«Lurralde ereduari buruzko eztabaidari» heltzeko konpromisoa hartu du Sanchezek

Estatuaren «izaera plurinazionalaren» auzian egin dute indar EH Bilduk eta EAJk Espainiako Kongresuan, Pedro Sanchezen inbestiduraren bigarren egunean

PEDRO SANCHEZEN INBESTIDURA
Mertxe Aizpurua eta Pedro Sanchez, gaur goizean. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE
Iosu Alberdi.
2023ko azaroaren 16a
09:00
Entzun

Eskuinaren erasoak eta Kataluniako alderdi independentisten eskaerak tarteko, nazio auzia izan zen hizpide ia bakarra Pedro Sanchez sozialisten hautagaiaren inbestidura saioaren lehen jardunaldian. Eta bigarren egunean ere estatuaren «izaera plurinazionala» izan da protagonista. EH Bilduk eta EAJk auzi horretan egin dute indar, bakoitzak bere esparrutik, eta, EH Bilduko eledun Mertxe Aizpuruari emaniko erantzunean, jarduneko gobernuburuak berak ere konpromisoa adierazi du «lurralde ereduari buruzko eztabaidari» heltzeko. 

Eztabaidak erakutsi du bi bloke daudela, oso argi bereiziak. Eta, hain zuzen, bi horien arteko zuloak bultzatu ditu taldeak Sanchezen aldeko botoa ematera. Aizpurua berak ere testuinguru horrekin lotu du EH Bilduren baiezkoa: «Bloke erreakzionarioari atea ixtea da helburua». EAJko bozeramaile Aitor Estebanek, berriz, azpimarratu du eskuineko blokearen «errespetu instituzionalik eza» eta protestarako deia direla «sistemaren egonkortasuna eta Konstituzioa» arriskuan jartzen dutenak. 

Beraz, gaur-gaurkoz eskuinaren aurka egotea da inbestidura blokeko talde parlamentarioak batzen dituen itsasgarria, eta ikusi beharko da nahikoa izango ote den batasun horrek lau urtez irauteko. Izan ere, Estebanek abisatu du gaurkoarekin ez dela ezer amaitzen. «Aurrera ostiko egin, eta jokatzen jarraituko dugu», adierazi du, errugbia metafora gisa erabilita. Aizpuruak ere gauza bera esan du, beste hitz batzuekin: «Inbestidura babestea ez da txeke zuri bat ematea». 

Premisa horretatik abiatuta, Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako alderdi subiranistek gobernu berriaren etorkizunean zer-nolako pisua duten nabarmendu du EH Bilduko kideak, eta konpromisoak eskatu ditu hiru lan arlotan: arlo nazionala, soziala eta «estatuaren demokratizazioari» dagokiona. Eta gobernuburu izendatu berriari ez dio biderik eman nahi izkin egiteko auzi horiek eztabaidatzeari: «Orain zu zara legealdiko erronkekin koherentzia azaldu behar duena». 

Aizpuruaren esanetan, legealdi honetan arlo soziala indartu behar da, «desparekotasun sozialaren eta neoliberalismoaren errealitatea» eraldatzeko, eta, horretarako, azken legealdian eginiko urratsak sendotu. «Estatuaren demokratizaziorako» arloan, iritzi dio beharrezkoa izango dela «herritarren borondatearen» kontra altxatu diren estamentu guztiei aurre egitea, «ez baitiete uko egingo 78ko erregimenak eskaintzen dizkien pribilegioei». Hori bai, adierazi du legealdi honek «errealitate nazional ezberdinei» erreparatzeko eta horientzat irtenbide bat aurkitzeko balio beharko duela batez ere. 

Eztabaida «konplexua» izango da, eta «tentuz, zuhurtziaz eta arduraz» jorratu beharrekoa, EH Bilduko eledunak azaldu duenez, baina «fase historiko berri bat» irekiko duena. «Askatasunez, eskubideez eta akordioez ari garenean, inork ez du galtzen», adierazi du, eta erantzun politiko bat eskatu, amnistia legearekin egin bezala. 

EAJ, «baikor» 

Jeltzaleek eta sozialistek aurreko ostiralean sinatutako akordioa izan du hizpide nagusia Estebanek. Aurrez, baina, aukera baliatu nahi izan du amnistia legea defendatzeko —«denok genekien amnistia batekin amaitu behar zuela afera honek»— eta PPren jarrera kritikatzeko —«Alberto [Nuñez Feijoo PPko presidentea], zure traktorearen motorrak aleka hartu du Vox olioa erabiltzeagatik»—. Hala, hauteskundeak berriz egitearen kontua baztertzea exijitu die popularrei, eta gehitu agian noizbait kontatuko duela zer eskaini zion PPk Feijooren inbestidura babestearen truke.

PP kritikatu du Gizarte Segurantzaren kudeaketaren kontra egiteagatik ere, eta, eskumenen gaiarekin jarraituz, Sanchezi ere helarazi dio kexa: gogoratu du ez zutela bete eskualdaketak aurreko legealdian egiteko konpromisoa, eta eskatu dio «berak zuzenean» heltzeko gaiari.

Kritikak kritika, jeltzalea «baikor» azaldu da PSOE eta EAJren arteko akordiorekin, eta, hura errepasatzean, «etorkizuneko estatuturako» elkarrizketetan «nazio aitortza» txertatzea izan da nabarmendu duen lehen elementua. «Euskal herritarren gehiengoak nazio gisa aitortua izateko duen desioa aitortzea eta horren inguruan hitz egiteko eta negoziatzeko borondatea» eskertu ditu.

Elkarrizketa bide

Feijook irailean ez bezala, Sanchezek gaur banan-banan erantzun die EH Bilduko eta EAJko ordezkariei. Lehenari erantzutean, inbestiduraren aurretik ateratako argazkiak erakutsitako jarrera berretsi du; hau da, «elkarrizketaren bidea» jorratzearen aldekoa. Eta horrekin lotu du lurralde ereduari buruzko eztabaida ere, baina mugak zein izango diren gogoratuta: «Gure konstituzioak bide ematen digu sakontzeko, eta euskal herriaren berezitasuna eta identitatea aitortzeko».

Estebani, berriz, «komunikazioa hobetzeko» beharra aitortu dio Sanchezek, nahiz eta argudiatu duen aurrez eginiko akordioak ez bete izana hartu beharreko «erabaki oso zail eta konplexuen» ondorio dela. Hala, autogobernuarekin «konprometituta» dagoela adierazi du, eta gehitu PSOEk estatuaren «lurralde aniztasuna» ulertzen duela, eta PPk, aldiz, «konfrontazioa» sustatzen duela.

Oso bestelakoa izan da UPNko Alberto Catalani emaniko erantzuna. PPrekin bat egitea txarretsi dio, alderdi hark erregionalisten bi diputaturen «transfugismoa» sustatu ostean. Aurrez, Catalanek aurpegiratu dio inbestidura gauzatzeko «gaizkileen inpunitatea» eta «ETAren oinordekoak» zuritzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.