«Ez dago inprobisaziorik. Gobernuak planifikatuta zeukan legealdi hasieratik. Orain arte, eskumen zehatz batzuk joan da zentralizatuz, eta, lege honekin, akabera eman nahi dio prozesuari: orain, gobernuak nahi adina eskumen kendu ahal izango dizkie erkidegoei». Espainiako Segurtasun Nazionalerako Legeaz ari da Emilio Olabarria EAJko diputatua. Kezkatuta dago, oso. Baita Amaiurreko Rafa Larreina ere. Harentzat, ez da kasualitatea agintaldiaren amaieran tramitatu izana legea. «Azken orduan egin dute, gehiegi nabari ez dadin», azaldu du. «Badakite oso ondo zertan ari diren eta noiz onartu behar diren», gaineratu du, berriz, Olabarriak. «Ikusiko dugu datorren agintaldian zein osaera gertatzen den parlamentuan, baina PPk eta PSOEk badaezpada lotuta utzi dituzte beraien estatu eredua babesteko tresnak».
Euskal Herriko alderdi abertzaleetako diputatuak dira biak. EAJkoak 2004tik darama Madrilen,eta Amaiurrekoak bere lehen aldia du han. Hondarretan da legealdia. Iraila eta urria baino ez ditu izango Rajoyren gobernuak «azken ordukoak» aurrera ateratzeko. Agintaldia hitz batez definitzeko eskatuta, zalantzarik ez dute bi diputatuek: «birzentralizazioa». PPk gorteetan duen gehiengoa baliatu du horretarako, eta «aliatu» izan du PSOE, Olabarria eta Larreinaren iritzian.
Udazkenean sartuko dira indarrean «helburu hori» duten beste bi lege. Funtsean, Espainiako Gobernuari aukera ematen diote autonomia erkidego baten jarduna baldintzatzeko eta bertan behera uzteko hango instituzioetan «demokratikoki» hartutako erabakiak.
Batetik, autonomia estatutuen aurkako aurretiazko konstituzio helegitea berreskuratu dute PPk eta PSOEk. 1985ean indargabetu zuten figura juridiko horren bidez, estatutuetan eginiko edozein aldaketa geldiarazteko ahalmena izango dute gobernuak, 50 diputatuk osatutako talde batek edota autonomia erkidego batek. Konstituzionalean helegitea jarri eta auzitegiak ebatzi arte, indargabetu egingo lirateke erkidegoetako parlamentuetan hartutako erabakiak. Modu horretan, halaber, autonomia estatutu baten erreformari buruzko eztabaida ez litzateke Kongresura ere iritsiko.
Bestetik, Segurtasun Nazionalerako Legea onartu berri du Kongresuak. Horrek gehiago «izutzen» ditu bi parlamentariak. Berria delako, batetik, baina, bereziki, inoizko botererik handiena ematen diolako Madrilgo gobernuari erkidego batean esku hartzeko. Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako abertzaleak eta IU daude aurka. Baina irailean emango dio argi berdea Senatuak, PSOEren oniritziarekin.
Bi politikari abertzaleen iritzian, bereziki Kataluniako egoeragatik egin dituzte bi legeak—irailean egingo dira plebiszitu izaerako hauteskundeak han—, baina baita Euskal Herrian eta Galizian abiatu daitezkeen prozesuak edo autonomia estatuen berritzea geldiarazteko eta oztopatzeko ere. Larreinarentzat, testuinguru ekonomikoak ere pisu handia izan du neurriok onartzeko orduan, eta baita Espainiako bi alderdi nagusiek duten krisiak ere. «Krisian dago PP eta PSOEren statu quo-a, eta hori babesteko tresna gehiago nahi dituzte: adostu zuten zigor kodearen erreforma, eta orain hau» .
EAJko eta Amaiurreko diputatuak azpimarratu dutenez, estatu itun zabalago baten parte da legea. Horren harira, Olabarriak azaldu du ez dela Rajoyren gobernuak bere kabuz abiatutako ekinbidea; Zapaterorenak «gisa bereko» aurreproiektu bat zuela gogoratu du, «denboragatik aurrera atera ez zuena». «Funtsean Estatua ulertzeko modua partekatzen dute PSOEk eta PPk», dio Larreinak. «Eta, horretarako, euren konstituzioa urratu edo behartu behar badute, urratzen dute» gaineratu du Olabarriak.
«Kasu honetan, PPk eta PSOEk pasatu dute arrabola», salatu du Olabarriak. EAJkoak argi du berdin pentsatzen dutela biek. Parlamentuko korridoreetan izandako elkarrizketa bat ekarri du gogora. «Alderdi sozialistaren botere egituran pisu handia duen Enrique Serranok esan zidan, argi eta garbi, legean jasotzen dena dela haiek Espainiako Estatuaren egiturari buruz benetan pentsatzen dutena». Olabarriak salatu duenez, bi alderdiek errespetatu ere ez dute egin «tamaina honetako» lege batek bete beharreko prozedura; Kongresuko plenora ez dute eraman, eta batzordean onartu dute, lege arrunt gisa. «Hori oso larria da izaera konstituzionaleko kontzeptuak jasotzen dituelako legeak».
Bi diputatuen arabera, Segurtasun Nazionalaren Legea «oso arriskutsua» izan daiteke, herritarren askatasunen eta eskubide nazionalen ikuspuntutik, bereziki. «Edukiz oso kontserbadorea da», dio Larreinak. «Nazio segurtasunaren kontzeptua, Espainiako Estatua bera, ikuspuntu militarista batetik dago definituta. Errepresioarekin lotura gehiago dauka demokrazia batean oinarri diren eskubide zibilekin baino», salatu du. Antzera pentsatzen du EAJkoak: «PPk lotzen du nazioaren segurtasuna estatuaren batasunarekin, eta gauza bera pentsatzen dute sozialistek, PSOEren zuzendaritzakoek».
Legearen edukietara joz, Olabarriak gogoratu du nazioa segurtasunaren kontzeptua ez dagoela aurreikusita konstituzioan; bai, ordea, segurtasun publikoa. «Baina horrek ez dauka zerikusirik lege honetan ematen zaion interpretazioarekin». «Zehaztugabea da krisi egoera, baina argi dago estatuaren batasunarekin lotzen dutela», azpimarratu du.
Era berean, legeak Espainiako gobernuburuaren esku uzten du noiz eta nola esku hartu. Olabarriarentzat, «astakeria demokratiko bat» da hori. «Parlamentuaren aurretiazko kontrolik gabe har dezake hain sakonekoa den erabaki bat. Horrek erakusten du PPk eta PSOEk gauza bera pentsatzen dutela alor honetan, eta,gaur presidente bat izan edo bihar beste bat izan, elkar babestuko dutela». «Honek guztiak ez du ezer konpontzen; are, gatazka larriagotzen du, betikotzen», azpimarratu du Larreinak.
Elkarren beharra
Ados dago horrekin Olabarria. Eta gogora ekarri du Auzitegi Konstituzionalak berak ebatzi egin duela, Kataluniako eta Espainiako instituzioen arteko harremanei buruz, subiranotasun gatazka bat dagoela, eta hori botere politikoek konpondu behar dutela, ez legeak. «Neurri hauekin zaila da, eta jarrera honekin ezinezkoa», dio EAJkoak.
Horiek hala, eta xehetasunak xehetasun, ados daude bi diputatuak: Espainiako Konstituzioaren edozein erreforma okerrerako izango da. «Egiten bada, ez da izango sakoneko arazoa konpontzeko, posizio zehatz bat indartzeko baizik», zehaztu du Olabarriak. Larreinak, Olabarriak bezala, ez du egingarri ikusten, beraz, «autodeterminazio eskubidea aitortuko duen konstituzio bat»; ez, behintzat, egungo indar korrelazioarekin. «Eta susmoa daukat alderdi berriak ere ez daudela jokaleku horretan». Eta zirrikituren bat ba ote dagoen galdetuta, biek uste dute egungo konstituzioak aukera ematen duela erabakitzeko eskubidea gauzatzeko. Euskal Herriaren kasuan, testuan jasotako eskubide historikoak garatuz. Bide horretan sakontzearen aldekoak dira.«Borondate politikoa egongo balitz konstituzio honek balioko luke», dio Larreinak. «Baina ez dago», gaineratu du Olabarriak.
EAJkoak sozialistengan jarri du begirada. Baina, halere, ez da haietaz fio. «Tranpak» egiten ari direla dio, «boto-emaileak engainatzen». «Esaten dute 1978ko konstituzioak ez duela konpondu estatuaren sakoneko arazoa, eta, era berean, estatu zurrun eta zentralizatu baten aldeko legeak babesten dituzte». Olabarriaren arabera, bozei begira ari dira sozialistak beraien proposamen federalistarekin. «Jarrera eskizofrenikoa dute, Madrilen ez dituztesinesten beste federazio batzuek, Kataluniakoek bereziki, egiten dituzten planteamenduak».
Hori ikusita, jeltzaleei jarrera argitzeko eskatu die Larreinak, eta Olabarriak erantzun dio haiek argi dituztela euren printzipioak: «Geurea ere alderdi abertzalea da, eta euskal nazioaren aitorpena eta erabakitzeko eskubidea dira gure printzipioak». Hori hala dela aitortua ere, koherentziarikeza egotzi dio Amaiurrekoak. «EAJ lehen CiUk jokatzen zuen rola ari da jokatzen gaur egun. Estatua ez da mugituko beste erremediorik ez badu. EAJ errore larriak ari da egiten. Lor dezake botere kuota gehiago, baina akats historikoa ari da egiten herri mailan».
Olabarria ez dator bat interpretazio horrekin. Dio gauza bat dela Euskal Autonomia Erkidegoko instituzioetan sozialistekin bat egitea, Larreinak kritikatu moduan, eta beste bat, «eta oso ezberdina», babestea haien estatu eredua. «Orain arte, ez dakigu ia ezer proposatu nahi dute erreforma federalari buruz. Aldez aurretik ezetz esatea ez zaigu egoki iruditzen. Baina ikusiko dugu...».
Olabarriarentzat, azken hilabeteak izan daitezke Kongresuan, hamarkada bat Madrilen eman ostean. Larreinak ere ez du argitu zer egingo duen. Ez dago haien esku. Esperientzia handiko politikariak dira biak, eta errespetu handia diote elkarri. Eskarmentuak esaten die abertzaleen arteko elkarlana ezinbestekoa izango dela datozen urteetan Madrilen, eta, bereziki, Euskal Herrian.
Espainiako estatu eredua. Azken neurriak
Lotuta, badaezpada
Amaiurrek eta EAJk uste dute PPk eta PSOEk partekatzen dutela prozesu subiranistak gelditzeko estrategia.Datorren legealdia baldintzatzeko neurriak adosten ari direla salatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu