Geografikoki, 30 kilometro pasa daude Luhuso eta Baiona artean. Lapurdiko herriak eta hiriburuak irudikatzen dute ETAren armagabetze prozesuaren akuilua eta gauzatzea, eta, 2016ko abenduaren 16tik aurtengo apirilaren 8ra bitartekoak ez dira soilik bi lekuen arteko 30 kilometroak, bidezidor eta bidegurutzez betetako prozesu bat baizik. Horiek jaso ditu Enekoitz Esnaola BERRIAko kazetariak Luhuso: ETAren armagabetze zibilaren kontakizuna liburuan. BERRIAk, Jakin aldizkariak eta Elkar argitaletxeak elkarlanean argitaratutako Aleka bildumaren bosgarren liburua da lana.
Atzo aurkeztu zuten, Baionako Euskal Museoan. Ohiko liburu aurkezpen bat bainoago, ekitaldi bat izan zen, han izan zirelako, aldez edo moldez, ETAren armagabetze prozesuan protagonismoa izan dutenetako batzuk. Han hartu zuten parte, Esnaolak ez ezik, Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariak eta Mixel Berhokoirigoin bakegileak ere. Bideo bidez izan bazen ere, presente izan ziren Anaiz Funosas Bake Bideko bozeramailea eta Jean Noel Etxeberri Txetx bakegilea. Besteak beste, ikusleen artean izan ziren Sylviane Alaux Frantziako diputatua eta Jakes Bortairu EH Baiko kidea.
Kronika liburua da Esnaolarena, eta, 2011ko Aieteko bake konferentziatik Baionako armagabetzerainoko epea du mintzagai; zehatzago, Luhusoko gertakariak, aurreko asteak eta ETAren armagabetze osorainoko lau hilabeteak. Lana ontzeko, 39 lagunekin hitz egin du Esnaolak: Iparraldekoak nahiz Hegoaldekoak, politikariak, kazetariak nahiz gizarte zibileko beste alor batzuetakoak, Euskal Herriko instituzio publikoetako ordezkariak... Konta zitekeena kontatzea zen asmoa: «Ez dena. Gaia delikatua da». Izan ere, Luhusoko operatiboan 21 lagun aritu ziren, eta dozena bat lagunen izen-abizenak ez dira zabaldu, «horiek auzibidean jartzeko arriskua» dagoelako.
Bilera Frantziarekin
Etxegaraik «figurantetzat» jo zuen bere burua, ez bakegiletzat. Azaldu zuenez, bere belaundaldiko jendea gatazkan zehar hazi da, eta, «herritar gisa», gatazka horren «ikusle» izan da. Aieteko adierazpenaren bost puntuak izan zituen gogoan, eta 2011tik sei urtera, blokeoa zegoela. Hori apurtzeko, «oso egun garrantzitsua izan zen Luhusokoa, herritarrek egin zutelako estatuek egiten ez zutena: iniziatiba hartzea». Gatazka erabat konpontzeko, justizia trantsizionalaren beharra adierazi zuen.
Berhokoirigoinek Mixel Bergouignan izan zuen gogoan —aurtengo maiatzean hil zen—, «hura gabe, Luhuso ez zatekeelako posible izan». Haren esanetan, Euskal Herriko historia «inarrosi eta aldatu duen gertakari bati lotua» da liburua: «Historia kolektiboki idazten ari gara». Alde horretatik, armagabetzeak «ireki du perspektiba bat, bide bat, zabaldu du negoziazio bat Frantziako Estatuarekin, eta hark asumitzea negoziazio horretan parte hartzen duela». Aurrera begira jarri zen Berhokoirigoin, eta iragarri zuen Parisko larunbateko martxak ere lekua izango duela historian: «Elikatu behar da gure bidea». Horretarako, «aldebakartasuna da motorra, eta motor horrek tira egingo dio Espainiari ere». Jakinarazi zuen larunbataren ondoren, urtea amaitu aurretik, bilera bat egitekoak direla Frantziako Gobernuarekin.
Parisera begira jarri ziren Funosas eta Etxeberri, han amaiera izango duen espetxe martxan parte hartzen ari direnez gero. Funosasen esanetan, «gizarte zibil aktibatua da bake prozesuaren bermatzaile onena», eta Parisko mobilizazioa Luhusoko armagabetze saioaren «espiritu berarekin» egingo dutela adierazi zuen. Halaber, Etxeberrik «milaka lagun» espero ditu Frantziako hiriburuan larunbatean: «Luhusok bide bat ireki zuen, eta bide horretan segitzen dugu».
[youtube]https://www.youtube.com/watch?v=J9NUATkSJPg[/youtube]