Lotuneen korapiloa

Espainiako Gobernuak gaur esango du nondik lotuko dituen 'Euskal Y'-a eta Nafarroako AHTa. BERRIAk lortutako azterketa baten arabera, nagusiki bost aukera ikertu dituzte, eta bi norabide: Iruñetik Gasteizerantz edo Ezkiorantz.

Lotuneen korapiloa.
Garikoitz Goikoetxea.
2018ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Obretan ari dira han eta hemen, baina lotuneen gaia hutsune handia da oraindik. AHT abiadura handiko trenaren bideak nola lotuko dituzten, hasi da egoera zehazten pixkanaka. Orain bi aste eman zuten Burgos-Gasteiz arteko proiektuaren berri, eta gaur iragartzekoa dute nondik lotuko dituzten Euskal Y-a eta Nafarroako bidea. Bi norabide dituzte aukeran: Gipuzkoa alderantz jo, Ezkiora, edo Arabara, Gasteizera. Bost proposamen jarri zituen mahai gainean Eusko Jaurlaritzak, Sener ingeniaritza etxeak egindako ikerketa batean oinarrituta. Dokumentu hori eskuratu du BERRIAk. Bost proposamenetan bi aukera eskaini dituzte ingeniariek: egungo trenbidea baliatzea edo berria eraikitzea. Dirutan alde handia dago batera edo bestera jo.

Euskal Herrian izango da gaur Iñigo de la Serna, Espainiako Sustapen ministroa. Goizean Iruñean du agerraldia egitekoa, Nafarroaren eta Euskal Y-aren arteko lotunea nondik joango den azaltzeko; arratsaldean Gasteizen izango da, eta hizpide izango du Gasteiz eta Burgos arteko lotura ere. Ez da AHTaren Arabako proiektu bakarra: Logroño-Miranda Ebro arteko bidea Arabako lurretatik igarotzekoa da, Arabako Errioxatik, eta kezka sortu da mahastietatik pasatuko delako. Erakunde batzuk ere aurka agertuak dira jada, kaltea ekarriko duela argudiatuta.

Nafarroaren eta Euskal Y-aren arteko loturari dagokionez, uztailean bilera bat egin zuten Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Orduan adostu zuten «aukera bideragarrienak» ikertzea: Iruñea-Gasteiz eta Iruñea-Ezkio. «Ikuspegi teknikoa eta ingurumenarena» aipatu zituzten bideragarritasunarekin lotuta, eta baldintza gisa jarri zuten «Europako estandarrak» betetzea lotura horrek. «Plataforma berriak» aipatu zituzten, alegia, trenbide berriak. Eta bakoitzaren «abantailak eta eragozpenak» zein diren ikertzea.

Gasteiz alderako bideak

Espainiako Sustapen Ministerioaren gain egon da azterketa hori, eta gaur emango ditu ondorioak. Bada, hala ere, aurretiazko agiri bat, ministerioaren ikerketaren nondik norakoak aurreratzen dituena. Iazko otsailean egin zuen Sener ingeniaritza enpresak, eta Euskotrenen zigilua darama. Nafarroako linearen loturak aztertu dituzte txostenean: Zaragozarakoa, Logroño eta Miranda Ebrorakoa, eta Euskal Y-rakoa. Batez ere azken horri buruzkoa da lana.

Adituek bost aukera taxutu dituzte, ibilbide eta gastu desberdinekoak. Guztiek, hala ere, oinarri bera dute abiapuntutzat: Iruñean orain dagoen «kiribila» kentzea, eta Irurtzuneraino «saihesbide» bat eraikitzea, hamabost bat kilometrokoa. Bi errai edukiko lituzke Irurtzunerako bideak, eta 160 milioi euro inguruko kostua luke.

Lehen bi aukeretan proposatu dute Iruñetik Gasteizera egitea lotura, Sakanatik barrena. Trenbidea badago orain ere tarte horretan. Bi aukera daude. Bat, oraingo trenbidea baliatzea: Iruñea eta Altsasu artean bidea bikoiztea, edo, bikoiztuta dagoen lekuetan, hirugarren erraila jartzea; Altsasu eta Gasteiz artean, jada bikoiztua dagoenez, hirugarren erraila jartzea. Beste aukera da trenbide berri bat eraikitzea; gaur egungo trenbidearen parean egingo lukete berria.

Badago aldea, badagoenez. Batetik, gastua: oraingo bidea baliatzekotan, 773 milioikoa litzateke gastua; berria egitekotan, 998 milioikoa. Bestetik, ingurumen eragina: jada eraikia dagoen eremua erabiltzeak eragin txikiagoa luke, txostenean adierazi dutenez. Azpiegitura berriaren aldeko argudioak ere badituzte, baina: gaitasun handiagoa luke, eta oraingo trenbideari ez lioke eragingo. Bidaia denborei dagokienez, bide berriak bost minutuko aurrezkia ekarriko luke Iruñetik Donostiara, Bilbora edo Gasteizera joateko.

Ezkio aldera

Beste aukera bat da Ezkio aldera egitea. Proiekturik garestiena da: 1.597 milioi euro. Abantailei dagokienez, txostenean jaso dute denborak laburtzea ekarriko lukeela aukera horrek, eta gaitasun handiko trenbide berri bat izatea. Gastua jo dute trabatzat, eta ingurumen eragina —Aralar ingurutik pasatuko litzateke—. Gogoan izatekoa da Eusko Jaurlaritzak Ezkio jo izan duela egokitzat. De la Serna ministroak, hala ere, esana du «ingurumen eragina» faktore erabakigarria izango dela, eta Ezkiorako bidea pasatuko litzakeen eremua «balio handikoa» dela.

Sener etxearen txostenean badira beste bi aukera ere, tarteko proposamen gisa har daitezkeenak: oraingo bidea baliatzea, baina Ezkiorako lotura ere eginez. Bi aukera proposatu dituzte. Batetik, Iruñea-Ezkio bidea. Hiru zati: lehenik, Iruñea-Altsasu artean, egungo trenbidea bikoiztu, edo hirugarren erraila jarriko lukete; bigarrenik, Altsasu-Zumarraga tartean hirugarren erraila jarri; eta hirugarrenik, Zumarragatik Ezkiora saihesbide bat eraiki, errail batekoa, trenak AHT bidera iristeko. 950 milioiko kostua luke.

Beste proposamena obra handiagoa da: Ezkiorako bidearekin batera, Gasteiz alderakoa ere egitea. Alegia, Iruñea-Altsasu zatia berdin egin —trenbidea bikoiztu edo hirugarren erraila jarri—, eta, behin Altsasun, bi norabide hartu: bat, Gasteizera, oraingo trenbidea baliatuz, hirugarren errailarekin; bestea, Ezkiora, aurreko proposamenean bezala. 1.086 milioi euroko gastua edukiko luke bi norabideetarako proposamen horrek.

Oraingo trenbidearekin Ezkiorako eta Gasteizerako loturak egiteari buruz, txostenak dio proposamen onuragarriagoa dela ingurumen eta diru aldetik. Eragozpenetan, ohartarazi du eraikuntza egin artean arazoak sor litezkeela egungo tren zerbitzuan, linea kudeatzeko zailagoa litzatekeela—tren ohikoak eta abiadura handikoak lituzke—, eta Zumarraga-Ezkio zatia, errail bakarrekoa denez, «botila lepoa» izan litekeela.

Ministerioak aztergai izan ditu bi norabideak, Gasteizerakoa eta Ezkiorakoa, eta «plataforma berria» egitea aipatu du. Nolanahi ere, Sener etxeak dio orain dagoen trenbidea baliatzeak ez duela «hipotekatzen» aurrerago, «gaitasuna areagotu beharra sortuko balitz», beste trenbide bat eraikitzea. Irurtzun arteko bidea kasu guztietan egin beharrekotzat jo du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.