Albiste ezin okerrago batekin esnatu dira gaur Eltziegoko (Araba) bizilagunak: gaur goizean hil da Luis Aldazabal herriko alkatea, 42 urte zituela, bihotzeko baten ondorioz. Zieko-bai plataforma independentearen burua zen Aldazabal, eta hirugarren agintaldia betetzen ari zen alkatetzan. 2011. urtean irabazi zituen hauteskundeak lehenbiziko aldiz.
Albistea jakin bezain laster izan dira erreakzioak. Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak, adibidez, esan du «gaztea eta bere herriari emana» zela Aldazabal: «Kolpe gogorra da maite genuen guztiontzat, baita Eltziegorentzat eta Arabako Errioxarentzat ere. Gertuko alkatea zen, bizilagunen arazoak ezagutzen zituena. Goian bego, Luis», idatzi du Twitterren.
Izatez, nekazaria zen Aldazabal, eta turismoarekin lotutako ikasketak ere bazituen.