaga Lankiko ikertzaileak eta KoopFabrikako kideak azaldu duenez. Ordura arte ekonomia soziala eta kooperatibismoa sustatzeko programak «goitik beherako logika» jarraitzen zutela zehaztu du, baina lurraldeetan errotutako ehun kooperatiboa sustatzen hasi zirela ordutik aurrera, Generalitatearekin elkarlanean. «Hortik aurrera, emaitzak hobeak izan dira». Bi herrialdeak parekatu ditu Kareagak; ez euren arteko antzekotasunak nabarmentzeko, biek ere euren baitan «lurralde oso-oso desberdinak» dituztela erakusteko baizik. Hain justu, lekuan lekuko beharren araberako sare kooperatiboak eratu beharraz aritu da: «Bilbon eta Nafarroako Pirinioetan ez dira berdinak beharrak, ez artikulazio maila, ez beste ezer. Alde horretatik, lurraldetik eta lurralde horretako protagonistetatik abiatu behar da».
Eredu deszentralizatua
Katalunian, Ateneo Kooperatiboen Sareak bermatzen du proiektu kooperatiboen eremuz eremuko banaketa eta horien saretzea. Hamalau ateneo daude guztira, eta Generalitatearen Ekonomia Sozialeko Programaren barruko zerbitzu publiko moduan jarduten dute. Programa horren zuzendari Josep Vidal i Fabregak azaldu duenez, herrialde osoan zerbitzu hori bermatzea izan zuten hasieran lehentasun behinena. Horrekin batera, ordea, beharrezkotzat ikusi zuten administrazioak mugimendu kooperatiboan arituekin alboz albo jardutea: «Pertsonak eurak dira kooperatibak sortzen dituztenak, eta hori egiteko moduak hobekien azal ditzaketenak».
Aliantza txikietatik hasi, eta egun duen tamainara heldu zen sarea: 14 ateneo ditu herrialdean. Kopurua bainoago, administrazioaren eta sare kooperatiboaren arteko kooperazioa nabarmendu du Vidal i Fabregak, ordea:«Garrantzitsuena da, batetik, garapen horretan eraikuntzarako espazio bat sortzen dela mugimendu kooperatiboaren eta administrazioaren artean, ateneoetan zer zerbitzu eman hobeto definitzeko. Eta, bestetik, autoantolakuntzarako espazioak direla, parte hartu nahi duen ezein eratako kooperatibari irekiak».Ateneo bakoitzak gutxienez hamabost kooperatiba biltzen ditu, zenbaiten barruan gehiago ere badauden arren. Hain justu, hiru ateneotako kideak izango dira gaur Arantzazun: Tarragonako CoopCamp, Lleidako Ponent Coopera eta Bartzelonako Coopolisekoak.
Ateneoez gain, proiektu singular deiturikoak ere sustatzen ditu Ekonomia Sozialeko Programak. Aurrekoen «osagarriak» dira, Vidal i Fabregaren esanetan, eta «indarrean dauden kooperatibak indartzea» dute xede. Gutxienez bi proiektu kooperatibo elkartuta sortzen dira. Jarduera ekonomikoa ezarri beharrean, «egiteko modua» ezartzen du Ekonomia Sozialeko Programak, Vidal i Fabregak zehaztu duenez. Hala, «proiektu komun baten behar eta estrategiak» irudikatzen dituzte elkarrekin haren parte direnek, eta, aldi berean, parte diren komunitatearen garapenean ekarpena egiten dute. «Helburua da mugimendu bakoitzak erabakitzea zer den estrategikoa lurralde eta ekosistema bakoitzean».
Sinkronizatu beharra
Kooperatibismo eraldatzailea sustatzeko politika publikoez ariko da gaur Vidal i Fabrega. Izan ere, 2016tik hona, Generalitateak nabarmen handitu du ekonomia soziala eta kooperatiboa sustatzera bideratutako aurrekontua. Aurten, zuzentzen duen programara 50 bat milioi bideratuko dituztela zehaztu du Vidal i Fabregak. Zenbakietatik harago, ordea, «aldaketa kualitatibo garrantzitsuena» da mugimendu kooperatiboaren eta administrazioaren «estrategiak» norabide berean jartzen dituztela politika horiek, haren iritziz. Ondorioz, mugimendu kooperatiboa eta herritarrak «ekonomikoki boteretzen» dira, batetik, eta kooperatibek eta ekonomia sozialeko enpresek zuzenean parte hartzen dute politikan, bestetik: «Ez esklusiboki kooperatibarena den jarduera ekonomikoa garatzeko bakarrik, baizik eta kooperatibek komunitatean parte hartzeko estrategia baten barruan». Jasotzen dituzten laguntzak, zuzenean nahiz zeharka, «herritarren bizi kalitatea eta inpaktu komunitarioa» hobetzen dutela azaldu du.
Horretara iristeko, baina, urteetako inertzien eta egiteko moduen kontra ere egin behar dute, bai erakunde publikoek eta baita kooperatibek eurek ere. Lehenengoek «elkarrekintza beharrezkoa dela» ulertu beharra dute, Vidal i Fabregak dioenez, eta mugimendu kooperatiboek, berriz, jabetu behar dute «erabakiak eurek ere hartzen dituztela, eta, horrenbestez, proposamen zehatzak egiteko gai izan behar dutela, ez soilik ideologikoak».
Ekonomia sozial eta eraldatzailea hazten ari da Euskal Herrian ere, baina Kareagak uste du halako proiektuek «babes instituzionala» falta dutela, eta nahikoa baliabide ez dutela zenbait proiekturen beharrei erantzuteko: «Sentsazioa dugu aspaldian proiektu konplexuak heldu direla gure eskuetara, eta ezinean gabiltzala». Gaurko jardunaldia «ekonomia sozialaren bueltan dauden familien arteko lankidetzan» sakontzeko baliatu nahi dute, nabarmendu duenez.
Lurraldetutako ekonomia soziala ikasgai
Proiektu kooperatiboak sustatzeko Euskal Herrian abiarazi beharreko politika publikoez ariko dira gaur Arantzazun. Eredutzat hartuko dute Katalunian egindako bidea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu