Lau arabarretik hiruhiriburuan bizi dira. Zulo beltz baten modukoa da Gasteiz: dena irensten du. Aldaketa demografikoaz gain, han biltzen dira zerbitzu eta jarduera ekonomiko nagusiak, eta horrek hiriburuaren eta gainontzeko eskualdeen arteko desorekak areagotuditu. Egun, Arabako jarduera ekonomikoa Gasteizen, Laudio-Amurrion, Oionen eta AP-1 eta N-240 errepideen ardatzetan biltzen da. Horrekin batera, lehen sektorea krisian dago, eta hainbat eskualdetan hori dute jarduera nagusia, edo ia bakarra. Horri gehitu zaizkio toki horietan dauden gabeziak hezkuntza, osasun, garraio, etxebizitza eta aisialdi arloetan. Eta horrek guztiak bat egin du populazioaren zahartzearekin.
Alderdi guztiak agertu dira kezkatuta horrekin. Diagnostikoan bat datoz, baita proposamen askotan ere. Baina aldeak daude batzuenen eta besteenen artean. Hauek dituzte ardatzak: garraio publikoaren eta errepideen sarea hobetzea, lehen sektorea berritzea, jarduera ekonomiko berriak sustatzea, eta etxebizitza politika.
EAJk garraio eta errepide sarean jarri du arreta. Jeltzaleek azaldu dutenez, eskualdeen eta hiriburuaren arteko loturekin batera, eskualde barrukoak ere indartu nahi dituzte. Horrez gain, azaldu dute foru gobernuan egon diren lau urteetan «bigarren mailako errepideak» berritzeko plan bat abiatu dutela, eta horretan 100 milioi euro gehiago inbertitzeko asmoa dutela.
Lautadari eta mendialdeari begira, halaber, beste neurri batzuk proposatzen ditu EAJk. Etxebizitzaren alorrean, etxeak eraberritzen lagundu nahi du, eta alokairua sustatu. Halaber, nekazaritzako elikagaien sektorean belaunaldi aldaketa bermatu dadin programa bat garatu nahi du.
Jeltzaleen gobernukide PSE-EEk ere azpimarratu du errepide sarea «modernizatzeko» beharra. Garraioaren alorrean, besteak beste, hobari sistema bat proposatu du. Enpleguarenean, berriz, landa eremuetako industrialdeen «modernizaziorako» plan bat, eta ingurumena «ondare gisa» erabiltzea, jarduera ekonomiko berriak sustatzeko.
EAJ eta PSE-EEren proposamenetatik gertuen daude PPrenak. Alderdi horrek dio neurri horietako batzuk jada adostu zituztela hiru alderdiek 2018ko aurrekontuetan. PPk «Eskoziako eredua» nahi du Arabarako: «Landa eremuetan galdu zuten populazioaren %22 berreskuratu dute han». Bereziki, hobari fiskalak proposatu dituzte eskualde horietako enpresarientzat eta han etxebizitzak erosten dituztenentzat.
Tokikoa indartzea
Bestelakoak dira EH Bildu eta Elkarrekin Podemosen proposamenak. EH Bildurentzat, ezinbestekoa da tokiko garapenean inbertitzea. Despopulazioa «sakoneko arazo bat» dela dio, eta «epe ertain eta luzerako estrategiak» behar dituela: «herrietatik eta herriei begira» egindakoak eta erakunde guztiak inplikatuta. «Garapen ekonomikoa, sozial, kultural eta ingurumenekoak» bildu beharko lituzke estrategia horrek.
Lehen sektoreari begira, «eredu berri bat» proposatu du; besteak beste, bertako elikagaiak ekoiztea, lur banku publiko bat sortzea, eta etxalde eta upategi txikiak lehenestea. Ekonomia zirkularra bultzatu nahi du, eta hurbileko ekonomia. Enpresari txikien arteko harremanak indartu nahi ditu, «sinergiak» sortzeko.
Zerbitzuen alorrean, garraio publikoaren eskaintza gehitu nahi du, «trenaren aukera baliatuz», eta eskola txikien aukera zabaldu eta eskola garraioa hobetu. Etxebizitza politikan proposatu du herri ertainetan alokairuzkoak indartzea, eta hutsik edo egoera txarrean daudenak alokairu sistemapean jartzea. Beharrezkoa ikusten du kohesio soziala lantzea eta etorkinen harrera planak egitea herrietan. Eta espazio naturalen kudeaketa aldatu nahi du.
Elkarrekin Podemosek, berriz, arreta jarri du adinekoentzako gizarte eta osasun zerbitzuetan, eta, bereziki, landa eremuetan bizi diren gazteentzako enplegu politiketan, berrikuntzarekin eta teknologia berriekin, eta ingurumenarekin loturikoetan.
Udal eta foru hauteskundeak. Araba
LURRALDE ANTOLAMENDUA. Arabako zulo beltza
Lautadako eta mendialdeko herrien despopulazioari aurre egiteko neurriak jaso dituzte alderdi guztiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu