Luis Roldan Guardia Zibilaren zuzendari nagusi ohia gaur goizean hil da, Zaragozako (Espainia) San Juan de Dios ospitalean, astebetez ospitaleratuta egon ostean. 78 urterekin hil da.
Espainiako Gobernuaren ordezkaria izan zen Nafarroan, 1982ko abenduaren 29tik 1986ko urriaren 31 arte. Aurretik, Zaragozako (Espainia) Ekonomia zinegotzia eta alkateordea izan zen. Jose Barrionuevo Barne ministroak Guardia Zibileko zuzendari nagusi izendatu zuen 1986ko urriaren 31n. Lehen zuzendari nagusi zibila izan zen erakunde militarrean. 1988an Jose Luis Corcuerak Barrionuevo ordezkatu zuenean ere, karguan jarraitu zuen Roldanek. Roldan zen Barrionuevo ordezkatzeko hautagaietako bat.
Hain justu ere, kargu hori zuela legez kanpo aberasteagatik epaitu zuten Roldan. 1993an egin zuten eztanda lehen aldiz hari lotutako ustelkeria kasuen albisteek. Guztira 9,6 milioi euroko aberastasuna egiteagatik epaitu zuten, eta 31 urteko espetxe zigorra ezarri zioten. Epai hori iritsi baino lehen, ihes egin zuen 1994an: azkenean Tailandian atzeman zuten 1995eko otsailean, Bangkokeko aireportuan. 1995 eta 2005 bitartean espetxean egon zen.
Roldan eta gerra zikina
Roldanek lotura zuzena izan zuen GALekin. Segundo Mareyren bahiketan, esaterako —hala jasota dago epaian—, Mohand Talbi eta Jean Pierre Echalier mertzenarioak, Marey bahituta zeramatela, muga Dantxarineatik pasatzen saiatu ziren. Talbi Dantxarineako muga postura joan zen bahiketaren eta atxiloketaren berri ematera, baina hango poliziek ez zekiten ezer operazioari buruz. Talbik paper bat erakutsi zien poliziei, Pepe izena eta Bilboko Poliziaren Buruzagitzako telefonoa idatzita. «Postuan zegoen poliziak, hori ikusita, Iruñeko komisario buruari deitu zion berehala telefonoz, eta hura Luis Roldan Ibañez gobernu ordezkariarekin jarri zen kontaktuan. Rafael Verari deitu zion hark, eta erantzun gisa jaso zuen ez ezer egiteko, Bilbokoen operazio bat zela».p>
Polemika sortu zuten Roldanek 2013. urtean El País egunkariko elkarrizketa batean esandakoek ere. Bertan, Nafarroako torura kasuez galdetuta, honakoa adierazi zuen: «Torturak izan direla baieztatzen duten sententziak atera dira. Hipokresiaz jokatu nahi ez badugu, gure buruari galdetu beharko genioke: Hogeita hiru pertsona hil dituen gizon bati galdeketa egin behar badiozu, eta azkenean egindakoa aitortzen badu, zerk bultzatu du aitortza hori egitera? Noski, kolpak egon dira, aztarnarik uzten ez duten presio fisikoak, eta baita psikikoak ere. Nork sinesten du egindakoa koakziorik gabe aitortzen dutela?».
Torturaren alde ote zegoen ere galdetu zion kazetariak, eta Roldanek adierazi zuen torturatzeak «epaile, militar edo fiskalen bizitzak» salbatu zituela: «Modu abstraktuan, ikuspuntu intelektual batetik, esango nizuke ez nagoela torturaren alde. Baina norbait torturatu eta deklarazio bat lortzeak pertsona baten bizitza salbatzen badu, baietz diot».
Roldanek 1993ko abenduaren 3an eman zuen dimisioa, legez kanpo aberastu zela erakusten zuten zantzuak agerikoak zirelako. 1994ko apirilean PSOEri mehatxu egin zion El Mundo egunkarian, esanez alderdiaren trapu zikin guztiak aterako zituela, eta bera ez zutela engainatuko Jose Amedo engainatu zuten moduan. Geroago, 1994ko apirilaren 25ean, Espainiatik ihes egin zuen. Antoni Asuncion Barne ministroak dimisioa eman zuen, kargua hartu eta bost hilabetera, Roldanen ihesagatik.
1995eko otsailaren 27an atxilotu zuten, Bangkokeko aireportuan. Atxiloketaren baldintzak hitzartu egin zituen Espainiako Gobernuarekin. 28 urteko kartzela zigorra ezarri zioten funtsak bidegabeki erabiltzeagatik, eroskeriagatik, zerga iruzurragatik eta iruzur egiteagatik. Espainiako Auzitegi Gorenak beste hiru urteko zigorra ezarri zion. Epaiak frogatutzat jo zuen Roldanek diru bereizietatik 2,61 milioi euro inguru hartu zituela, eta ia 11 milioi euro gehiago lortu zituela eraikuntza enpresei legez kanpoko komisioak kobratuta Guardia Zibilarentzat obrak egiteagatik. Rafael Verak diru bereizietatik gainsariak ere ordaintzen zizkion: 1990etik aurrera 30.000 euro hilean, eta 1991tik 1993ra, 60.000.
Horrez gain, El Paísek 2013. urtean egindako elkarrizketan, aitortu zuen Nafarroako Gobernadore kargua izan zuenetik lapurtu zuela diru publikoa:
—Noiz kobratu zuen, lehen aldiz, diru publikotik zetorren gainsoldata?
—1983an, Nafarroako Gobernuaren ordezkari nintzenean. Sei milioi pezeta.
—Ohiko praktika zen?
—Bai, ohiko praktika zen.
—Orduan, ustelkeria giro orokor batean bizi zinen?
—Nik uste nuen gainsoldata hori normala zela.
—Normala iruditzen zitzaizun Estatuko diru kutxetatik datorren diru beltza kobratzea?
—Une hartan ohiko praktika zen.
Kartzela zigorraz gain, 9,6 milioi euroko isuna eta 3,5 milioi euroko kalte ordaina ezarri zizkioten; epaileek, baina, 1,6 milioi euro bakarrik berreskuratu dituzte.
Zigorra jaso eta gero, are deigarriagoak dira Roldanek 1998ko ekainean diru bereiziei buruz egin zituen adierazpenak: alde batetik, esan zuen haien erabilera isilpean gorde behar zela, Poliziaren operazioentzat funtsezkoa zelako; bestetik, herritarrei eskatu zien politikariengan sinisteko, «guztiaren gainetik jakin behar baitute arduradun publikook legea errespetatzen dugula».
Roldan 1995eko otsailean sartu zen espetxean, eta 2010eko martxoan atera zen. Hamabost urte egin zituen kartzelan. 2005etik aurrera espetxetik ateratzen utzi zioten, lan egiteko. Espetxean zegoela, 2001ean, Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin zuen Nafarroako Lurralde Auzitegiak Urralburu auzian ezarri zion zigorra, hiru urtekoa, eroskeriagatik.
Ihes eginda zegoela, trapu zikinak ateratzeko mehatxua egin zuen, eta espetxean hasi zen trapu zikinak ateratzen. 1996an, Baltasar Garzonek Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak deklarazioa hartu zion Oñederra auzian. Roldanek Garzoni esan zion Rafael Verak eta Jorge Argotek —Barne Ministerioko abokatua zen— Enrique Dorado Villalobos eta Felipe Bayo guardia zibilak hiltzeko esan ziotela, GALi buruz asko zekitelako. Roldanek GAL ikertzen ari ziren beste bi epaileren aurrean deklaratzea eskatu zuen, Javier Gomez de Liaño (Lasa eta Zabala) eta Eduardo Moner (Marey). Roldanek bere burua, Vera, Argote, Dorado eta Bayo salatu zituen Gomez de Liañoren aurrean.
1998ko martxoan, Roldanek Brouarden hilketaren sumarioan deklaratu zuen, baina ukatu egin zituen aurretik esandakoak.