Mikel Alvarez. Ekintzailea

«Lotuneak behar dira, ez obra handiak»

Larunbat honetarako manifestaziora deitu du Satorralaia taldeak Donostiako tren saihesbidearen aurka. Besteak beste, parte hartze prozesurik ez egin izana egozten diote Eusko Jaurlaritzari.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Samara Velte.
Donostia
2017ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Astero, protesta eta informazio gunea jartzen du Satorralaiak San Martin azokaren ondoan, Donostiako Topoak geltoki berria izango duen lekutik gertu. Iaz, 9.000 sinadura bildu zituen taldeak kalean, baina Eusko Jaurlaritzan jaramonik egin ez dietelako kexu da Mikel Alvarez (Paris, 1962). Hala ere, protestari eusten diote: gaur arratsaldean elkarretaratzea egingo dute Gipuzkoako Merkataritza Ganberaren aurrean, eta larunbatean, manifestazioa Antiguatik Bulebarreraino.

Zeintzuk dira metroaren aurkako argudio nagusiak?

Ez da beharrezkoa Donostian; jendeak ez du denbora asko behar erdigunera iristeko. Donostiako Sustapenak egindako inkesta baten arabera, herritarrek 10etik 3,9ko puntuazioa ematen diote. Donostiarrek ez dute beharrezko ikusten metroa, batez ere garraio publikoari kalte egingo diolako. Euren eskari azterketak dio bidaiariak batez ere Lurraldebusetik eta Dbusetik bereganatuko dituela; elkarren osagarritasuna bilatu beharrean, lehian jarriko dituzte. Dbusek %21 galduko lukeela kalkulatzen da; eta Lurraldebusek, %29. Hainbat linea kendu behar dituzte, eta besteetan, maiztasunak murriztu. Metroak iristeko modu azkarra ematen du, baina oso puntu zehatzetan. Autobusak, Benta Berrin, adibidez, bederatzi geldialdi egiten ditu. Horrek batez ere adinekoei egingo die kalte, gehiago erabiltzen dutelako autobusa.

Metroa langileentzat pentsatuta dago?

Euskotren sareak, tradizionalki, ekialdetik mendebaldera lotzen zituen periferiako zenbait auzo eta herri. Orain, obra erraldoia egingo dute erdigunera eramateko; batzuek aipatzen dute turistifikazioarekin zerikusia ez ote duen, hirian bultzatzen ari diren negozio eta espekulazio ereduarekin bat datorrela. Bertakoentzat, behintzat, ez da.

Egia da, dena den, geroz eta donostiar gehiago ari dela periferiako auzoetara joaten.

Hiriaren antolaketa da kontua hor. Ander Gortazar arkitektoaren arabera, Donostian desorekak handitzen ari dira: jende gehiena ekialdean bizi da, baina poligono eta lanpostu gehienak mendebaldean —Zubietan, Belartzan, Miramonen...— daude. Horrek garraio beharrak areagotzen ditu, bereziki automobilarena. Eta, hain zuzen ere, metroak ez die ematen zerbitzurik gune horiei. Donostiak sare publiko ona du jada: egin behar litzatekeena da Topoaren eta autobusaren arteko lotune batzuk sortu, obra handirik egin gabe.

Metroa edo Topoa?

Dimentsioak metroarenak dira erabat. 34 metroko sakoneran, planteatzen dituzten frekuentziekin... metro bat da. Izena joan den maiatzean aldatu zuten, baina EAJren agirietan metroaz hitz egiten da. Zergatik aldatu duten? Badakitelako metroaren kontzeptuak kuestionamendua eragiten duela. Topoa herrikoiagoa da, eta horrela, nahasmena elikatzen dute gizartean.

Trenbidea lur azpira pasatuko duten guneetan ez dute errepiderik egingo. Horrek ez al dio berez hiriari kalitatea ematen?

Espazioak liberatuko dituztela esaten dute, baina Amarako geltokiko errail hondartza delakoa bakarrik da; 21.000 metro koadro. Lur horien jabea ETS da; udalarekin adostu dute hark birkalifikatu egingo dituela, gero urbanizagarri bihurtzeko. Saihesbidearentzako diru iturri bihurtu nahi dute; beraz, eraikitzea izango da helburua. Gero, kostu ekonomikoa dago: 180 milioi euro dira hasieran, baina obrak dauzkan zailtasunekin, gora egingo du. Eta, gero, hiriari egindako erasoa dago: asko jaitsi behar dute. Hondar gainean egonkortutako eraikin zahar asko desegonkortzearen beldur da jendea; gainera, ibilbidea aldatu dutenez, 300 metroko zatia hondartza azpitik doa. Ez dugu katastrofistak izan nahi, baina arazoak emango ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.