Etsigarria da informazio falta hau», dio Iñigo Campok. Seme-alabak D ereduan matrikulatu nahi ditu Lodosako ikastetxe publikoan (Nafarroa), baina ez daki euskarazko lerroa zabaltzeko adinakoa izanen den herritarren eskaera. «Zalantza eta kezka ugari ditu jendeak euskarazko ereduaren inguruan, baina normala da; informazio nahasia, albiste interesatuak eta zurrumurruak besterik ez baitugu entzun orain arte», bota du, hasperen batez. Desinformazioa, hizkuntzen araberako zonifikazioaren albo kalte gisa.
Lodosako Martinez Baigorri ikastetxe publikoko guraso elkarteko kidea da Campo. Orain arte, A eta G ereduak eskaintzen zituzten han. Aurten, ordea, haurrak D ereduan matrikulatzeko aukera ere emanen dute estreinakoz, gainontzeko ikastetxe publiko guztietan bezalaxe. Hori da, hain zuzen, gaur amaituko den aurrematrikulazio kanpainaren berritasunik nabarmenena: D eredua Nafarroako hezkuntza publiko osora hedatuko dela. Hezkuntza Departamentuak, baina, ez du sustapen egitasmorik antolatu —eredu zehatz baten aldeko publizitate instituzionala debekatzen du legeak—, eta beraz, euskarazko hezkuntza publikoari buruzko informazioa euren kabuz bilatu behar izan dute eremu ez-euskalduneko herritarrek.
NIZE Nafarroako Ikastetxeetako Zuzendarien Elkartearengana jo zuten hainbat herrietako gurasoek, eta azken asteetan hitzaldiak antolatu dituzte, D ereduaren onurak eta matrikulazio kanpainari buruzko xehetasunak azaltzeko. Hain zuzen, Lodosako ikastetxe publikoan eman zuten azkena, iragan asteartean.
Euskarazko lerro bat zabaltzeko tenorean, gutxieneko ratioa zein den —zortzi haur— eta eskaerak kopuru horretara iritsiko ez balira zer gertatuko litzatekeen. Horiek izan ziren astearteko saioan gehien errepikatu ziren galderak. Hezkuntza Departamentuak jada argitu duenez, zortzi eskaera baino gutxiago dauden zonaldeetan, «hurbiltasun geografikoaren arabera» osatuko lituzkete taldeak, herri ezberdinetako ikasleak eskola bakarrean elkartuta.
«Aukera polita zabaldu da Lodosaren gisako herrietan, euskarazko hezkuntza publikoa sendotzeko, inguruko herri txikietako ikasleak ere erakarri ditzaketeelako», azaldu du NIZEko kide eta Iruñeko Amaiur Ikastola ikastetxe publikoko zuzendari den Pello Egurenek. Harekin batera, D ereduaren nondik norakoak azaltzeko bileran izan zen Txantreako Bernart Etxepare ikastetxeko zuzendari Mikel Larraza ere. Haren irudiko, bilerak aukera eman die «gurasoen interesa gertutik ezagutzeko».
Euskarazko ereduak Lodosan piztutako ikusminarekin «txundituta» azaldu dira zuzendariak. «Egiaren aitortzeko, ez nuen halako jendetza espero», dio Egurenek: «Zortzi pertsonek emana zuten izena, eta 30 baino gehiago etorri ziren. Ikusi beharko dugu interes hori aurrematrikulazioan islatzen den, baina zantzu ona da inondik ere». Eta Lodosan bakarrik ez, antzeko ilusioa antzeman dute orain arte hizkuntz diskriminazioa pairatu duten herri gehienetan ere. «Oso emankorrak izan dira hartueman hauek; iaz, adibidez, D ereduko lerroa zabaldu zuten Abartzuzan, bizilagunen erabakimenari esker».
Sortzen elkarteak ere ahalegin berezia egin du D ereduaren aldeko apustua Nafarroa hegoaldeko herrietara zabaltzeko. Kritika egin diote Nafarroako Gobernuari, euskarazko hezkuntza publikoari buruzko informazio «eskasa» eman duela iritzita. «Hori konpontzeko, Furgo D egitasmoa sortu genuen iaz, hegoaldeko herrietan informazioa emateko; diskriminazio linguistikoa jasan duten tokietan, ezjakintasuna eta beldurra baitira nagusi», azaldu du Sortzen-ek Nafarroan duen arduradun Sergio Iribarrenek.
Caparroson, Alesbesen, Villatuertan, Mendigorrian, Oteitzan, Erriberrin eta Cintruenigon eskaini dituzte hitzaldiak orain arte, eta horietan guztietan, «beldurraren eta ilusioaren arteko nahasketa» sumatu dutela dio Iribarrenek. «Euskarazko hezkuntza ezezaguna da haientzat, eta horrek beldurra ematen die; baina aldi berean, ilusio berezia antzeman daiteke; duela 30 urte Iruñerrian lehen udal ikastolak zabaldu zirenean piztu zenaren antzekoa».
Beldurrak uxatu eta D ereduaren aldeko urratsa emateko deia berretsi dute euskararen aldeko elkarteek: «Oso garrantzitsua da aurrematrikulazio orrian D eredua nahi dutela zehaztea, hori baita gobernuak eskaera maila neurtzeko duen tresna nagusia», laburbildu du Egurenek.
Lur lehorretan haziak ereiten
Gaur bukatuko da Haur eta Lehen Hezkuntzako aurrematrikulazio epea Nafarroan; D ereduaren alde egin dute NIZEk eta Sortzen-ek eremu ez-euskaldunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu