«Ongi» igaro zen larunbatean ETAren armagabetzea. Izan ere, prozesua Luhusoko ekintzaileen eta Frantziako Estatuaren artean elkarrizketatua eta adostua izan zen, BERRIAk baieztatu duenez. Ondorioz, modu ordenatuangaratu zen desarmatzea. Luhusokoaz geroztik, eta Parisek ikusi zuelarik batasun eta inplikazio maila handia zegoela Ipar Euskal Herrian armagabetzearen alde, komunikazio bideak sendotuzjoan ziren bi parteen artean, kontu tekniko batzuk lotuz, eta azkenerako normaltasun handiz gauzatu zen duela hiru eguneko operazioa. Frantziak dauzka ETAren armak, gizarte zibilak zaintzapean izan ondotik —honi iazko udazkenetik ETAk emana zion armagabetzearen «ardura politikoa eta teknikoa»—. Frantziako Estatutik Bernard Cazeneuve lehen ministroak eta Eric Morvan Pirinio Atlantikoetako prefetak izan dute erantzukizunik handiena.
Adostasunaren emaitza bat da, esaterako, Baionako prokuradoreak armategien informazioa jaso izana larunbatean bertan NEB Nazioarteko Egiaztatze Batzordearen bidez. Jean Noel Etxeberri Txetx Luhusoko ekintzaileak goizeko zortziak aldera, Baionako herriko etxean, armategien lokalizazioen dokumentazioa eman zien nazioarteko eragileei —Harold Good eta Matteo Zuppi apez eta behatzaileei, eta hauek Ram Manikkalingam egiaztatzaileari—, eta Manikkalinganek ondoren herriko etxean bertan egindako agerraldi instituzionalean jakinarazi zuen «berehala» eman ziola NEBk informazio hori Frantziako autoritate bati. Cazeneuve lehen ministroak larunbat gauean plazaratu zuen agiri batean zioen autoritate hori Baionako prokuradorea zela; eta hori, Samuel Vuelta-Simon da.
Prokuradoreak dokumentazioa jaso, eta Frantziako Polizia goizeko bederatzietarako armategien bila hasia zen, Matthias Fekl Barne ministroak esan zuenez. 15:30aldera ETAren materiala Poliziaren esku zen: 120 arma, hiru tonaleherkari, eta milaka munizio eta detonagailu, zortzi kokalekutan banatuta —armategiaren datuak Mixel Berhokoirigoin eta Michel Tubiana bakearen artisauek eman zuten larunbatean, 11:00aldera, Lapurdiko hiriburuko Euskal Museoan egindako prentsaurrekoan—. Armen-eta kokaleku bat Senperen (Lapurdi) zegoen, eta Poliziarekin batera joan zen Vuelta-Simon fiskala.
Cazeneuvek gaueko oharrean aitortu zuen gobernua pozik dela ETAren armagabetzearen garapenagatik, «soilik justiziaren autoritate pean» eta «baretasunean eta bortizkeriarik gabe» egin zelako.
Armak ukitu gabe orain
Bakearen artisauek eta Frantziak adostu zuten beste puntu bat zen gizarte zibileko jendeak ez zituela armak ukituko, deliturik ez egitearren. Aldiz, joan den abenduaren 16an Luhusoko (Lapurdi) etxe batean Etxeberri, Berhokoirigoin eta beste hiru lagun egitekoak ziren ekinaldian, datu batzuen arabera, armak suntsitzekoak ziren. Hala ageri baita Etxeberrik, Berhokoirigoinek eta Tubianak iazko urrian eta azaroan ETAko zuzendaritzarekin trukatu zituzten eskutitzetan. Frantziako Poliziak egun berean atxilotu egin zituen bost lagun —Tubiana ere egotekoa zen etxean, baina artean iristeke zen—. Orain gizarte zibileko kideek baztertua zuten ETAren armak deuseztatzea. Izan ere, desarmatzea legezkoa izatea zen baldintzetako bat, eta adostu zuten armak ez ukitzea, eta, beraz, ez suntsitzea.
Zortzi kokalekuetatik seitan armategia ETAk zigilatua zegoen, haren aurreko urteetako lanak medio. Beste armak kokalekuetan paratzeko aparteko arazorik ez zen izan, ustez.
Polizia kokalekuetara heldu aurretik han herritarrak egiaztatzaile lanetan egotea ere ongi ikusia zuen Frantziak. 172 lagun egon ziren zortzi guneetan, poliziak noiz helduko; kokaleku bakoitzeko, 20-25. 172 lagun haiek kokalekuetara joateko baldintzak sortu behar ziren; hots, polizia indarren esku hartzerik ez. Ez zen izan. Herritar haiek esan dutenez, Polizia heldu zenean ez zen inolako arazorik gertatu, herritar guztiak identifikatu zituzten arren. Ondoren, herritarrak berehala joan ziren leku denetatik, misioa beteta.
Lehen ministro berria
Iazko abenduan Manuel Vallsek Frantziako lehen ministro kargua utzi izana garrantzitsua izan da ETAren armagabetze prozesurako —PSren primarioetara aurkeztu zen, apirilaren 23ko Frantziako Presidentetzarako bozak direla eta—. Euskal gatazkaren ondorioen irtenbide baten aurka gogor azaldu izan da beti Valls —Iparraldeko egitura instituzionalaren kontra ere agertu zen—, eta lotura estua zeukan Espainiako Gobernuarekin. 2012ko maiatzetik 2014ko martxora Barne ministro izan zen —kargu horretan zela ekin zion ETAk armagabetzeari, Frantzian—, eta, geroztik, lehen ministro. Vallsek utzi aurretik ETA saiatu zen Frantziako Gobernuarekin harreman bat izaten armagabetzea bideratzeko, bidali zizkion mezu batzuk, baina Parisek baztertu egin zuen aukera. Gainera, Luhusokoaz gain, egin zituen ETAren armategiei buruzko operazio batzuk: Paris ondoan eta Miarritzen (Lapurdi). Atxiloketa esanguratsu batzuk ere bai: 2015ean Iñaki Reta eta Xabier Goienetxea, Ortzaizen (Nafarroa Beherea), eta David Pla eta Iratxe Sorzabal, Baigorrin (Nafarroa Beherea), eta iazko azaroan Mikel Irastorza, Azkainen (Lapurdi).
François Hollande Frantziako presidenteak Cazeneuve abenduaren 6an izendatu zuen lehen ministro, eta Ipar Euskal Herrian nahikoa modu onean hartu zuten izendapena. Abenduaren 16an zihoazen Etxeberri-eta Luhusokoa egitera —Twitter kontua abenduaren 11n sortu zuten—. Poliziak, Guardia Zibilarekin elkarlanean, ez zien utzi orduan.
Baina biharamunean bertan Ipar Euskal Herriko gizarte eragile askok hitzeman zuten jarraitu egingo zutela armagabetze prozesuarekin, ardura eurek hartuko zutela zioten. Bertako ia sentsibilitate soziopolitiko denek bat egin zuten. Frantziako hedabide esanguratsu batzuk ere ez ziren polizia operazioaren alde azaldu, eta hori ere aintzat hartzekoa izan zenParisentzat. Gainera, epaileakaske utzi zituen bost atxilotuak abenduaren 20an, baldintzapean izan arren —debeku bat da elkarrekin ezin dutela egon—.
Parisen eragina Madrilengan
Frantzia armagabetze adostuaren alde jarrera moldatuz joan zen pixkanaka. Mariano Rajoy Espainiako gobernuburua iturri onetik jakinaren gainean zen Paris iritzia aldatzen ari zela. Luhusokoaz geroztik, eta Txetx Etxeberrik martxoaren 17an Le Monde Frantziako egunkarian armagabetze data apirilaren 8rako iragarri aurretik, Hollandek eta Rajoyk lehen aldiz otsailaren 20an ikusi zuten elkar, Malagan (Espainia), bi gobernuen arteko bilkuran, eta hurrena martxoaren 6an, Versaillesen (Frantzia). Malagako hitzorduan izan zuten hizpide ETAren gaia, honi atzemandako materiala Frantziak Espainiari emateko aukeraz mintzatu baitziren, publiko egin zutenez, eta atzo Frederique Espagnac PSko euskal senatariak Radio Euskadin esan zuen Hollandek orduan jakinarazi ziola Rajoyri Frantziak «[armagabetze] prozesuan parte hartzeko borondatea» zuela. Etxeberriren iragarpenaren ondoren ere ikusi zuten elkar bi presidenteek: zortzi egunera, martxoaren 25ean, Erroman, Europako Batasunaren goi bilera batean.
Madrilek jarrera pasiboa eduki du apirilaren 8koari begira. PPren gobernuarengan bazen datu berri bat hori, jokabide oldarkorra izan baitu beti, gatazkaren aterabide elkarrizketatuaren aurkakoa; 2011ko urrian ETAk jarduera armatua betiko utzi ostean, Espainiak izan zuen Osloko elkarrizketa mahaian parte hartzeko aukera, baina uko egin zion. BERRIAk Ipar Euskal Herrian kontsultatu dituen iturrien arabera, batik bat Parisen jarrera aldaketagatik egon da geldirik orain Espainia.
Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria ere bildu zen Rajoyrekin armagabetzearen berri emateko: martxoaren 14an, Moncloan. Filtrazioa jaso zuten hedabideen arabera, desarmatzea ez oztopatzeko eskatu zion Urkulluk. Lehendakariak ordurako apirilaren 8koaz «informazio zuzena» zeukan, berak martxoaren 17an jakinarazi zuenez. Moncloarekin ez ezik, Frantziako Justizia arlokokide batekin ere kontaktuan zen EAEko gobernua. Desarmatzeak «legezkoa, aldebakarra, osoa eta ordainik gabea» izan behar zuela exijitu du Jaurlaritzak. Sarri gogoratu du berak bazuela 2014ko abendutik antzeko plan bat. Paul Rios Lokarri-ko koordinatzaile ohiak txio batean eskerrak eman dizkio Jonan Fernandez Jaurlaritzako Bizikidetza idazkari nagusiari, «desarmatzea posible izan dadin hainbeste lan egiteagatik».
Hego Euskal Herrian, baldintza aldetik Jaurlaritzaren ildo beretik aritu dira Eusko Legebiltzarra, Nafarroako Gobernua, Nafarroako Parlamentua eta eragile politiko-sindikalen gehiengoa.
Etxegarai, Cazeneuverekin
Etxeberrik ETAren armagabetze eguna iragarri ondotik, ezin konta ahala bilera izan dira Euskal Herrian; batez ere, Ipar EuskalHerrian. Baionan mugimendu handia egon da; bertan ibili dira, bakearen artisauez eta, jakina, Jean Rene Etxegarai Baionako auzapez eta Euskal Elkargoko lehendakariaz gain, Ram Manikkalingam nazioarteko egiaztatzailea —egun askotan egon da, alde desberdinekin bilduz eta uztarri lanean—,Jonan Fernandez, Rufi Etxeberria Sortuko zuzendaritzakidea —sarri izan da Baionan—, Foro Sozialeko arduradunak, Paul Rios eta beste gizarte eragile batzuk...
Frantzian ere izan dira bilerak, noski. Ipar Euskal Herriko eragile batzuek Paristik egin dute joan-etorri zenbait. Etxegaraik iragan ostiralean Mediabask.eus-en azaldu zuen martxoaren 20anCazeneuverekin, Morvanekin eta Espagnacekin bildu zela Pauen—Hollanderen oso gertukoa da Espagnac orain dela hogei bat urtetik hona—, eta armagabetzea bideratzeko harrera ona ikusi zuela haiengan. Cazeneuvek hurrengo egunean France Bleu irrati katean iradoki zuen Parisek ez zuela oztopatuko armagabetzea. Martxoaren 23an, berriz, Espagnacek Baionan kazeta honi adierazi zion Frantziak «baikorki» hartu zuela iragarpena; «lehen aldiz», zehaztu zuen. Berhokoirigoiek larunbatean zioen Etxegarai «asko inplikatu» dela; «operazio guztien erraztailea izan da». Joan den astearen nahiko bukaeran artean bazen Morvanekin bilerarik.
Etxeberrik martxoaren 17an apirilaren 8ko data eman izanak gauzak asko azkartu ditu. Iragarpenaren aurreko orduetan Paristik bakearen artisauek jasotako mezuak ziren hobe zela Presidentzia hauteskundeen ondoren egitea ETAren desarmatzea. Luhusokoek erabaki zuten kanpaina hasi aurretik egitea operazioa. Berhokoirigoinek martxoaren 18an aurreratu zuen «gardena, publikoa eta egiaztatua» izango zela. Halakoa izan da. Egin dute; adorea izanda, eta hitz eginda.
ETAren armagabetzea. Ondorena
Luhusokoek eta Frantziak adostua izan da armagabetzea
Elkarrizketaren ondorio izan zen Parisko autoritate batek hartzea ETAren armategien informazioa, Polizia azkar joatea kokalekuetara, gizarte zibila han egotea eta armak ez ukitzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu