Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, N-634 errepidea itxi dute Deban (Gipuzkoa), lur jausi baten ondorioz. 05:30ean izan da luizia, eta bi noranzkoetan itxi dute errepidea. Litekeena da hainbat orduz itxita egotea.
Atzo, bestalde, 160 kilometroko abiadura hartu zuen haizeak Bizkaian, eta horrek eragina izan zuen Loiuko aireportura iristekoak ziren hegaldietan. Zazpi hegaldi desbideratu behar izan zituzten. Segurtasun Sailaren arabera, 06:00etatik 18:00etara bitarte, haizeak eragindako 190 gertakari erregistratu zituzten guztira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.