Lurdes Auzmendi izango da UZEIko lehendakari berria

Auzmendi itzulpengintzan eta interprete lanetan aritua da, eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuorde ere izan zen. Jon Etxabe ordeztuko du.

Lurdes Auzmendi, artxiboko irudi batean. GARI GARAIALDE / FOKU
Lurdes Auzmendi, artxiboko irudi batean. GARI GARAIALDE / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2024ko abenduaren 16a
12:30
Entzun

UZEIk lehendakari berria du: Lurdes Auzmendi Aierbek hartuko du kargua, UZEIko Batzar Nagusiak hala erabakita. Jon Etxabe ordeztuko du lehendakari gisa.

Auzmendi Ataunen sortua da (Gipuzkoa), 1959an. Itzulpengintzan eta interprete lanetan aritua da, eta, UZEIren irudiko, horrek modua eman dio UZEI eta haren lana eta ekarpena ondo ezagutzeko. Hain zuzen, 1987an EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartearen sortzaileetako bat izan zen, eta lehendakari ere bai aldi batean. Gainera, 2001etik 2007ra Euskal Herriko Unibertsitatean irakasle izan zen, itzulpengintzako ikasketetan.

Politikan ere jarduna da: Eusko Jaurlaritzan Euskara Sustatzeko zuzendari nagusi izendatu zuten 2009an, eta, ondoren, Hizkuntza Politikako sailburuorde ere izan zen.

Horrenbestez, Jon Etxaberen lekukoa hartuko du Auzmendik. Egindako lana eskertu dio UZEIk Etxaberi: «Azken hogei urteotan, erabateko prestutasuna eta inplikazioa erakusteaz gain, sinergia eta lan ildo berritzaileak indartzeko ahalegin etengabea egin du bere lehendakari lanetan. Horregatik, gure esker ona adierazi nahi diogu bihotzez».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.