Luhuso, armagabetzea bideratu zuen gaua

ETAren armagabetzean erabakigarria izan zen Luhusoko operazioa. Herritarren engaiamendua eragin zuen, eta Frantziako Gobernuak esku hartzea behartu zuen. Apirilaren 2an eta 3an epaituko dituzte Parisen Etxeberri eta Molle.

Mixel Berhokoirigoin, Miarritzeko aireportuan, poliziaz inguratua. BOB EDME
Mixel Berhokoirigoin, Miarritzeko aireportuan, poliziaz inguratua. BOB EDME
Ekhi Erremundegi Beloki.
2024ko martxoaren 26a
20:00
Entzun

«Gizarte zibilak ardura bere gain hartu eta ETAren armategiaren desegitea abiatu du. Polizia operazioa egiten ari dira oztopatzeko». 20:31 ziren, ostiral arratsa. @bakeaEHan izeneko Twitter kontu batetik lau mezu argitaratu ziren arrakaladan; laurak frantsesez idatziak. Horietako batean zerra zirkular pendular bat eta zulagailu bat ageri ziren oihal beltz baten kontra ezarritako mahai baten gainean; beste batean ikurrin bat. Atxiloketei erantzuteko Luhuson (Lapurdi) «modu baketsuan» biltzera deitzen zuen haietako batek. Txio bakoitzean Ipar Euskal Herriko eta Frantziako Estatuko 29 hedabide, berri agentzia eta kazetariren Twitter kontuak etiketatuak ziren.

Gatazkaren konponbide prozesuan ardurak zituen Ipar Euskal Herriko ezker abertzaleko kide bati SMS bat bidali, eta erantzuna: «Ez gara deusen jakinean». Beste SMS batzuk mugimendu militanteko pertsona bati baino gehiagori; erantzunik ez. Txioen formagatik, hizkuntzagatik, adierazten zuten ekintzagatik, zuhurtzia nagusitu zen hasieran 2016ko abenduaren 16an, gizarte zibilak ETAren armagabetzea abiatu zuela iragartzen zuen informazioa faltsua izan zitekeelakoan. Baina ez zuen faltsutik ezer.

Orduan ez zen jakina, baina Jean Noel Etxeberri Txetx ekintzaileak idatzi zituen txioak, Errekartea baserriko lehen estaira igota. Ordurako, Frantziako eliteko Polizia baserrira sartzen ari zen, eta Mixel Bergouignan eta Stephane Etxegarai Etxe atxilotuak zituen; berehala atzeman zuten Txetx bera ere, eta beranduxeago Mixel Berhokoirigoin eta Beatrice Molle.

Orduak joan ahala argitara agertu ziren Luhusoko operazioaren nondik norakoak. 22:00ak ziren egunkari honek polizia operazioaren informazioa baieztatu zuenerako; euskal presoen eskubideen aldeko Bagoaz plataforma Luhusora joateko deia egiten hasia zen. 22:27an Espainiako Barne Ministerioak txio bat argitaratu zuen: «Guardia zibilak beste kolpe bat eman du ETA talde terroristaren armategien aurka Frantzian, eta hiru pertsona atxilotu ditu». Frantziako hedabideetan ere hasi zen zabaltzen informazioa. Batzuek bost atxilotu aipatzen zituzten.

Gauerdi pasatua zen Mediabask agerkariak Etxeberri, Berhokoirigoin eta Michel Tubianaren izenak atera zituelarik. Armagabetzearen ardura beren gain hartzeko ETArekin izandako gutun trukaketak eta herritarrei desmartxa esplikatzeko idatzi zuten testua argitaratu zituzten. Frantziako eta Espainiako gobernuek ETAren kontrako polizia operazio gisa aurkeztu zutena, Euskal Herriko gatazka armatuaren ondorioak konpontzeko ekintza herritarra bilakatu zen.

Ekintza hartatik zazpi urte baino gehiago pasatu ondotik, apirilaren 2an eta 3an epaituko dituzte Etxeberri eta Molle Parisko Zigor Auzitegian. ETAren armak edukitzea eta garraiatzea leporatzen diete.

Blokeoa desblokeatzeko

2011ko urrian iragarri zuen jarduera armatuaren bukaera ETAk. Aieteko Nazioarteko Konferentziak markatutako bide orriaren arabera, Espainiako eta Frantziako estatuen eta erakunde armatuaren arteko elkarrizketak abiatzea zen ondoko urratsa, gatazka armatuaren ondorioei konponbidea emateko. Oslon (Norvegia) eratu zuten elkarrizketa mahaia, baina Espainiako eta Frantziako ordezkariak ez ziren sekula agertu.

ETAren armagabetzea zinezko erronka bilakatu zen: 2014an, «borroka armatuaren egitura logistikoa eta operatiboa» desegiteari ekin zion erakundeak, eta Nazioarteko Egiaztatze Batzordearen bermepean bere armategia zigilatzen hasi zen. Ipar Euskal Herriko gizarte zibileko pertsona ezagun batek jaso zituen armategien giltzak, kaxak zigilatu arau.

Anartean, ETAren kontrako polizia operazio bat baino gehiago egin zituzten: 2015eko uztailean Iñaki Reta eta Xabier Goienetxea atxilotu zituzten, eta David Pla eta Iratxe Sorzabal urte bereko irailean; 2016ko azaroan Mikel Irastorza atzeman zuten. Bi urte lehenago Eusko Jaurlaritzak armagabetzeko proposamen bat egin zuen, baina ETAk ez zuen ontzat eman; prest agertu zen, hala ere, Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Gobernuarekin lankidetzan aritzeko. Baina egoera blokeatua zen.

Mediabask-ek agertutako dokumentuen arabera, 2016ko urrian abiatu ziren Tubiana, Berhokoirigoin, Etxeberri eta ETAko zuzendaritzaren arteko gutun trukaketak. Txetx-ek gerora kontatu izan duenagatik, elkarrizketak lehenago abiatu ziren, eta gutun horien bidez formalizatu zituzten.

Haien desmartxa esplikatzeko idatzitako testuan, gizarte zibileko kide gisa aurkeztu zuten haien burua hiru lagunek, eta zehaztu zuten ez zirela ETAren «menpekoak». Berretsi zuten «Euskal Herriarentzat bortizkeriarik gabeko etorkizun demokratiko bat» nahi zutela, eta «konbentzituak» agertu ziren ETAren armagabetzea «gatazkaren betiko konponbidera iristeko ezinbesteko baldintza» zela. «Zentzugabeko egoera» zela erran zuten armagabetze prozesuan bi estatuek ez parte hartzea. «ETAri eskatu diogu armamentu osoaren suntsiketa gizarte zibilaren ardura politikoaren esku uzteko, eta erabaki dugu suntsiketa horren hastea». ETAren eta Frantziako Gobernuaren arteko «bitartekaritzat» jo zuten euren burua.

A eta B planak

Enekoitz Esnaola BERRIAko kazetariak idatzitako Luhuso. ETAren armagabetze zibilaren kontakizuna liburuan (2016) kontatu zituzten Bakegileek abenduaren 16rako prestatua zuten operazioaren xehetasunak. ETAren armategiaren %15 indargabetzeko asmoa zuten, eta hori bideoan grabatu. ETAren armagabetze osoa modu ordenatuan eta seguruan egiteko lankidetza eskema bat eskaini nahi zioten Frantziako Gobernuari; lehenik isilik, eta erantzunik lortu ezean ekinbidearen berri publikoki emanez, gobernua behartzeko. Hori zen A plana. B plana, polizia operazio bati erantzutea zen.

Bergouignanek alokatu zuen furgoneta, eta Etxeberri joan zen haren bila Miarritzera (Lapurdi). Ipar Euskal Herriko errepideetan luze ibili ondotik, zigilatutako arma kaxak jaso zituen, eta baserrira jo zuen. Bitartean, armategien kaxetako giltzak zituen gizarte zibileko pertsona bere etxetik Itsasura (Lapurdi) joan zen. Hango hotel batera agertzeko errana zioten. Heldu eta luzaz egon zen beha. Hotelean Frantziako Poliziako kide bat bazela ikusi zuen, ezagutu egin zuelako, eta hark ere ikusi zuen bera. Gauean atxilotuko zutenetako batek lagundu zuen Errekartea baserrira, eta bidean ikusi zuten auto susmagarririk. Barrukoei giltzak eman eta egoera aipatu zuten. Hotelera itzuli zenean, han segitzen zuen poliziak.

Atxilotuak bost izan baziren ere, guztira 21 lagunek hartu zuten parte Luhusoko operazioaren azpiegituran; horietako batzuk zaintza lanetan aritu ziren, inguruko mendietatik largabistekin baserrira so. 16:00ak ziren Etxeberri Txetx Errekartera iritsi zenean; ordu bat beranduago, abisua eman zioten inguruan poliziak zebiltzala. Planarekin aurrera segitzea erabaki zuten.

Bi bideo grabatu zituen Etxegaraik. Bat motza: arma kaxak batera, eta ondoren banaka, irekita, bakoitzean zegoenaren zerrenda erakusten zuten paperekin, inor agertu gabe; nazioarteko autoritateei helaraztea zen ideia, haiek Frantziari emateko. Beste bideoa luzeagoa zen, eta Txetx agertzen zen, aurpegia estali gabe ekinaldiaren azalpenak emanez. Bigarren grabaketa bukatu eta atseden hartu zutenean sartu zen Polizia. Txioak publikatzeko denbora izan zuen Etxeberrik; B planean ziren.

20:31, Polizia Errekartea baserrira sartu zen tenorea. Momentu hartan Berhokoirigoin eta Molle kanpoan ziren, Tubianaren bila joanak; Kanbon (Lapurdi) jaso beharra zuten. Baina Polizia baserri inguruan zebilela oharturik ez agertzeko agindu zioten, kanpotik Bakegileen komunikazioa egin zezan. Berhokoirigoinek ere izan zezakeen aukera hori, baina berak erabaki zuen baserrira itzultzea. Autoz hara iristear zela atzeman zuten, Mollerekin batera, 20:45 inguruan.

Tubiana atxilotu ez izanak garrantzia berezia izan zuen komunikatiboki. Bertsio ofiziala gezurtatu zuen hainbat hedabidetan, eta Bakegileen desmartxari buruzko azalpenak eman zituen. «Espainiako eta Frantziako gobernuen erabaki politikoa da ETAk armagabetzeko duen erabakiaz ez entzunarena egitea. [...] ETAren kontrako garaipen handia irudikatzen duen beste biderik ez dute hartu nahi», adierazi zion egunkari honi larunbat goiz hartan, abenduaren 17an. Luhusoko planari buruzko xehetasunak ere eman zituen: «Gobernuak abisatuko genituen armen entrega eginen genuela. Prokuradoreari aukera emanen genion hemendik aste batzuetara arma horiek deuseztatuta aurkitzeko».

Atxilotuak Parisera eraman zituzten igandearekin, eta asteartean deklaratu zuten epailearen aitzinean. Kontrol judizialpean libre uztea erabaki zuen; Ipar Euskal Herriko 210 hautetsi berme gisa aurkeztu ziren haren aurrean.

Apirilaren 8rainoko bidea

Egun intentsoa izan zen abenduaren 17koa. Egun osoan dozenaka herritar agertu ziren prest Luhusokoen lekukoa hartzeko. Baionan, goizean, berrogeitik gora gizarte eragilek gogor gaitzetsi zituzten atxiloketak, eta iragarri zuten beren gain hartzen zutela «ETAren armagabetze zibila» aitzina eramateko ardura. Ipar Euskal Herriko hautetsi andanak ere agerraldi bateratua egin zuten Frantziako eta Espainiako gobernuei ohartarazteko asko zirela hasitako bidean jarraitzeko prest zeudenak, eta bakerako bidean beharrezkoa zela armagabetze prozesua ahalbidetzea. Arratsaldean 4.000 pertsona batu ziren manifestazioan, «bakearen alde».

Baina beste eremu batzuetan ere izan ziren mugimenduak. Atxiloketak gertatu zirenean, eremu anitzetako pertsona ezagunen deiak eta mezuak jaso zituzten Frantziako orduko presidenteak, lehen ministroak eta gobernuko beste hainbat ministrok. Atxilotuak nor ziren eta abiatu zuten ekintzaren helburua zer zen esplikatu zieten. Poliziaren eta epailearen aitzinean egindako deklarazioetan, Etxeberri eta Berhokoirigoin prest agertu ziren Frantziako Gobernuarekin elkarrizketak abiatzeko.

Ondoko asteetan, hartu-emanek segitu zuten, eta Bakegileek martxoan Le Monde egunkarian jakinarazi zuten apirilaren 8an gauzatuko zutela ETAren armagabetzea. Dozenaka herritar agertu ziren Bakegileen ekintzan parte hartzeko prest. Gorabeherak gorabehera, Frantziako Gobernuak ontzat eman zuen armagabetzea, eta Espainiako Gobernuari jakinarazi zion ekinbidea baimenduko zuela; apirilaren 8a baino astebete lehenago koadro ofiziala eratu zuten Bakegileekin baldintza teknikoak adosteko. Bezperarako berme guziak zituztela erran izan du Etxeberrik. 172 behatzailek parte hartu zuten armagabetzean behatzaile gisa; Frantziako Poliziak eraman zituen armategietako kaxak; ez zuten inor atxilotu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.