Aritz Azkona. Gorenak absolbitutako gazteetako bat

«Lubakiaren beste aldera pasatu eta borrokarekin segitzea dagokigu orain»

Ezkutuan egon da azken egunetan Azkona. Orain, berriz ireki zaizkio ateak bizitzarekin jarraitzeko, «Luis eta Xaporen ondoan egoteko, herri harresia eraiki eta epaiketa guztiak gelditzeko».

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena
2013ko uztailaren 31
00:00
Entzun
2008ko urrian atxilotu eta espetxeratu zuten Aritz Azkona (Iruñea, 1986), Segiren aurkako sarekada batean. Joan den astean jakin zuen absolbitu egin zuela Espainiako Auzitegi Gorenak, ezkutuan zegoela.

Amaiurren gogora ekarri zenuten atxilotu zintuztetenetik pasatutako bidea. Nola eragin du guztiak zuen bizitzetan?

Atxiloketak egin zituztenetik epai irmoa eman arte, ia bost urte pasatu dira. Gure kasuan, hiru urte baino gehiago pasatu genituen espetxean. Epaiketa egin eta hilabetera, kalera atera ginen Maider [Caminos], Luis [Goñi], Alberto [Lopez] eta ni. Xabier [Sagardoi] eta Mikel [Jimenez] espetxean eduki zituzten, beste kausa batengatik. Azken urte hauek nahiko latzak izan dira, espetxean egon garelako. Badakigu espetxean nolako bizi-baldintzak dituzten gatibu dauden euskal preso politikoek: sakabanatuta egon gara; hilabeteak eman ditugu familiarekin bisean bisekorik izan gabe, miaketak egiten zituztelako; espetxe aldaketa asko izan ditugu.

Handik atera, eta Auzitegi Nazionaleko zigorra jaso genuen. Beti esaten dugu halako gauzek ahalik eta gutxien baldintzatu behar gaituztela bizitzan eta ahalik eta ondoen eraman behar dela, zure erronka edo proiektuak aurrera ateratzeko. Hala ere, espetxera sartzeko aukerak dituzula jakiteak baldintzatu egiten zaitu.

Zuek bezala, beste ehunka gazte atxilotu zituzten Segirekin lotuta. Zein zen Espainiako Estatuaren helburua?

Urte hauek nahiko latzak izan dira. Betidanik izan dute jo puntuan gazteria, herri honen motorra delako. Azken finean, ilegalizazio garai hauetan, guda estrategia bat zeukaten, eta errepresio tresneria guztia topera jarri dute. Beti bezala, herri hau zapaldu nahi izan dute. Atxiloketa horiekin guztiekin beldurra zabaldu nahi zuten gazteriarengan, eta galga jarri gazteriaren borroka grinari. Momentu zailak izan diren arren, argi ikusi da gazteriak eta Euskal Herriak antolatzen jarraitu dutela.

Ostegunean esan genuen ekaitzetik babestu beharrean euripean ere dantzan ikasi dugula. Gazteriak beti erakutsi du zer-nolako konpromisoa daukan herri honekiko eta zer-nolako borrokarako grina daukan. Oztopoak oztopo, eta etsaiaren guda estrategia halakoa izanda ere, aurrera jarraitu dugu beti, eta jarraituko dugu. Konpromiso argia dugu herri honekin, eta bestelako herri bat eraiki nahi dugu, independentzian eta sozialismoan oinarrituta. Estatuak ez du nahi gure proiektua aurrera eramaterik, badakielako horrela bukatu egingo dela beren pagotxa.

Uztailaren 23an jakinarazi zuen erabakia gorenak. Ezkutuan zeundeten ordurako. Zergatik erabaki hori?

Donostiako eta Ondarroako Aske Guneak ikusita, bagenekien haiek ere saihestuko zutela hori sortzea Iruñerrian. Erabaki argia hartu genuen: ezkutatzea eta bitartean baldintzak sortuz joatea herri harresia sortzeko. Horrela, atxiloketak saihesteko, gure militantziarekin jarraitzeko eta harriak jartzeko epaiketa gehiago egon ez daitezen. Asteartean atera zen gure erabakiaren berri eman genuen bideoa, eta arratsaldean bertan kaleratu zuten gorenaren epaia.

Esan beharra dago epaia kaleratu baino lehen jarri zituztela bilatze eta atxilotze agindupean. Horrek erakusten du estatuak nola saihestu nahi zuen herri harresia sortzea. Orain, gure lana hori da: jendea animatzea eta elkartasunetik konpromisora pasatzea, baldintzak sortzeko Iruñerrian, Barañainen edo dena delakoan, erabakitzen dena sortzeko. Luis eta Xaporekin gaudela adierazteko, eta zaila izango dutela beraiek eramatea. Ez diegu utziko.

Nola hartzen da halako berri bat, egoera horretan?

Azken finean, badakigu nola jokatzen duten kasu hauetan. Gure sentipena gazi-gozoa izan da: batetik, absolbitzen zaituzte, eta horrek aukerak ematen dizkizu zure bizitzarekin eta militantziarekin jarraitzeko. Baina, bestetik, inpotentzia eta haserrea dago, ikusita Luis eta Xapo zigortu dituztela eta senideen ondotik, haien herritik eraman nahi dituztela. Horretara jolasten dute. Orain dagokiguna da lubakiaren beste aldera pasatu eta borrokarekin segitzea: gure militantziarekin jarraitzeko, eta, batez ere, kasu honetan, Xapo eta Luisekin egoteko. Herriak aspaldi hartu zuen hitza, eta ozen esan du ez duela onartzen horrelako prozesurik, ez duela nahi atxiloketa gehiagorik, eta euskal preso eta iheslariak etxera etorri behar dutela, gutxika-gutxika. Espetxeak hustu behar direla eta iheslariek Euskal Herrian bizitzeko eskubidea dutela.

Donostiako eta Ondarroako erreferentziak daude, batez ere. Hala ere, esana duzue filosofia oso bat dela herri harresia. Zertan datza filosofia hori? Nola gauzatu duzue?

Herri harresia ez da Aske Gunea edo harresi fisiko hori bakarrik. Hori baino gehiago esan nahi du. Gure lehenengo mezua zen onartuko genuen sententzia bakarra absoluzioa izango zela, ez dutelako inongo zilegitasunik gu epaitzeko. Hortik aurrera, momentua da elkartasunetik konpromisora pasatzeko. Aukera asko daude horretarako: harresi fisiko horretan, lehen, bigarren edo hamargarren ilaran egonez; etxeko ateak zabalik utziz; eragile politiko, sindikal eta sozialen kasuan, ezkutuan geunden bitartean, gure egoera onartu eta gurekin elkartzeko konpromisoa hartuz... Hirugarren pausoa da desobedientziara pasatzea. Planto egitea estatuen erabaki horiei. Luisek eta Xapok bide hori hartu dute, ezkutatzeko hautua eginez. Guk ere, herri gisa, desobedientziarako bidea hartu behar dugu.

Hori izan da Iruñerrian hilabete hauetan jorratu dugunaren bizkarrezurra. Herri harresia denok gara, zuek zarete. Herrikoia eta parte hartzailea izan behar du, denok eraikitakoa. Orain, guri, herriari tokatzen zaigu aukera horiek irekitzea, baldintza horiek sortzea, etorkizun ahalik eta hurbilenean epaiketa guztiak bertan behera uzteko.

Zein izan behar da hurrengo pausoa?

Orain arte, egitasmo batzuk egin ditugu. Badakigu abuztua sasoi txarra dela, eta haiek ere horregatik ikusi dute apropos epaia kaleratzeko. Etengabe jendea aktibatuz joan behar gara. Egoera oso larria da, eta baldintzak sortuz gero, erabakiko da zer egin. Luis eta Xapok beren konpromisoa argi erakutsi zuten, eta espetxera zigortu nahi dituzte. Guk jarraitu behar dugu haien konpromisoarekin eta borrokarekin, borroka delako bide bakarra estatuaren gerra makinaria geratzeko. Herriaren garaia da.

Zein mezu bidaliko zenieke Goñiri eta Sagardoiri?

Haien konpromisoa eta borroka eredugarriak direla eta momentu hauetan haiekin eta haien senideekin gaudela. Borrokan jarraituko dugula haiekin batera, epaiketa guztiak gelditzeko. Asko maite ditugula, eta jarraitzeko beti bezala, borroka grina horrekin eta irribarre gaizto horrekin. Animo eta egurra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.