Loturak: eskubide eta betebeharretan barrena

Ezkontza, izatezko bikotea, elkartasun itun zibila edo ezer ez. Bat edo beste aukeratu, erabaki horrek baldintzatzen ditu bikote batek etorkizunean izango dituen abantailak eta obligazioak. Egun, badira diferentziak lotura horien artean.

Bi eraztun. BERRIA
Bi eraztun. BERRIA
Olatz Silva Rodrigo - Xalbat Alzugarai Etxeberri
2024ko ekainaren 25a
05:00
Entzun

Bi pertsonaren arteko lotura ezartzen du ezkontzak, baita izatezko bikoteak ere. Are, Pacs elkartasun itun zibilak bikote zibilak izendatzen ditu. Lotura ofizialik ez egitea erabakitzen dutenek ere, lotura bat dute euren artean. Gaur egun, aukera bat edo beste aukeratzeak baldintzatu egiten ditu bikote batek etorkizunean izango dituen abantailak eta obligazioak.

Gero eta antzekoagoak diren arren, Euskal Herrian badira euren arteko diferentzia batzuk. Horiek argitze aldera, hiru aditurekin hitz egin du BERRIAk: Macarena Mugika, Irule zerbitzu juridiko eta psikosozialeko abokatua, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako egoeraren inguruan mintzatu da —zerbitzua ikuspuntu feministatik eskaintzen dute—; Angel Ibañez Olkoz, Amaiur lege-aholkularitzako letradua, berriz, Nafarroakoaz; eta Michele Mestrot, Paueko eta Aturri Aldeko Herrien Unibertsitateko irakaslea, Lapurdikoaz, Zuberoakoaz eta Nafarroa Beherekoaz. Baionako fakultatean egiten du lan Mestrotek, eta zuzenbidearen arloan, familia kontuetan da aditua. 

Kode Zibilak arautzen du ezkontza Euskal Herrian; Frantziakoak Ipar Euskal Herrian eta Espainiakoak Hego Euskal Herrian. Are, Frantziako Kode Zibilak Pacsa ere arautzen du. Mestrotek adierazi duenez, ezkontzak «estatus osoagoa bat» du, eta gehiago babesten ditu ezkontideak eta euren seme-alabak. Izatezko bikoteak, berriz, autonomia erkidego bakoitzak erregulatzen ditu Hego Euskal Herrian. Mugikaren arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan «oso diferentzia gutxi» daude ezkontzaren eta izatezko bikotearen artean. Nafarroan, 2019an onartu zuten Foruaren erreforma; lege horrek arautzen du izatezko bikotea. Ibañezek azaldu duenez, badira diferentzia batzuk bi loturen artean, «alderdi zibilarekin, fiskalarekin edota ondarearekin lotutakoak».

1

Nola egin daiteke lotura?

Nahiz eta eskubideak antzekoak izan, diferentea da ezkontzeko eta izatezko bikote egiteko prozesua. «Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, izatezko bikote egiteko, nahitaezkoa da erregistrora jotzea», zehaztu du Mugikak. Ezkontza, berriz, eliza, notario, udaletxe edo epaitegi baten bitartez egin daiteke. Nafarroan, bi aukera daude izatezko bikote egiteko. Ibañezen arabera, «aukera bat da notario baten bulegora joatea, eta bestea, izatezko bikoteen erregistroan izena ematea». Nahiz eta erregistro administratiboan izena eman, izatezko bikoteek Ogasunari ere jakinarazi behar diote, «besteak beste, errenta aitorpena batera egin ahal izateko».

Elkartasun itun zibila egitea ezkontzea baino errazagoa da, Mestrotek azaldu duenez. «Herriko udaletxean hitzarmen bat sortu besterik ez da behar». Are, hitzarmen hori «gehiago egokitu» nahi badute, akta bat egin dezakete notario baten bulegoan. 

2

Zein antzekotasun dituzte?

Ezkondu zein izatezko bikote egin, obligazio berdinak dituzte kideek Hego Euskal Herrian. Bi pertsona ezkontzen direnean, bete beharreko obligazioak irakurtzen dizkiete; hots, kode zibilaren artikulu batzuk. Eta berdin-berdin bete behar dituzte izatezko bikoteek. «Besteak beste, uste da elkarrekin biziko direla, eta bien artean erabakiko dutela zein izango den familiaren etxebizitza», azaldu du Mugikak. Horrez gain, elkar laguntzeko eta zaintzeko betebeharra dute, baita familiaren parte diren gainerakoak zaintzeko beharra ere.

Guraso baimenak ere ez dira aldatzen ezkonduta egon, izatezko bikote izan edo ezer ez egin. Argi utzi du Mugikak: «Baimenak zein obligazioak berdin-berdinak dira; biek ordaindu behar dituzte haurren gastuak, eta biak egin behar dira euren kargu». Izan ere, Ibañezek adierazi du legea saiatzen dela bi loturak «parekatzen», alderdirik «sentikorrenei» dagokienez: hala nola haurrak eta etxebizitza. «Adingabearen babesa bermatu nahi denez, obligazioak berdinak dira», azaldu du.  

Ipar Euskal Herrian, elkartasun itun zibilak bikotekide baten bizitza arautzen eta antolatzen du, Mestroten arabera. Eta ezkontideek baino betebehar gutxiago dituzte. «Ezkontideen betebeharrak dira, adibidez, errespetua, fideltasuna, laguntza eta etxeko zorretan parte hartzea. Itun zibilak, berriz, elkarbizitzarako betebeharra ezartzen badu ere, ez du bere gain hartzen, esaterako, begirunea». Halere, seme-alabekiko betebeharrak eta eskubideak berberak dira, gurasoen arteko lotura edozein delarik ere. 

3

Ondasunen banatzea ala irabazpidezko ondasuna?

Bi pertsona ezkontzen direnean, kontrakoa adierazi ezean, irabazpidezko ondasuna ezartzen zaie. Ondasunen banatzea nahi izanez gero, ezinbestekoa da notario bulego batean hala eskatzea. Izatezko bikoteetan, berriz, kontrakoa gertatzen da: ondasunen banatzea aplikatzen zaie, eta, irabazpidezko ondasuna nahi izanez gero, hala aitortu behar dute.

Zer esan nahi du, baina, irabazpidezko ondasunak? «Nomina guztiak eta ondasunak bienak direla; %50 izango da ezkontide batena, eta beste %50 bestearena», azaldu du Mugikak. Kanpo geratzen dira, berriz, ezkondu baino lehen zituzten ondasunak. «Hortik ordaindu behar dituzte elkarrekin dituzten kontu komun guztiak: elkarbizitzarekin lotutakoak, seme-alaben beharrak...». Ondasunen banatzea hautatuz gero, berriz, «jabetza partekatu bat» sortzen da. «Bakoitzak %50 jarri behar du, edo adosten dutena; agian ezkontide batek gaitasun ekonomiko handiagoa du eta %60 jar dezake».

Nafarroan ere, kontrakoa adierazi ezean, irabazpidezko ondasuna ezartzen zaie ezkontideei. «Izatezko bikoteei dagokienez, ez da ezer aurreikusten», azaldu du Ibañezek. «Hortaz, banandu nahi dutenean, zailagoa da batera dituzten ondasunak banatzea». Hori dela eta, garrantzitsutzat jo du bikoteek «moduren batean edo bestean» euren harremana arautzea, ahal dela «dokumentu publiko» batean, banaketa egonez gero, «likidazioak errazagoak» izan daitezen.

4

Nola arautzen da alarguntasun pentsioa?

Alarguntasun pentsioa diferentea da ezkontideen eta izatezko bikote direnen artean. Hego Euskal Herrian, ezkontideek hasiera-hasieratik jasoko dute alarguntasun pentsioa, beste pertsona hiltzen bada. Izatezko bikoteek, ordea, ez, Mugikak zehaztu duenez: «Pentsioa jasotzeko, seme-alabak ez badituzte, egiaztatu behar dute bost urte batera bizi izan direla, eta bi urte daramatzatela izatezko bikote izaten». Seme-alabarik izanez gero, ordea, bi urteko lotura besterik ez dute egiaztatu behar.

Ipar Euskal Herriko ezkontideetako bat hiltzen bada, alargunak aukera du haren jubilazioaren %60 inguru jasotzeko. Pacs bidez araututako bikoteek, berriz, ez dute eskubide hori. 

5

Eta oinordekotza?

Mestrotek azaldu duenez, alde txikia dago ezkontideen eta itun zibila aukeratzen dutenen artean, oinordekotzari dagokionez. Bikoteko kide bat hiltzen denean, seme-alabak edukitzeak zehazten du beste kidearen oinordekotza. Seme-alabak badituzte, bikotekideak gozamen-eskubidea eskuratuko luke, edo ondasunen laurdena; ez badituzte, aldiz, bikotekideak «dena» jasoko luke oinordekotzan. Mestrotek erantsi du loturarik ez duten bikotekideek ez dutela eskubiderik izango, testamentu bat egiten ez badute. 

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez dago diferentziarik ezkontideen eta izatezko bikoteen artean. «Alargunak eskubidea du herentziaren zati bat hil arte erabiltzeko; ondasunen erdia izaten da, edota bi heren», azaldu du Mugikak.

«Ezkontzak ahaidetasun bat sortzen du», esan du Ibañezek. Horrela, lehen mailako ahaidetasuna sortzen du, besteak beste, ezkontidearekin, aitaginarrebarekin eta amaginarrebarekin; eta, bigarren mailakoa, berriz, koinatuekin eta koinatekin. Nafarroan, izatezko bikoteek ez dute ahaidetasun hori lortzen. «Hortaz, hildakoaren ezkontideak gozamen eskubidea izango luke; izatezko bikoteetan, berriz, hori izateko ezinbestekoa da testamentu batean hori zehaztea. Ez da ezer aurreikusten». 

6

Nola apurtu daiteke lotura?

«Sinpleagoa da Pacs bat deuseztatzea, ezkontza desegitea baino», aitortu du Mestrotek. Ezkontideek lotura apurtzea erabakitzen badute, «elkarren arteko adostasunez», epaile baten esku hartzerik gabe landu dezakete dibortzioa. Halere, aukera dago bide judiziala aukeratzeko. Pacsari dagokionez, ez dago epailearengana jo beharrik. Bi kideek adosten badute, adierazpen bateratu bat igorri behar diote Erregistro Zibilari. Alde bakarreko erabakia baldin bada, beharrezkoa da beste kideari helaraztea. 

«Jende asko izatezko bikote egiten da, hori deuseztatzea errazagoa baita», erantsi du Mugikak. Izan ere, izatezko bikote batek lotura hautsi nahi badu, nahikoa du erregistrora joan eta hura deuseztatzea. Are, pertsona bakarra joan daiteke. «Besteari abisua ematen diote, baina ez bada sinatzera joaten, berdin-berdin deuseztatzen dute». 

Izatezko bikoteak haurrak baditu, nahiz eta erregistroan lotura deuseztatu, hitzarmen erregulatzaile bat egin behar dute epaitegian. «Adostu behar dute nork eramango dituen seme-alabak eskolara, nork hartuko duen otorduen ardura», adierazi du Ibañezek.

Ezkontza bat apurtzeko, baina, bi aukera daude. Haurrik izanez gero, epaitegira jo behar du bikotekideak. Hark onartuko du dibortzioa, eta, adostasun bat egonez gero, hitzarmen erregulatzailea onartuko du. Adin txikiko haurrik egon ezean, berriz, nahikoa da notario bulegoan dibortzioa egitea; ezinbestekoa da abokatu baten presentzia.

7

Eta bikote batek ez badu ezer egin nahi?

Bikote batzuek erabakitzen dute ezer ez egitea. «Erabaki politiko bat da», nabarmendu du Mugikak. Halere, horrek «babesgabe» uzten ditu bikoteak legearen aurrean. Nahiz eta ez ezkondu edo izatezko bikote ez egin, aukera dago «kontratu moduko bat» egiteko: «Aukera dago ondasunak nola banatuko dituzten zehazteko, eta nola moldatuko diren ekonomikoki». Notario baten bulegoan jaso daiteke hori.

Mugikaren ustez, eskritura egitea garrantzitsua da: «Bertan jaso dezakete etxearen jabea ez denak hipotekaren zati bat ordainduko diola besteari eta, harremana amaituz gero, besteak dirua itzuliko diola». Izan ere, Mugikak gogoratu du bikotekide batek jabetza bat eskuratuko duela eta besteak, ordea, ezer ez. Hori dela eta, banatzeko orduan, eskubidea izango luke bere zatia erreklamatzeko. Ez da derrigorrezkoa notario bulegoan jasota egotea erreklamazioa egiteko, baina auzia errazten du.

Ibañezen arabera, bikote batek ez baldin badu inongo loturarik ezartzen eta ez badu eskriturarik sortzen, «ez du eskubiderik izango konpentsazio ekonomikoa eskatzeko». Haren esanetan, izena emateak «izaera eratzailea» du, eta, horregatik, izena ematean aplikatzen dira arauak. 

Frantziako Kode Zibilak artikulu bakarrean aipatzen ditu ezkonduta ez dauden eta beste loturarik ez duten bikotekideak. Izan ere, horien definizioa besterik ez du jasotzen. Hortaz, ez dute beste bi loturek dituzten eskubideak eta betebeharrak.

8

Nor geratzen da babesgabe?

Bikote heterosexualetan, ezer ez egitearen erabaki horrek «babesgabe» uzten ditu maiz emakumeak. «Askotan, gizona izaten da etxearen jabea eta emakumeak gainerako gastuak ordaintzen ditu: ura, elektrizitatea... Banatzean, gizonak du etxearen jabetza, eta emakumeak ezer ez», esan du Mugikak. Aberaste bidegabea argudia badaiteke ere, ez da erraza. Besteak beste, kontu korronteko mugimenduak aurkeztu behar dituzte, eta frogatu hipotekaren «baliokidea» ordaindu dutela.

Eta ez hori bakarrik: askotan, emakumeak, lan ordainduari uko egiten dio, etxeko eta zaintza lanak egiteko. Hego Euskal Herrian, ezkonduta edo izatezko bikote izanez gero, banatuz gero, emakumeak aukera du etxean geratu den urte horiengatik «pentsio konpentsatzailea» jasotzeko. Ez badute inolako loturarik, berriz, ez dute eskubiderik hori eskatzeko. «Gainera, emakumeak ez du zortzi orduko lanaldia: asteko zazpi egunetan, 24 ordu egunero egiten du lan, ezer kotizatu gabe».

Lotura bat edo bestea aukeratu, argi utzi du abokatuak: «Aurretik hitz egin behar da guztia». Arraroa izan daiteke bikote harremanaren hasieran «banaketaz» hitz egitea, baina hori da onena. «Ezin da itxaron harremana gaizki egon arte; momentu horretan zailagoa da bikoteak adostasun bat iristea. Aurretik adostuko balitz dena, gatazka gutxiago egongo lirateke».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.