14 urteko gazte bat zen Luis Iriondo Gernikako bonbardaketa bertatik bertara bizitzea egokitu zitzaionean. Aterpe batean hartu ahal izan zuen babes 1937ko apirilaren 26 hartan, eta bonba jasaren ostean bizitakoak idatziz jaso zituen gero, besteak beste El chico de Guernica (2011) memoria lanean. Gertakari haien azken lekukoetako bat izan da, eta 100 urte bete eta aste gutxira zendu da, gaur, Gernikan bertan —udalak omenaldia egin zion, hain justu, irailaren 3an—.
Ikusi gehiago:«Zakuen atzetik irten nintzenean, Gernika osoa erreta zegoela ikusi nuen»
Herriko kultur bizimoduari loturiko gizona ere izan da Iriondo. Mende erdi pasa egin zituen kultur etxeko pintura eta marrazketako arduradun lanetan, eta, idazketaren alorrean, ipuinak, antzerkia, Amatxu zarzuela eta Francisco Escuderoren Gernika (1987) operarentzako gidoia osatu zituen.
Halaber, bakearen aldeko ekintzaile modura ere izan da ezaguna Iriondo. Munduko beste bonbardaketa batzuetatik bizirik ateratako herritarrekin izan zuen harremanik, eta, 2014an, gutun bat ere igorri zion Barack Obama AEBetako presidente ohiari. «Hiroshimako, Nagasakiko, Dresdengo, Tsuchisakiko eta Gernika-Lumoko bonbardaketen biktimek gerraren kontrako oihartzuna zabaltzeko konpromisoa hartu dugu. Etorkizuneko belaunaldiei guk bizi izan genuenaren berri ematen diegu. Ipar eta Hego Korearen arteko istiluak eta Siriako gerra bukatzea eskatu dugu azkenaldian, idatzi bidez», kontatu zion orduan Bizkaiko Hitza-ri.