Loza: «Gerturatzea ez da onura bat»

Gobernuaren ordezkariak dio presoek ez dutela baldintzarik bete behar hurbilketarako

edurne begiristain
2018ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Euskal presoak «progresiboki eta indibidualki» Euskal Herrira «gerturatzearen» alde agertu da berriro Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari Jesus Loza. Gerturatzeko orduan lehentasuna izan behar dute, haren ustez, odol deliturik ez duten eta ezarritako espetxe zigorraren zatirik handiena betea daukaten presoek, gaixorik daudenek eta 70 urtetik gorakoek. Hala azaldu du Lozak Vocento taldeko egunkariek atzo argitaratutako Espetxe politikaren berbideratzea artikuluan.

Lozaren arabera, Espainiako Estatuak «zuhurtziaz» egin behar du gerturatzea, eta ETAren biktimek ematen diren pauso guztien berri izan beharko dute. Iritzi artikuluan nabarmendu du hurbilketa «legezkoa» dela—«urrunketa garai batean izan zen bezala»—, ez dela «espetxe onura bat» eta presoek ez dutela «baldintza berezirik» bete behar neurri hori aurrera eramateko.

Beharrezkoa iruditu zaio ETA desegin ondoren espetxe politika «berbideratzea», uste duelako aldaketa horrek mesede egingo diola «bizikidetzari». «[Espetxe politikaren] Helburu operatiboa berbideratu behar da; terrorismoaren aurkako politikaren parte izatetik bizikidetza politikaren parte izatera igaro behar da». Horretarako, Lozak proposatu du presoak «gizarteratzeko» xedea izatea, eta Langraiz bidearen garrantziaz idatzi du du, «garai berrietarako esperientzia oso baliagarria delako».

Onuretarako, baldintzak

Euskal presoek espetxe onurak izateko —hirugarren gradua edota baldintzapeko askatasuna—, Lozak dio estatuko legediak zehazten dituen baldintzak bete beharko dituztela. Baldintzok zeintzuk diren gogoratu du: presoek espetxe zigorraren gutxieneko zati bat beteta izatea, eta iraganarekiko jarrera «autokritikoa» agertzea. Azpimarratu du gizarteratzeko erabakia presoarena baino ez dela, eta ohartarazi bide hori hartzea erabakitzen ez dutenek ez dutela espetxe onurarik izango. Sorturi eskatu dio laguntzeko presoei autokritikaren bidean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.