Loverdose festibala

Loverdose festibala hasiko da gaur Baionan

Gaur emango dio hasiera bere lehen festibalari PAF elkarte feministak. Egitarau oparoa osatu dute «jendarte patriarkaleko maitasun eta harreman afektiboez» gogoetatzeko. 1.000 lagunek baino gehiagok parte hartuko dute ekitaldietan

PAF! elkarteko kideek Loverdose festibala aureztu zuten apirilean Baionan. PATXI BETZAIZ
Garazi Aduriz Zuñeda.
2023ko maiatzaren 19a
16:46
Entzun

Loverdose festibalari hasiera emango dio gaur PAF elkarte feministak. «Maitasuna eta harreman afektiboen» gaia jorratuko dute, horiek «jendarte patriarkalean» garatzen direla jakinik. «Gaur egun erlazionatzeko ditugun moduez eztabaidatzeko aukera izango da», azaldu zion Nathalie Riobe Gorostiaga PAF elkarteko kideak BERRIAri. Egitarau oparoa osatu dute astebururako: guztira 20 ekitaldi inguru antolatu dituzte: mahai inguruak, tailerrak, bertso saioa, performanceak eta kontzertuak, besteak beste.

1.000 lagunek baino gehiagok eman dute izena asteburuko tailerretan parte hartzeko. «Zinez, ez genuen hain erantzun beroa espero», adierazi du PAF elkarteak. Izan ere, lehen aldia da elkarteak horrelako festibal bat antolatzen duela. Oraingoz arrakastatsua izango dela ematen du, eta, elkartearen arabera, «maitasunaren eta harreman afektiboen inguruan hausnartzeko» beharraren adierazle da hori, «ikuspegi feministatik eta kolektiboki». Txartelak prezio librean saldu dituzte, edonorentzat eskuragarri izateko helburua baitzuten.

Egitarau oparoa

Hainbat leku eta formatutan gogoetatuko dute asteburuan. Gogoetan ere «edonork bere lekua» atzeman dezan, beti «onginahia, zaintza eta ahizpatasuna bermatuz». Gaur irekiko dizkiote ateak festibalari, 17:30ean, Baionako gaztetxean, eta 18:00etan izango da lehen gogoeta saioa: podcastak izango dira entzungai, Victoire Tuaillon eta Lucile Bellanen parte hartzearekin. 21:30etik aurrera berriz, Amore umore bakarrizketa umoretsuekin bukatuko dute ostirala.

Bihar, Bikotea sistema heteropatriarkalean: nola eta zendako uztartzen dira menpekotasun-harremanak?mahai inguruarekin hasiko dute eguna, Baionako antzokian. Celine Bessiere, Mari Luz Esteban, Christelle Murhula eta Elisa Rojas izango dira hizlariak. 13:00etan, Maddi Ane Txoperena eta Miren Artetxek bertso saio bat egingo dute Txalaparta egoitzan. 14:00tatik aurrera, hainbat tailer prestatu dituzte Baionako leku ugaritan. Bigarren mahai ingurua 18:00etan hasiko da, Baionako antzokian: Zein dira alternatibak gure harreman afektiboentzat bikote heteronormatibotik haratago/at? izango da gaia, eta Rachele Borghi, Irantzu Varela eta Tal Madesta izango dira hizlariak. Loverdose gauarekin amaituko dute, larunbatean, 21:30etik aurrera, Baionako Napoleon gelan.

Igandean, Züzülü ostatuan elektrobruncha proposatuko dute, Elektro-brunch Nejurekin, eta 13:30ean, filma baten proiekzioa hasiko dute leku berean: La fabrique du consentement: regards lesbo-queer filma zango da. Asteburu osoan Nantene Traoreren argazki erakusketa egongo da ikusgai Txalaparta egoitzan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.