Lurralde egitura. Sylviane Alaux. PSko diputatua

«Lurralde honen nahia entzunarazi diogu ministroari»

P.TOHIER / PHOTOMOBILE.
Jenofa Berhokoirigoin.
Paris
2012ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Deszentralizazio ministroarekin bildu den ordezkaritza zabala izanak «garrantzia» daukala dio Sylviane Alauxek. «Tokian-tokian adostasun orokorra lortzeko dagoen nahikeria hori islatu da, eta ezin du ez ikusiarena egin».

Pozik atera zarete Marylise Lebranchurekin ukandako bileratik.

Bai, pozik, zeren Marylise Lebranchu oso argiki mintzatu da, erranez ezetza erantzuteko izan balitz ez zuela egingo bilera hori. Elementu oso baikorra da hori. Bestalde, bileran esandakoa apuntatu dut. Horrela dio: «Izanen da [Ipar Euskal Herriaren] aitortza Errepublikaren partetik, Estatuaren izenean ministerioak ezagutuko du, orain eskaerari erantzungo dion egitura instituzional egokiena aurkitzeko lana eraman behar dugu». Egutegi bat badagoen planteaturik galdetu diogu, eta erantzun digu argiki ez dela egutegi berezirik horrentzat, legearen [deszentralizazio erreforma] egutegia dagoelako. Hori erabat logikoa da.

Tresna instituzionalaz hitz egin du. Horrek erran nahi du gaur egungo elkarte modua baino harago joanen dela?

Guk esperantza hori dugu, dudarik gabe. Anbiziotsu izaten segitu behar dugu, hori oso garrantzitsua da. Gure nahia, hau da gure lurraldearen nahia entzunarazi diogu. Prestasun, segurtamen eta deliberamendu handiarekin entzunarazi diogu, eta uste dut entzun duela.

Justuki, ezagupen instituzionalaren eskaerak duen sostengu zabalaz eta anitzaz kontziente ote da Lebranchu ministroa?

Bai, eta horrek bere garrantzia du. Mahaiaren inguruan sentsibilitate guztietakoak egon izanak ukan du eragina. Tokian-tokian adostasun orokorra lortzeko dagoen nahikeria hori islatu da, eta ezin du ez ikusiarena egin. Adostasun orokor hori ez dugu beti ukan, hori ezin dugu ukatu, baina gaur egun badugu. Atxiki behar diren metodo instituzionalei buruz lan eginen dugu orain, horri begira zerbait lortzeko asmoz.

Ondoko pausoak zein izanen dira?

Marylise Lebranchuk erran digu 2013. urtearen hastapenean Euskal Herrira etortzeko gogoa duela.

Beraz, Deszentralizazio erreformaren egutegiari begiratzen badiogu, denbora nahikoa ukanen duzue?

Bai. Lege esparru bat da, beraz, badugu aukera, oraino aste batzuk dauzkagu gai honen inguruan lan egiteko. Adibidez, bere kontseilariak Jean Gourdou eta Jean-Pierre Massias Zuzenbideko irakasleekin elkar daitezen proposatu diogu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.