Lupa, erabiltzeko baldintzetan

Euskararen erabileran eragiten duten faktoreez aritu dira Bilbon: hirigintzaz eta demografiaz, kasurako. Klusterrak zehaztu du Lea-Artibai dela euskara gehien aditzen den eskualdea

Ane Ortega, Julen Landa eta Iñaki Iurrebaso hizlariak, atzo, Euskal Soziolinguistika Jardunaldian, Bilboko Bizkaia aretoan.. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Julen Aperribai.
Bilbo
2022ko ekainaren 23a
00:00
Entzun

Hainbat aldagairen gurutzaketak eta baturak azaltzen dituzte euskararen kaleko erabileraren azken neurketaren emaitzak —erabilera orokorra duela sei urteko bera da—. Horietako zenbaiti erreparatu zieten atzo Bilboko Bizkaia aretoan, Soziolinguistika Klusterrak antolatutako Euskal Soziolinguistika Jardunaldian: demografiaren bilakaera, hirigintza, harreman sarea, hizkuntza eta kultura homogeneizazioa... Faktore horietan arreta jarri, eta hizkuntzaren erabileran duten eraginaz gogoetatu zuten; aldi berean, hizpidera ekarri zuten horiek euskararen egoeran duten inpaktua zehar-lerro gisa lantzeko beharra.

Maiatz amaieran kaleratutako emaitzen inguruko argibideak eman zituen, lehenik, Olatz Altuna kaleko erabileraren neurketaren zuzendariak. Ikerketari buruzko zenbait gako ematearekin batera, orain arte jakinarazi gabeko emaitza batzuk ere eman zituen. Hala nola eskualdeetako erabilera orokorrarena. Lea-Artibain (Bizkaia) entzun zuten euskarazko elkarrizketa gehien (%76,1), eta, haren atzetik, Urola Kostan (%63,7), Tolosaldean (%55,8) eta Debagoienean (%42,8). Edonola ere, «aldaketa txikiak» sumatu dituztela zehaztu zuen Altunak, eta gorakadarik handienak Bizkaikoetan eta Tolosaldean antzeman dituztela.

Horrez gain, eskualdeetako datuak adin taldeekin erkatu zituen Klusterreko kideak, eta neurketaren emaitza orokorrek erakusten zutena baieztatu zuten datu horiek ere; alegia, zenbat eta gazteago izan orduan eta euskara gehiago hitz egiten dela. Eskualde guztietan, haurren erabilera batezbestekoaren gainetik dago, eta hori ez da gertatzen gazteekin: «Eskualdeko orokorra %40koa bada, gazteak behetik daude, eta, hortik gorakoa bada, goitik. Erabilera orokorrak gehiago baldintzatzen du».

Erabileraren igoera nekeza

Ezagutzaren eta erabileraren arteko harremanean ere arakatu zuen, gogorarazita ezagutzan gutxieneko bat lortu ezean erabilerak ezin duela gora egin. Bada, behaketa hori eginda Klusterrak atera duen ondorioa da erabilera igotzea geroz eta gehiago kostatzen dela. «Erabilera maila berera iristeko, 20 urte geroago, euskaldun gehiago behar dugu, eta hori lotuta dago euskaldunen ezaugarriak aldatzearekin», azaldu zuen Altunak.

Halaber, erabilera azaldu dezaketen beste zenbait faktore ere zerrendatu zituen: aldagai soziolinguistikoa, hiri antolamenduan izandako aldaketak, turismoaren eragina... Halakoen inpaktuaren erakusgarri, adibidetzat jarri zituen euskaldun proportzio bera izanik erabileran alde handia duten bi herri. Aldagai horiek gehiago ikertzeko beharra nabarmendu zuen Altunak, eta, horrez gain, beste bi ikerketa lerro ere planteatu zituen: generoak hizkuntzaren erabileran duen eragina aztertzea eta adinkideen arteko elkarrizketetan euskararen erabilera apaltzearen arrazoietan eta irtenbideetan arakatzea.

Hain justu, Koldo Telleria, Oihana Santolaria eta Irati Otamendi EHUko arkitektura irakasleek Klusterrarekin elkarlanean abiatu duten ikerketa baten berri eman zuten. 1990eko hamarkadatik hona espazio publikoaren eta kaleen bilakaera zer-nolakoa izan den aztertzen ari dira. Telleriak nabarmendu zuen «zonifikazioa» zutabetzat hartu duen hirigintza eredua gailendu dela: hots, bizitzeko, lanerako eta aisialdirako guneak banandu eta horiek errepidez lotzen dituena. Santolariak azaldu zuen zonifikazioa herrietan eta lurraldeetan gertatzen dela. Espazio publikoak desagertzera jo duela erantsi zuen, eta, horrekin batera, egungo hirigintza ereduak geroz eta bizimodu atomizatuagoa sustatzen duela.

Bestelako hainbat joera ere ekarri zituen hizpidera Otamendik: turistifikazioa, gentrifikazioa, kaleen «homogeneizazioa»... Horrek guztiak kalea eraldatzea dakarrela azpimarratu zuen, eta, hein berean, kale horiek darabiltzatenen ezaugarriak ere aldatzen direla. «Espazioa nolakoa den, horrek eragina dauka hor dabilenaren ezaugarrietan, harremanetan, eta, ondorioz, hizkuntzan».

Biztanleria, goraka

Azken urteetako bilakaera demografikoa aztertu, eta ondorengoetarako prospekzioa egin zuen Julen Landa Gislan kooperatibako kide eta datu analistak. Zenbait urtetan egonkor mantendu eta gero, aspaldian biztanleriak goranzko joera hartu duela azaldu zuen, eta, batez ere, migrazio saldo positiboari zor zaiola hori. Hala ere, zehaztu zuen gorakada ez dela homogeneoa, eta hiriguneetan eta inguruetan gertatu dela batik bat. Aurreratu zuen biztanleriak gora egingo duela datozen hamabost urteetan ere, eta, oraingo moduan, hiriguneek handitzen segituko dutela, eta herri txikiek, hala nola arnasgune askok, biztanleak galduko dituztela.

Landak mahaikide izan zituen Ana Ortega Begoñako Andra Mari Irakasleen Unibertsitate Eskolako irakaslea eta Iñaki Iurrebaso soziologo eta EHUko irakaslea. Hizkuntzen osasunari zuzenago erreparatu zioten horiek, baina, hala ere, ez modu berean. Mundu osoko hizkuntzen joerak errepasatu zituen Ortegak, eta, neoliberalismoak bultzatutako hizkuntzen galeraren harira, hizkuntza aniztasunaren aldeko olatura batzeko beharra defendatu. Horretarako, gakotzat jo zituen, besteak beste, «hizkuntza kooperazioa» sendotzea eta hizkuntza aniztasuna biodibertsitatearekin lotzea.

Iurrebasok, berriz, euskararen erabileraren eta gaitasunaren alderaketari egin dion argazki berritua aurkeztu zuen, zeinaren arabera arrazoi instrumental hutsengatik legokiokeena baino dezente gehiago egiten baita euskaraz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.