Ikertzaileek jakin nahi dute nola ailegatu den zaldi okela «idiki hutsez» sukaldatutako Findus eta bertze markako jaki izoztuetara. Europa osoan zabaldu da auzia, eta anitz dira hunkitutako enpresak. Afera Irlandan eta Ingalaterran hasi zen, urtarrilean. «Idiki hutsarekin» egin beharrak ziren hanburgerretan zaldikia aurkitu zuten. Toki horietan zaldi haragia jateko ohiturarik ez da eta, eskandalua zabaldu ondoren, haragiari egindako kontrolak gogortu zituzten.
Kontrol horietako batean aurkitu dute zaldi okela, Findus markako idiki hutsez eginak izan behar zuten lasagnetan. Jaki izoztuak Comigel Frantziako enpresako Luxenburgoko adar batetik zetozen. Luxenburgoko enpresa horri Spanghero enpresak saldu zion okela. Alabaina, batak zein bertzeak diote ez zekitela haragi hori zaldi okela zenik, eta errua atzera bota dute.
Trazabilitate arazoa
Findus enpresak jakinarazi duenez, salaketa jarri du, jakiteko nola iritsi den zaldiki hori bere jakietara. Lehen ikerketen diotenez, Errumaniatik heldu da haragia. Baina, zaldi haragia Errumaniatik lasagnetara eraman duen soka luzea da.
Findus enpresak Comigel Frantziako enpresari manatzen dizkio izoztutako jakiak. Horrek, berriz, Tavolari —Luxenburgon kokatutako bere adarrari— eskatzen dio lasagnak eta bertze jakiak. Horiek prestatzeko, Spanghero Lur Berriren adarrari manatzen dio okela Luxenburgoko lantegiak. Horrek, berriz, ez du zuzenean haragia Errumaniatik erosten. Herrialde horretako harakinaren eta Spangheroren artean bi bitartekari badira, bata Ziprekoa, eta bertzea Herbehereetakoa.
Euskal Irratietan egindako elkarrizketa batean, Barthelemy Agerrek, Lur Berriko presidente-orde, Spangheroko presidente, eta bertzalde Pirinio Atlantikoetako kontseilari nagusi denak, erran du afera honek ez zuela Lur Berri hunkitzen: «Lur Berrik ez du deus ikustekorik afera honekin; bi gauza diferente dira». Bertzalde, jakinarazi du delako haragia «behi kontu» ekarri zela, eta «frogak» dituela gehitu du. Horrez gain, Spangheroren webgunean argitaratutako agiriak dioenez, enpresak salaketa jarriko du, «iruzur horrengatik jasandako kalteengatik».
Findus enpresako Frantziako zuzendari Christophe Guillonek, AFP berri agentziari egindako elkarrizketan, zalantzan jarri du Lur Berriren adarraren errugabetasuna, erranez Comigel enpresak jasotako haragiak «Frantziako albaitari zigiluarekin eta Spangheroren izenarekin eta immatrikulazioarekin» iritsi zirela. Spangheroren webgunean ezarritako komunikatuak, aldiz, salaketa hori ukatu du.
Arriskurik ez osasunarentzat
EB Europako Batzordeak jakinarazi du zaldikia ez dela osasunarentzat arriskutsua. Frederic Vincent EBko bozeramaileak oroitarazi du erakundeak ezin zuela afera horretan eskurik sartu, osasunarendako arriskurik ez dagoelako. Gehitu du herrialde bakoitzari dagokiola erabakitzea produktu batek bere legediak betetzen dituen edo osasunarentzako arriskuak ekar ditzakeen.
Frantziako Gobernuak, berriz, jakinarazi du okelaren eta arrainaren sareak zaintza berezi baten pean jarriko direla. Benoit Hamon Kontsumo ministroak erran du oraindik ezin dela jakin «iruzurra» ala «hutsaldia» izan den.
Iragan astean, hain justu, Espainiako OCU kontsumitzaileen elkarteak salatu zuen Eroskiren hanburgerretan atzeman zutela zaldi haragia. Ikerketak egin, eta zeharo ukatu zuen hori Eroskik.
Lur Berriren Spanghero enpresak inportatu zuen zaldi okela Errumaniatik
«Idiki hutsez» eginiko Findus markako lasagna izoztuetan atzeman zuten zaldikia; enpresak ardurak ukatu ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu