Ama eskolan euskara hutsean jarduteko aukera eskainiko dute heldu den urtean Luhusoko (Lapurdi) eta Sohütako (Zuberoa) eskola publikoetan. Hala iragarri du François-Xavier Pestel Pirinio Atlantikoetako akademia ikuskariak, 2025eko ikasturte hasierarako eskola karta aurkezteko Pauen egin duen agerraldian. Horrez gain, Hiriburuko (Lapurdi) Baste Quieta eskola publikoan ere euskarazko irakaskuntza emendatuko dute: orain, ama eskolako azken urtean ere euskara hutsean jarduteko aukera izanen da. 2020ko irailean gatazka iturri izan zen euskarazko irakaskuntza eskola horretan, «murgiltze ereduaren esperimentazioa» abiatzea ukatu baitzien hezkuntza administrazioak.
Akademia ikuskariaren hitzetan, Frantziako Hezkuntza Ministerioaren lehentasunetarik bat da «eskualdeko hizkuntzen» irakaskuntzaren garapena. Hala, hainbat ikastetxetan euskarazko irakasleen postuak emendatuko dituztela baieztatu du.
Oro har, ikasleen harrera baldintzak «hobetu» dituztela erran du Pestelek agerraldian. Izan ere, 2020tik 3.700 ikasle gutxiago daude departamenduan, eta hogei lanaldi «bakarrik» kendu dituzte; heldu den ikasturterako hiru irakasle postu gutxiago izanen dira departamendu osoan. «Ikasle kopuruaren apaltzea kontuan hartuta, baldintzen hobetzea dela erran dezakegu». Hala, ikasgela bakoitzean batez bestean 21 ikasle izanen direla goraipatu du.
Ez da iritzi berekoa FSU-SNUIPP sindikatua. Agiri batean deitoratu du ikasle kopuruaren apaltzea aukera gisa baliatu ez izana irakaskuntzako langileen baldintzak hobetzeko. Batez besteko kopurua 21 izanik ere, hainbat eskolatan 25 eta 27 ikasle baino gehiagoko ikasgelak daudela salatu dute. Akademia ikuskariak ez du ukatu errealitate hori, baina «biziki kasu bakanak» direla ziurtatu du. «Lehentasun handiena duten egoerak begiratuko ditugu».