Joan den otsailean hogei urte bete ziren Espainiako Auzitegi Nazionalak eta Guardia Zibilak Euskadunon Egunkaria itxi zutela; hogei urte, hainbat arduradun atxilotu eta torturatu zituztela. Hogei urte bete dira Egunkaria aurrera lelopean milaka herritarrek elkartasuna adierazi zutela. Euskal herritarrek ez ezik, beste hainbat tokitako lagunek ere gaitzetsi zuten gertatutakoa. Tartean izan ziren Madrilgo hainbat gizarte mugimendutako kideak, eta, hogei urte geroago, ez dute ahaztu Egunkaria-ren itxiera. Izan ere, urteurrenaren harira, Egunkaria-ren itxierari buruzko mahai inguru bat egiten ari dira Espainiako hiriburuko La Maliciosa ateneoan, gaur, 19:00etan.
Mahai inguruan parte hartzekoak ziren Egunkaria-ko zuzendari ohi eta BERRIAko zuzendari Martxelo Otamendi, Auzitegi Nazionaleko epaile Javier Gomez Bermudez, El País egunkariko Luis Rodriguez Aizpeolea kazetaria eta Montserrat Galceran filosofoa. Ekitaldiko aurkezleak Amparo Climent eta Carlos Olalla aktoreak izango dira, eta mahai ingurua streaming bidez ikusteko eta entzuteko aukera egongo da.
2003ko otsailaren 20an Egunkaria-ren aurkako polizia operazioan atxilotu eta torturatu zituztenetako bat izan zen Otamendi, Egunkaria-ko zuzendaria. Egun, BERRIAko zuzendaria da. Gomez Bermudez Auzitegi Nagusiko Zigor Aretoko presidentea izan zen 2004tik 2012ra, eta hark epaitu zituen Egunkaria auziko auzipetuak; 2010eko apirilean absolbitu zituen. Egun, abokatu lanetan dabil. Rodriguez Aizpeolea El País egunkariko kazetaria da 1989tik, eta euskal gatazkaz idatzi izan du, besteak beste. Galceran Filosofian katedraduna da Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean, eta 2015etik 2019ra zinegotzi izan zen Madrilgo Udalean, Manuela Carmena alkatearen udal gobernuan.
Gaur arratsaldeko ekitaldiaren antolatzaileak Madrilgo hainbat gizarte mugimendu dira; tartean dira LoQueSomos, Puedo, Ecologistas en Accion, Madrileñ@s por el Derecho a Decidir, Viento Sur eta Traficantes de Sueños antolakundeak. Antolatzaileen artean Txepe Lara zine ekoizlea dago.