Jean Noel Etxeberri Txetx eta Beatrice Mollen galdeketa eginez abiatu dute Luhusoko auzia Parisko Zigor Auzitegian. Ekinbideari buruzko xehetasunak eta bakoitzak izan zuen parte hartzea kontatu dituzte bi bakegileek. Luhusoko ekinbideak Frantziako Gobernuaren jarrera aldaketa bideratu zuela baieztatu zuen Etxeberrik.
ETArekin harremanetan jartzeko bitartekariak izan zituztela erran zuen: «2016ko martxo-apiriletan hasi ginen lehen bilkurak egiten, Tubiana, Berhokoirigoin eta identifikatuak izan ez diren beste batzuk». Elkarrizketa kanal bat eratu zuten: ETAri adierazi zioten blokeo egoeraren aitzinean prest zirela esku hartzeko. Garai hartan, ETAk bazuen kanal bat Frantziarekin eta hortik koadro bat eratuko zela espero zuten, baina porrot egin zuen. Orduan adostu zuten armategiaren ardura Bakegileen esku uztea.
«Anitz heldu zitzaizkigun haien laguntza eskaintzera: autoa, etxea... dozenaka proposamen».
JEAN NOEL ETXEBERRIBakegilea
Luhusorako prestatu zituzten A eta B planak esplikatu zituen Etxeberrik, eta operazioari buruzko xehetasun guziak aipatu zituen. «Dena aurpegia agerian egin dugu». Ondoren Frantziako agintariekin izandako elkarrizketez ere aritu zen. «Arazo nagusia armategiaren leku aldatzea zen; juridikoki borderline zen». Txetxek iradoki zien etxeetan ziren armak apirilaren 8tik harago itzultzeko aukera. Honela erantzun zioten: «Ez da zuek nahi duzuena, ezta guk nahi duguna ere». Hitz lausoekin aritzen zirela, baina oso ongi ulertzen zutela elkar. Apirilaren 8ko goizean ez zen polizia kontrol bakar bat ere izan errepideetan.
Atxiloaldiaren ondotik, karrikan ezezagun andanak eskertu zuela erran zuen Etxeberrik Parisen. «Anitz heldu zitzaizkigun haien laguntza eskaintzera: autoa, etxea... dozenaka proposamen». Hala, egindakoaz «harro» azaldu zen: «Ikusi behar da non geunden; orain, Euskal Herriko historiaren beste orrialde batera pasa gara. Gaur egun ez dago inor Euskal Herrian borroka armatuaren beharra aldarrikatzen duenik». Honela bukatu zuen: «Berriz egin beharko balitz eginen nuke».
Konponbidean aitzinatzeko
Prozedura hasieran Mollek erran zuen Etxeberriri baserria alokatzera mugatu zela, baina epaimahaiaren asumitu zuen bazekiela «armagabetzeari lotutako ekintza bat zela». Parte hartzaile ezberdinak Errekartea baserrira lagundu zituen, horien artean, Mikel Epaltza apaiza. Orain arte ez zen publikoa, baina epaileak jakinarazi zuen hark zituela ETAren armategi zigilatuaren kaxetako giltzak. Instrukzio epaileak galdeketa egin dio prozeduraren harira, baina ez dute auzipetu.
Gatazkaren konponbide prozesuan aitzina egiteko borondatea zuela baieztatu du Mollek. «Mugaldeko eremu batekoa naiz. Tragediak ezagutu ditugu. Nire aitatxi, nire aita, errefuxiatuez arduratu dira, etxean jendea hartu dugu. Gure etxeko ateak irekiak ziren. Luhusokoa horren jarraipena da».