Mugarri izan zen Luhusoko (Lapurdi) operatiboa ETA armagabetzeko. Gaur urtebete izan zen, gauez, Frantziako Poliziaren operazioa, gizarte zibileko bost lagun armategiaren %15 indargabetzera zihoazela, baina desarmatze prozesua azkartu egin zen, Ipar Euskal Herrian artikulazio sozio-politiko-instituzionala gertatu zelako berehala, Paris hitzartze eskema batean behartzeraino. Enekoitz Esnaola BERRIAko kazetariaren Luhuso. ETAren armagabetze zibilaren kontakizuna liburuak iazko abenduaren 16ko ekinaldiaren berritasunak dakartza. Hemen hamar gako.
1. A planak, bi zati. 2016 hastapenean hasi ziren biltzen Jean Noel Etxeberri Txetx, Mixel Berhokoirigoin eta Michel Tubiana, ETAren armagabetzea aztertzeko, eta, urte bereko udazkenean harekin gurutzatutako gutunetan, ETAk desarmatzearen «ardura politikoa eta teknikoa» eman zion «gizarte zibilari». Abenduaren 16rako finkatu zuten %15 indargabetzeko operatiboa, eta bi plan diseinatu zituzten, Esnaolak liburuan dioenez: «A planean, ETAren armagabetze osoa modu ordenatuan eta seguruan egiteko lankidetza eskema bat nahi zuten Frantziako Gobernuarekin. Polizia operaziorik izanez gero, B plana: helburua bera izanik, gobernua behartzeko hitzartze eskema bat sustatuko zuten».
A planean bi zati zeuden. A1: abenduaren 17an, eguerdi aldera, Harold Good irlandar apaiz protestantea azalduko zen operatiboaren gunera, armategia indargabetua zegoela ikusi eta behatzaile lanak egiteko; ondotik, Goodek eta nazioarteko beste autoritate batek urtarrilaren erdialdera, modu isilean, Luhusoko ekinaldiaz grabatutako bideo bat emango zioten Frantziari, azalpenak emateaz gain. Parisek mezu hau jasoko zuen, liburuaren Luhusokoa lehen atalean ageri denez: ETAren armagabetze prozesua «ordenaturik eta segurtasunez» egin zedin proposamena zeukala, eta berak nahi zuen moduan izango zela; nahi bazuen, modu diskretuan, publiko egiteke, baina erantzuteko epe bat emango zioten: urtarrilaren erditik aurrera, bi astekoa.
A2 plana: hamabost eguneko epea bukatuta Frantziak inplikatu gabe jarraitzen bazuen, Luhuson egindakoa Luhuso aipatzeke jendaurrean agertuko zuten ekintzaileek otsail erdialdera, Parisen egingo zuten prentsaurreko jendetsu batean, ekinaldiko bideo bat eta ETA-Luhusokoak gutunak argitaratuz, sinadura eta guzti. «Bazuten beste arma komunikatibo indartsu bat Parisko prentsaurrekoaren egunerako: agerraldiaren une berean, norbait Baionako prokuradorea- rengana joango zen, eta jakinaraziko zion Luhuson indargabetutako armategia Ipar Euskal Herriko herri batean zegoela».
2. Martxan, B plana. Armategia indargabetzera zihoazela, Polizia sartu zen operatiboko gunean, eta B planari ekin zioten ekintzaileek: polizia operazioaren une berean lau txio igo zituen Etxeberrik —hiru txiotan 29 hedabide, berri agentzia eta kazetariren Twitter kontuak erantsi zituen, haiek instant berean jasotzeko albistea, gauerdian Mediabask-ek ETA-Luhusokoak lau eskutitzak eta ekintzaileen idatzi bat argitaratu zituen, eta biharamunean Baionan eragileen eta hautetsien batzarrak eta prentsaurrekoak izan ziren, eta lau mila laguneko manifestazio bat.
3. Segurtasun neurriak. Egin nahi zutena egiteko, segurtasunari garrantzia eman zioten Luhusokoaren antolatzaileek.
Herria eta baserria: Ipar Euskal Herrian egin nahi zuten ekinaldia Frantziako Estatuan, beraz; kokapenak bazuen bere motiboa, Frantzia sartu nahi baitzuten prozesuan, eta barnealdean, kostatik ez urrun. Luhuso hautatu zuten. Eta han, Errekartea baserria, bi arrazoirengatik: batetik, Ximun Haran Iparraldeko abertzaletasunaren sortzaileetakoaren etxea da 2013an zendu zen, eta, horrela, sinbologia eta transbertsaltasuna bilatu zuten; bestetik, Heletara bidean bidexka bateko azken baserria da, eta errepidea hantxe bukatzen da; ustez, toki diskretua eta segurua zen.
Telefonoak: Luhusokoak elkarrekin komunikatzeko eta, polizia operaziorik balego, txioak azkar bidaltzeko telefonoak, segurtasun gisa, Parisen erosi zituen Etxeberrik, hilabete lehenago, bakoitza leku batean.
Furgoneta: armategia halako lekutatik Luhusora garraiatzeko furgoneta alokatu zuten. Etxeberrik eraman zuen, baina ez zuen hark alokatu, Mixel Bergouignanek baizik, Miarritzen. Etxeberrik bazuen aurrekaririk: berak alokatu zuen 2000. urtean demoek Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusitik euskal 21 aulkiak ostu zituzteneko furgoneta, eta uztera zihoala atxilotu egin zuten.
Zaintza lanak: hainbat militante zeuden Luhuson, poliziak bazebiltzan atzemateko. Bazebiltzan; Etxeberriri ohartarazi zioten «konpainia» zutela herrian, hura baserrira arratsaldeko lauretan heldu eta ia ordubetera dei bat eginda. Prestatuak ziren B plana garatzeko, baina ez zekiten Polizia etxean sartuko zen.
Eta sartu zen. Aurreikusia zeukaten hori ekintzaileek, ETArekin harremanetan zirelako.
4. Boluntarioen talde zabala. Etxeberri, Berhokoirigoin, Bergouignan, Stephane Etxegarai bideogilea eta Beatrice Molle baserriaren jabea atxilotu zituzten Luhuson gaur urtebete, baina operatiboan guztira 21 lagunek hartu zuten parte. Etxeberrik liburuan dio boluntario aritu zirela guztiak: «Gure filosofia jasotzen zuen idatzi bat egina genuen, eta oinarri haiekin bat zetozen herritarrak ginen». 2016ko urriaren 25eko data du idatzi horrek; bake prozesua aitzinatzeko gizarte zibilaren inplikazioa aldarrikatu zuten, eta lehentasun gisa finkatu ETAren desarmatzea.
5. Tubiana, kanpotik lanean. Polizia Errekartean sartu zenean —20:31, Etxeberri, Bergouignan eta Etxegarai ziren barnean. Molle eta Berhokoirigoin Kanbora joanak ziren, Tubianaren bila: hitzordua zuten han. Tubiana ez zen Kanbon. Izan ere, hark ere aurretik dei bat jaso zuen Poliziaren presentziaz ohartarazi ziona —Berhokoirigoinek deitu zion, Makeatik, eta, beraz, ulertu zuen ez zuela agertu behar baserrira, libre egonik kanpotik komunikazio lanak egin zitzan. Berhokoirigoinek ere izan zuen aukera hori, baina berak erabaki zuen Errekartera joatea —autoz hara iristear zela atzeman zuten, Mollerekin batera, 20:45 aldera. Frantziako Estatuan gizon ezaguna izaki —Giza Eskubideen Ligako ohorezko presidentea—, Tubiana hedabideekin eta ospeko pertsonekin harremanetan jarri zen segituan. Txioak, eskutitzak eta idatzia bezala, garrantzitsua izan zen hori bertsio ofizialari gain hartzeko.
Polizia jokoz kanpo bezala geratu zen. Goizeko ordu bata aldera baserrian Polizia Judizialeko burua Etxeberriri joan zitzaion, eta esan zion Le Monde-k artikulu batean zioela atxilotu egin zutela Tubiana, «eta ez da hemen».
Txioez ere harriturik zeuden agenteak: ez zuten sinesten Etxeberrik —atxilotu zuten batek egin zituenik. Polizientzat beste pertsona bat zebilen tartean.
6. Bi bideo. Luhusokoek bi bideo osatuko zituzten: 15-20 segundokoa bata, eta hiruzpalau minutukoa bestea. Bietarako irudiak Etxegaraik hartu zituen, 19:30etik aurrera. Bideo laburrerako: plano batean, armategiaren kaxa guztiak, eta beste plano batean, kaxa bakoitza, eta irekita ere bai; kaxa bakoitzaren gainean paper bat zegoen, barneko materialaren zerrendarekin, eta hori ere hartu zuen. Inor ez zen agertzen irudietan. Bideo haren zati bat nazioarteko autoritateei helaraziko zieten, eta haiek, Frantziari. Bideo luzeagorako grabatu zituzten armak indargabetzen hasteko bi makinak, kaxak eta Etxeberri hizketan, aurpegia estali gabe, ekinaldiaren azalpenak emanez. Bigarren grabazioaren ostean atseden hartu, eta orduantxe heldu zen Polizia baserrira.
7. Zer zekien Frantziako Poliziak? Atxiloketen ondotik, Frantziako Barne Ministerioak prentsa ohar bat zabaldu zuen, Bruno Le Roux ministroaren hitzekin, eta han esan zuen Guardia Zibilarekin batera egin zutela operazioa. «ETA erakunde terroristarekin lotura duten bost gizabanako atxilotu izanaz goresmenak» eman zizkien Le Rouxek poliziei. «ETAri emandako beste kolpe gogor bat» izan zen, haren arabera. Etxeberrik Luhuso liburuan dio bere ustez Madrilek Parisi ez ziola esan gizarte zibileko jendea ari zela armagabetze ekintza bat prestatzen han. «Espainiarrek Frantziari salduko ziotena izango zen militante batzuek ETAren armategi bat lekuz aldatu behar zutela». Frantziako Polizia Luhusoko baserrian sartu zen, eta agenteek Bergouignani eta konpainiari galdetu zieten ea bazekiten frantsesez... Han barruan zein aurkitzea espero zuten?
Atxiloaldian Berhokoirigoini gertatutakoak ere sortzen du harridura, edo susmagarria da: «Nirekin zen poliziak azaldu zidan Parisen egoten zela lanean eta ETAren auzia ez zela bere espezia- litatea, lan arloa jihadismoa zuela, eta Luhusora laguntzera joan zela, hala eskatu ziotela».
8. Igandea, egun garrantzitsua. Ostiral gauean izan zen polizia operazioa, eta igandea moralki garrantzitsua izan zen atxilotuentzat. Euren abokatuen bidez jakin zuten aurreko egunean Baionan mobilizazio esanguratsua gertatu zela. Etxeberrik domekako Sud Ouest irakurtzeko aukera izan zuen, polizia batek utzi egin baitzion. Gainera, egun berean hari bere poliziak iradoki zion libre ateratzeko aukerak zeuzkatela. Frederique Espagnac PSko senatariak ere gauza bera jakin zuen igandean, Justizia esparrutik. Luhusoko ekintzaileen inguruko jendeak deitu edo idatzi egin zien Frantziako agintariei: Franc?ois Hollande Errepublikako presidenteari, Bernard Cazeneuve lehen ministroari...; mezu truke bat egon zen.
9. Frantziaren lehen aldaketa. Molle, Etxegarai, Bergouignan, Berhokoirigoin eta Etxeberriren atxiloaldian aldaketa bat egon zen akusazioan. Luhuson, iazko abenduaren 16ko gau hartan, DNAT Terrorismoaren Aurkako Dibisio Nazionalaren jakinarazpenak «helburu terroristadun gaizkile taldeko kide» gisa jo zituen. Franc?ois Molins Parisko prokuradore nagusiak agindu zuen operazioa, Terrorismoaren Aurkako Auzitegiko buruak. Bostak abenduaren 20an pasatu ziren Christophe Teissier epailearen aitzinetik, Parisen, eta hark ez zien justuki halakorik egotzi. ETAren armak eta lehergaiak edukitzea eta garraiatzea, eta erakunde «terroristarekin» harremana izatea leporatu zien. Molle igaro zen lehena Teissierren aurretik; Etxeberri azkena. Bostak, baldintzapean libre. Etxera.
10. Brissonen eskaera. Etxeberri heldu zen azkena Euskal Herrira: abenduaren 21ean, trenez. Baionan askotariko jendea zeukan zain. Hitzaldi txiki bat egin ostean, Max Brisson (LR) joan zitzaion, esan zuena laudatuz eta argitaratzeko eskatuz, «onginahia bultzatzen zuen diskurtso bat» egin zelakoan. Enbata-n atera zuten. Ondotik, trago batzuk hartu zituzten elkarrekin Pyrenees ostatuan. «Irudi harrigarria, zinez», Etxeberriren iritzian. «Sentitu nuen zerbait gertatu zela Luhusokoarekin».
[youtube]https://youtu.be/IqBcVvL2JMg[/youtube]
Luhusokoa, hamar gakotan
Gizarte zibileko kideak iaz Luhuson ETA armagabetzen hasteko egitasmoa, orduko segurtasun neurriak, lantaldea, komunikazioa, Parisen lehen jarrera aldaketa, Ipar Euskal Herriko mugimendua... Esnaolaren 'Luhuso' liburuak gaur urtebeteko ekinaldiaren berritasunak dakartza. Bideoa albistearen amaieran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu