Lurra babesten dutenen babarrunak oraindik ez dira hasi borborka. Eltzeak prest daude, baina goiz da oraindik. Bertako lurrak emandako produktuekin osatu dute bazkariko menua: babarrun gorriak azarekin, haragi egosia tomatearekin, gazta eta irasagarra, ardoa eta sagardoa. «Guztia ekologikoa, borrokan ari diren baserritarrena», zehaztu du Gaizka Otamendik, Euskal Herria Bizirik sareko ordezkariak. Alegia, ez direla elikagai hutsak, baizik bizitzeko, egiteko eta munduan sustraitzeko modu baten adibide eta emaitza.
Lurraren aldeko eta ingurumena suntsitzearen kontrako eguna antolatu dute Azpeitian (Gipuzkoa). Tabernetako langileak terrazak jartzen ari dira; ingurumenaren aldeko ekintzaileak, Plaza Nagusiko kioskoa gaineztatzen. Herriak bizirik, AHTrik ez alde batean, Mendiak aske ondoan, Erdiz bizirik han, Urdaibai ez dago salgai harago... eta haize erroten irudiak nonahi, Mendietan ez leloarekin.
Amantala soinean du Otamendik. Sukaldari lanak egingo ditu gaur; eguna antolatzen aritu da aurreko egunetan. «Planteatzen zaigun eredu ekonomikoa aseezina da, eta naturaren kontrako gero eta proiektu gehiago datoz, proiektu suntsitzaileak», arrazoitu du halako egun bat antolatzeko arrazoia azaltzeko. «Horri aurre egiteko asmoz, Euskal Herriko hainbat talde elkartu gara». 80 taldek eta erakundek bat egin dute egunarekin.
Talde horietako asko proiektu jakin batzuen kontrakoak dira. Otamendi bera Sañu Bizirik taldeko kidea da. Statkraft enpresak Azpeitiko, Errezilgo eta Zestoako lurretan egin nahi duen Piaspe zentral eolikoaren kontra sortu zuten taldea —bost haize errota izango lituzke zentralak—. «Egundoko sarraskia», salatu duenez.
«Planteatzen zaigun eredu ekonomikoa aseezina da, eta naturaren kontrako gero eta proiektu gehiago datoz, proiektu suntsitzaileak».
GORKA OTAMENDI Euskal Herria Bizirik sareko ordezkaria
Euskal Herria Bizirik sare bat da. Aurten sortu dute. Ingurumenaren aldeko eta proiektu jakinen kontrako borroka txiki asko daude Euskal Herrian. Jende asko borroka bera egiten, proiektuen izen-abizenak ezberdinak badira ere. Kezka berberekin, galdera berberekin, zailtasun berberekin. Hori guztia partekatzeko, elkarri laguntzeko eta borroken ikusgaitasuna handitzeko sortu zuten, besteak beste, Euskal Herria Bizirik sarea. «Izan ere, proiektu berri bat etortzen zaiona nondik hasi eta nora jo ez dakiela geratzen da», Otamendiren esanetan.
«Aholkularitza juridikorako talde bat ere badago», gehitu du. Kaleko mobilizazioez gain, bulegoetan eta epaitegietan ere egin behar baitute borroka; alegazioak eta salaketak aurkeztuz, esaterako.
Tailerrak antolatu dituzte goizean, informazioa partekatzeko, ikasteko eta eztabaidatzeko. Agroekologiak krisi ekosozialari egindako ekarpenei buruzkoa da bat. Lau baserritar mahaiaren bueltan, eta dozena bat entzule aurrean. «Zuek egin duzue aukera ona, Lurrarekin konektatu duzuelako», esan die Josebe Blanco baserritarrak entzuleei. Gelaren alde batean dagoen mahai oparoaz ari da: tailerreko baserritarrek egindako ogia, irasagarra, gazta, sagardoa, alberjinia humusa...
Miguel Arribas Kelo-k nekazaritza politikek Bigarren Mundu Gerratik aurrera izan duten bilakaeraren laburpen mamitsua egin du. Beizamako (Gipuzkoa) Leunda Berri baserrikoa da, Euskal Herriko hazi ekologikoen Aleka proiektuaren sortzailea. Iraultza berdetik abiatu da, NPB Europako Nekazaritza Politika Bateratua xehatu du, ondorio sozioekonomikoak zehaztu ditu, eta egoera aldatzeko proposamenak egin ditu.
«Zer funtzio du landa eremuak? Ingurune urbanoetan jarri nahi ez diren azpiegiturak jartzeko espazioa da; hiri eremuak bere burua ziurtatzeko behar dituen azpiegiturak kokatzekoa; aisialdirako espazioa; eta ustialekua».JOSEBE BLANCO
EH Kolektiboko kidea
Hasieratik bukaerarako bidean, entzuleei atentzioa eman dieten datuak agertu dira. Beren buruaz beste egiten duten nekazariena, esate baterako. «Belgikan nekazarien heriotza gehien eragiten duen arrazoia da», esan du entzule batek. «Frantzian, egunero edo bi egunetik behin nekazari batek bere buruaz beste egiten du», osatu du beste batek.
«Sistema honen kontra borrokatu behar dugu, ikusten baita ez dela baliagarria eta ezin zaiola eutsi», esan die Arribasek. «Elikadura sistema berreraiki behar dugu». «Zer egin daiteke?», galdetu du Blancok. «Erresistentzia», erantzun du. «Hemen gauden lau baserritarrok eutsi behar diogu, ardura sozial handia baitugu».
EH Kolektiboaren izenean hitz egin du Blancok, Antzuolako (Gipuzkoa) Pikunieta baserriko baserritarrak. Agroekologia bultzatzen eta egiten duen baserritarren elkarte bat da EH Kolektiboa. «Zer funtzio du landa eremuak?», galdetu die entzuleei. Elikagaiak sortzea, mendia zaintzea... hala erantzun diote. Ikuspegi ezkorragoa eman du Blancok: «Ingurune urbanoetan jarri nahi ez diren azpiegiturak jartzeko espazioa da —zabortegiak, errauste plantak, harrobiak...—; hiri eremuak bere burua ziurtatzeko behar dituen azpiegiturak kokatzekoa —trenbideak, goi tentsioko lineak, autobideak...—; aisialdirako espazioa, eremu urbanoetatik atera ahal izatekoa; eta ustialekua, ateratzea, aberastasuna sortzea».
Ustialekua bai, baina Blancoren ustez, «janaria sortzea oso bazterrean geratu da» ustialeku kontzeptu horren barruan: «Oso janari gutxi jaten dugu bertan sortua; %90 kanpotik ekarria da: iraultza handi bat gertatu da».
«Agroekologiatik bizi daiteke? Bai, zure gogoaren, diru premiaren eta nahi duzun bizimoduaren arabera».
JOXERRA AGIRREErrezilgo Irure Txiki baserriko baserritarra
Hala ere, argi izpiren bat ikusten du: «Beren baserriari eusten dioten baserritarrak; beren bizitzari zentzua emateko herri txikietan erabakitzen dutenak; landa eremuetako kultura, munduan egoteko modu hori; eta hiri eremutik landa eremuan bizi garenokin bat egiten duten herritarrak». Agroekologian ari da Blanco. «Askotan esaten digute utopikoak garela, baina etxe askotan posible egiten dugu agroekologia», nabarmendu du.
Errezilgo (Gipuzkoa) Irure Txiki baserriko Joxerra Agirrek ez du hitzaldirik eman. Hamaiketakorako prestatutako mahaia gelaren erdian jarri, eta bere proiektuaren berri eman die haren sagarrak, sagardoa eta alberjinia humusa dastatu dituztenei. «Agroekologiatik bizi daiteke?», heldu dio Blancoren hariari. «Bai, zure gogoaren, diru premiaren eta nahi duzun bizimoduaren arabera». Arotza zen Agirre, eta bere bizitzako momentu batean zurgintza utzi eta nekazaritza probatzen hasi zen, familiako baserrian.
Mehatxua gero eta gertuago
Jose Ramon Arrietak beste bi lagunekin sortu zuen Pikunieta baserria, duela 40 urte. «Gaztetxeen mugimendutik eta antimilitarismotik gentozen, agroekologia egin nahi genuen, baina ez genuen ideiarik». Pinudi bat zegoen lur zakar eta erre batean hasi zuten proiektua. Ez zuten ez biderik, ez urik, ez argindarrik. «Amak esaten zuen errazagoa zela belardi batetik pinudi bat egitea, alderantziz baino». Gaur egun, 160 ardi dituzte, eta arkumeak saltzetik eta gaztak egitetik bizi dira.
Zentral eolikoen eta fotovoltaikoen mehatxua dute inguruan. Goi tentsioko linea bat dute beren larreetan. «Uste genuen oso aparte geundela, ez zirela iritsiko, baina energia berriztagarrien proiektuak bertaraino datoz, eta zerbait egin behar dugu».
Tailerren eta mahai inguru baten ondoren, bazkaldu egin dute. Arratsaldean, Azpeitiko kaleek egin dute borbor. Dozenaka herritarrek parte hartu dute lurraren aldeko eta landa eremuaren kontrako proiektuak salatzeko manifestazioan.